Xabier Mendiguren gonbidatuko dute platora 2011-04-23

Mendexa, Tolosa eta Osinaldeko bertsoak emango ditu Hitzetik Hortzerak

Bestalde, maiatzaren 1ean saio berezia egingo dute. Aurten 25 urte beteko dira 1986ko Bertsolari Txapelketatik, eta hango protagonistak elkarrizketatuko dituzte saio berezian.
 Aste honetan ere Hitzetik Hortzera programa ikusi ahal izango da ETB1en. Igandean izango da, iluntzeko 21uetan. Aste honetan ere edukiz bete-betea iritsiko da.

 Joan zen astean jokatu zen Osinalde sariko finala Gabiriko Osinalde elkartean. Urtero bezala, giro ederra izan zen, eta 160 bat lagun elkartu ziren saioa jarraitzeko. Honako bertsolari hauek kantatu zuten bertan:

 Ane Labaka
 Endika Igartzabal
 Odei Barroso
 Arrate Illaro
 Adur Gorostidi
 Nekane Zinkunegi

 Ane Labakak jantzi zuen txapela azkenean. Endika Igartzabalek jaso zuen entzulearen saria, eta Odei Barrosok bertsorik onenarena.

 Osinalde sariak protagonismo berezia izango du aste honetako programan, platoko gonbidatua ere horri lotuta baitago. Xabier Mendiguren gonbidatu dute igande honetarako. Urtero-urtero agertzen da Gabiriko zitara, eta finalaz hitz egingo du. Gainera, Bertso-Dinner-era joateko lehiaketaren irabazlearen izena ere berak aterako du zakutik. Bideo ugari jaso dituzte oraingoan, eta aste honetan jakingo da zein den irabazlea, zozketaz. Horrez gain, Joxan Ormazabal zenari Tolosan egindako omenaldiko irudiak ere eramango ditu Hitzetik Hortzeran erakusteko.

 Beste saiorik ere izango da aste honetako programan. Mendexako jaialdiak fama handia dauka. 20 urte bete dira aurten Sebastian Lizasok eta Andoni Egañak bertan lehenengoz kantatu zutenetik. Beraien ibilbidearen errepasoa egin zuten saioan, Josu Goikoetxeak hala eskatuta. Arkaitz Estiballes, Miren Amuriza, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio publikoan eserita aritu ziren bi "beteranoei" puntuak jartzen.

 Andoni Egañaren beste saio bat ere eskainiko dute aste honetan. Tolosako Zerkausi azokan aritu zen kantuan Anjel Mari Peñagarikanoren konpainian, "Ahoz hari eta ari" ekimenaren baitan. Saltzaileei eta erosleei zirika aritu ziren bi bertsolariak.

 Ohiko atalak ere izango ditu aste honetako programak. Zuri-beltzekoan Basarri agertuko da, On Manuel Lekuonari kantari, 1979ko abenduan Donostian egindako saio batean. Eta Zappingean 1991n Goiurin egindako saio bateko une onenak eskainiko dituzte. Joxe Lizaso eta Joxe Agirre beraien adiskidetasunari kantuan aritu ziren orduko hartan.

 Maiatzaren 1ean saio berezia egingo dute

 Aurten 25 urte beteko dira 1986ko finala jokatu zenetik. Honako bertsolari hauek aritu ziren bertan kantuan:

 Sebastian Lizaso
 Jon Lopategi
 Xabier Amuriza
 Jon Enbeita
 Iñaki Murua
 Andoni Egaña
 Jon Sarasua
 Anjel Mari Peñagarikano

 Sebastian Lizasok jantzi zuen txapela, On Manuel Lekuonaren eskuetatik. Bertsolari belaunaldi batek hartu zuen erreleboa orduko hartan. Muruak 29 urte zituen, Lizasok eta Peñagarikanok 28, Egañak 24 eta Sarasuak 19. Gainerakoak eskarmentu handiagoko bertsolariak ziren ordurako.

 Urteurrenaren aitzakian, Hitzetik Hortzerak zortzi finalistak elkartu ditu belodromoan, finala egin zen lekuan, alegia.

 Txapelketa hura mugarria izan zen bertsolaritzaren historian. Orduan erabaki zuten bertsolariek Euskaltzaindiak ezarritako arauei ukjo egin eta Txapelketa Nagusia antolatzeko ardura euren gain hartzea, bertsozale batzuen laguntzarekin. Bertsolari Elkartea sortu zuten, gerora Bertsozale Elkartea bilakatuko zena. Guztira 91 bertsolarik hartu zuten parte herrialdeetako txapelketa eta kanporaketetan. Txapelketa Nagusian 40 bertsolari aritu ziren lehian.
 
 Gainera, lehenengo aldiz emakume batek hartu zuen parte txapelketan: Kristina Mardarasek. Belodromoan final bat egiten zen lehenengo aldia izan zen, eta sekulako arrakasta eduki zuen. 2005era arte hura izan zen Txapelketa Nagusien finalen kokalekua.

 Epaileek puntuak bertsozaleen bistara eman zituzten, eta telebistak lehenengoz eman zuen zuzenean bertso-saio bat.

 Maiatzaren 1eko programan finaleko bertsoaldi onenak eskainiko dituzte. Protagonisten oroitzapen eta hausnarketekin osatuko dituzte saioak. Gainera, artxibotik bestelako grabazio ugari ere erreskatatuko dituzte. Azkenik, txapelketa hari buruzko iritzi ugari bildu dituzte: Imanol Lazkanorena, Laxaro Azkunerena, Kristina Mardarasena, Juanjo Uriarena, Fermin Muguruzarena eta Pello Ayestarena hain zuzen ere.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri