Maiatzaren 1ean programa berezia egingo dute 2011-04-26

1986ko txapelketara begira jarriko da Hitzetik Hortzera

Sebastian Lizaso, Jon Lopategi, Xabier Amuriza, Jon Enbeita, Iñaki Murua, Andoni Egaña, Jon Sarasua eta Anjel Mari Peñagarikano Belodromoan elkartu dituzte berriro.
 Aurten 25 urte beteko dira 1986ko finala jokatu zenetik. Honako bertsolari hauek aritu ziren bertan kantuan:

 Sebastian Lizaso
 Jon Lopategi
 Xabier Amuriza
 Jon Enbeita
 Iñaki Murua
 Andoni Egaña
 Jon Sarasua
 Anjel Mari Peñagarikano

 Sebastian Lizasok jantzi zuen txapela, On Manuel Lekuonaren eskuetatik. Bertsolari belaunaldi batek hartu zuen erreleboa orduko hartan. Muruak 29 urte zituen, Lizasok eta Peñagarikanok 28, Egañak 24 eta Sarasuak 19. Gainerakoak eskarmentu handiagoko bertsolariak ziren ordurako.

 Urteurrenaren aitzakian, Hitzetik Hortzerak zortzi finalistak elkartu ditu belodromoan, finala egin zen lekuan, alegia.

 Txapelketa hura mugarria izan zen bertsolaritzaren historian. Orduan erabaki zuten bertsolariek Euskaltzaindiak ezarritako arauei ukjo egin eta Txapelketa Nagusia antolatzeko ardura euren gain hartzea, bertsozale batzuen laguntzarekin. Bertsolari Elkartea sortu zuten, gerora Bertsozale Elkartea bilakatuko zena. Guztira 91 bertsolarik hartu zuten parte herrialdeetako txapelketa eta kanporaketetan. Txapelketa Nagusian 40 bertsolari aritu ziren lehian.
 
 Gainera, lehenengo aldiz emakume batek hartu zuen parte txapelketan: Kristina Mardarasek. Belodromoan final bat egiten zen lehenengo aldia izan zen, eta sekulako arrakasta eduki zuen. 2005era arte hura izan zen Txapelketa Nagusien finalen kokalekua.

 Epaileek puntuak bertsozaleen bistara eman zituzten, eta telebistak lehenengoz eman zuen zuzenean bertso-saio bat.

 Maiatzaren 1eko programan finaleko bertsoaldi onenak eskainiko dituzte. Protagonisten oroitzapen eta hausnarketekin osatuko dituzte saioak. Gainera, artxibotik bestelako grabazio ugari ere erreskatatuko dituzte. Azkenik, txapelketa hari buruzko iritzi ugari bildu dituzte: Imanol Lazkanorena, Laxaro Azkunerena, Kristina Mardarasena, Juanjo Uriarena, Fermin Muguruzarena eta Pello Ayestarena hain zuzen ere.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri