"Inoizko txapelketarik handiena izango da aurtengoa"
76 bertsolari, 15 gai-jartzaile eta beste 15 epailek hartuko dute parte aurtengo txapelketan. Maiatzaren 8an hasiko da Orion eta abenduaren 18an bukatuko da, Donostiako Illunbe zezen-plazan. Udaberriko saioetarako sarrerak interneten salgai daude dagoeneko.
Igandean hasiko da 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Orion. Guztira 76 bertsolari ariko dira lehian 8 hilabete iraungo duen txapelketan. Atzo egin zuten aurkezpena Orion bertan, eta han izan ziren Saroi Jauregi (Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria), Oroitz Azurmendi (Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako koordinatzailea) eta Unai Manterola (Orioko Errikotxia bertso-eskolako kidea). Oroitz Azurmendik azaldu zuenez "inoizko txapelketarik handiena" izango da aurtengoa. Hala, gogoeta "sakon" baten ondoren txapelketa udaberrian hastea erabaki dute. 76 bertsolarietatik 60 hasiko dira lehenengo fase honetan, horietatik 23 sekula txapelketan aritu gabeak. Goizez eta arratsaldez egingo dira saioak, eta bertsolari bakoitzak bi saio izango ditu, bata goizez eta bestea arratsaldez, epaile-talde ezberdinekin. Honako hau izango da maiatzeko egutegia:
MAIATZAREN 8a, IGANDEA Orioko Herri ikastolan, 17:30etan Ibai Esoain Mikel Olaizola Nekane Zinkunegi Antton Fernandez Mikel Artola Gorka Azkarate Aurkezlea: Jon Zaldua
MAIATZAREN 14a, LARUNBATA Mutrikuko Zabiel kultur etxean, 11:30etan Oihana Iguaran Jokin Uranga Egoitz Eizagirre Mikel Arrillaga Joseba Andoni Agirre Gorka Maiz Aurkezlea: Iban Narbaiza
MAIATZAREN 29a, IGANDEA Gabiriko Saloian, 11:30etan Nekane Zinkunegi Joseba Barandiaran Manex Mujika Ainhoa Mujika Aitor Urbieta Haritz Casabal Aurkezlea: Mikel Aiertza
MAIATZAREN 29a, IGANDEA Gabiriko Saloian, 17:30etan Arnaitz Lasarte Imanol Lizarazu Iosu Igartua Maialen Velarde Manu Goiogana Ander Lizarralde Aurkezlea: Mikel Aiertza
MAIATZAREN 29a, IGANDEA Aretxabaletako Arkupe kultur etxean, 11:30etan Nerea Elustondo Beñat Lizaso Nahikari Gabilondo Felix Zubia Xabi Astigarraga Odei Lopez Aurkezlea: Irati Agirreazaldegi
MAIATZAREN 29a, IGANDEA Aretxabaletako Arkupe kultur etxean, 17:30etan Mikel Arrillaga Joseba Andoni Agirre Gorka Maiz Jokin Labayen Urko Egaña Iker Osa Aurkezlea: Irati Agirreazaldegi
Goiz eta arratsaldeko saioen artean bazkariak antolatuko dituzte. Saioetarako sarrerak salgai daude jada interneten.
Udaberriko fase honetan bertso-eskolek paper berezia izango dutela nabarmendu zuten atzoko prentsaurrekoan. Hala, antolaketa lanetan saioa jokatuko den herriko bertso-eskolako kideak ariko dira. Orioko kasuan, Errikotxia bertso-eskola ariko da lanean, eta bertako ordezkari moduan joan zen prentsaurrekora Unai Manterola. Azaldu duenez "ohore bat" da beraientzat txapelketa herrian hastea. "Txapelketaren irudia bertsolariak izango badira ere, bertso-eskolen eta bertsozaleen txapelketa izango da aurtengoa" nabarmendu zuen. Gainera, bertso-eskoletan bertsolaritzaz gain bestelako balore asko transmititzen direla azaldu zuen.
Udaberriko fase honen ondoren etenaldia egingo du txapelketak udan, eta irailean itzuliko da, final-zortzirenekin. Han, lehenengo fasetik sailkatutako 32 bertsolariei beste 10 batuko zaizkie, orain dela 4 urte finalerdietan aritutakoak hain zuzen ere. Hala, zazpi saio jokatuko dituzte fase honetan:
IRAILAREN 18a, IGANDEA Azkotiko Baztartxo antzokian Xabier Sukia Arkaitz Oiartzabal "Xamoa"
IRAILAREN 24a, LARUNBATA Eibarko Coliseo antzokian Iñaki Gurrutxaga
IRAILAREN 25a, IGANDEA Lazkaoko Areria kulturgunean Unai Muñoa
URRIAREN 1a, LARUNBATA Lasarteko Manuel Lekuona kultur etxean Joxe Munduate
URRIAREN 8a, LARUNBATA Elgoibarko herriko antzokian Uxue Alberdi Ainhoa Agirreazaldegi
URRIAREN 9a, IGANDEA Irungo Amaia antzokian Iñaki Zelaia
Fase honetatik beste 24 bertsolari pasako dira final-laurdenetara. Han orain dela lau urteko finalisten artean izena eman duten seiak sartuko dira lehian. Honako saio hauek jokatuko dira bertan:
URRIAREN 22a, LARUNBATA Oñatiko Zubikoa kiroldegian Jexux Mari Irazu
URRIAREN 23a, IGANDEA Villabonako Olaederra kiroldegian Unai Agirre Beñat Gaztelumendi
URRIAREN 29a, LARUNBATA Hondarribiko Hondartza kiroldegian Aitor Sarriegi
URRIAREN 30a, IGANDEA Idiazabalgo Igaondo pilotalekuan Jon Martin
AZAROAREN 6a, IGANDEA Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan Iker Zubeldia
Ondoren, finalerdiak egingo dira 18 bertsolarirekin. Honako hauek izango dira kokalekuak:
AZAROAREN 20a, IGANDEA Arrasateko Uarkape pilotalekuan
AZAROAREN 27a, IGANDEA Tolosako Usabal kiroldegian
ABENDUAREN 4a, IGANDEA Hernaniko Galarreta pilotalekuan
Azkenik, abenduaren 18an egingo da finala, Donostiako Illunben.
G-Puntua topagune
Guztira 106 parte-hartzaile izango ditu aurtengo txapelketak: 76 bertsolari, 15 epaile eta 15 gai-jartzaile. Atzoko prentsaurrekoan nabarmendu zutenez, Gipuzkoan bertsolaritza "sendotu eta indartu" denaren seinale da hori. Saroi Jauregik azaldu zuen "hezkuntza arautuko proiektuak elikatzen duela bertsolaritza". Guztira 8700 ikasle baino gehiagorengana iristen dira, 9 bailaratako 49 herritako 110 ikastetxetan. Gainera, Gipuzkoako bertso-eskoletan 880 ikasle dabiltza gaur egun. Horietatik gehienak haurrak dira.
Oroitz Azurmendik azaldu zuen aurten ere G-Puntua leloari eutsiko diola txapelketak. Batetik, orain dela 4 urte ere oihartzun zabala izan zuelako. Eta, bestetik, "Gipuzkoako bertsolaritzaren ikurrak izena eta irudia" behar dituelako. Txapelketa Gipuzkoako bertsolaritzaren isla izatea nahiko lukete. Oroitz Azurmendik azaldu zuenez, txapelketa denek ilusioa sortzen badute ere aurtengoak "ilusio berezi bat" eragin die antzolatzaileei. Bertsozaleek eta bertso-eskolek txapelketan parte hartzea nahi dute. Horretarako, txapelketak oihartzun mediatiko progresiboa izango du, bai edukietan eta bai inpaktuetan. Horren bidez Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen proiektua indartu eta gizarteratu nahiko lukete.
Denaren gainetik txapelketak "topagune" izan nahiko luke. Horri lotuta dago bertso-eskolen partehartzea. "Sare bat" osatu nahiko lukete. Horretarako, hainbat bide jarraituko dituzte. Batetik, sare sozialetan presentzia nabarmena izango du aurtengo txapelketak, bai facebooken, bai twitter-en eta baita berriketan.info-n ere. Web orria ere izango du, "ahalik eta dinamikoena". Eta, bukatzeko, ekimen berezi bat ere prestatu dute, aurtengo sintoniari lotuta. Elkano Browning Cream taldeak egin du aurtengo sintonia. Udaberriko saioetan letrarik gabea izango da. Dena den, bertso-eskolen artean lehiaketa bat jarri dute abian sintoniari letra jartzeko. Irabazten duen bertso-eskolak jarritako letra izango du sintoniak udazkeneko fasean.