Jone Uria, Gregorio Larrañaga "Mañukorta", Sustrai Colina eta Unai Iturriaga aritu ziren kantuan, Maite Berriozabal gai-jartzaile zela. Abadiñoko bertso-eskolako ikasleek kantatu zituzten hasierako agurrak.
Urtero bezala, Abadiñon, Matienako jaien barruan bertso-saioa egin zuten Errota kultur etxean. Aretoa ia goraino bete zen honako bertsolari hauen lana jarraitzeko:
Maite Berriozabal aritu zen gai-jartzen, eta hasieratik nabarmendu zen jaietako bertso-saioa zela. Izan ere, saio osoan zehar umorea izan zen nagusi. Hala, hasiera aldean Unaik eta Mañukortak egindako ofizioa adibide egokia izan daiteke. Aste Santuko oporretan kanpora joan da Unai, Mañukorta igeltseroa etxean lanean utzita. Itzuli denean hutsik aurkitu du etxea, eta geratzen den altzari bakarrean, sofan, eserita aurkitu du Mañukorta. Algaran jarri zuten entzulegoa.
Jone Uriak ere bertsozaleen barreak eragin zituen atzekoei kantatu zienean. Ingalaterran printzesa bera daukate, eta Euskal Herriko printzesa paperean jarri zuen Maite Berriozabalek, atzekoen artean senargai bila. Denei aurkitu zien zerbait ezegokia, ordea.
Jone bera umorez aritu zen berriro, Mañukorta ondoan hartuta. Urtero azoka egiten dute Matienan. Iaz intxaur batzuk saldu zizkion Jonek Mañukortari, baina, umelak zeudenez, aurten hor etorri da Mañukorta bera, iaz erositako intxaurrak itzultzera.
Bestelako gairik ere izan zuten ordea. Azken aste hauetan asko hitz egin da Bilduk hauteskundeetan parte hartzeko izan zezakeen debekuaz. Azkenean Espainiako Epaitegi Konstituzionalak alderdia legeztatzea erabaki ondoren, ordea, maiatzaren 22an bere bozak hauteslekuetan izango dira. Jone eta Sustrai Bilduren jarraitzaileak dira, baina Sustraik Jone ez du guztiz gustura ikusten. Sakon aritu ziren biak bertsotan.
Jonek eta Unaik ere saio ona egin zuten. Azken hilabetean egunero larrosa sorta bat aurkitu du Unaik bere etxeko atarian, baina ez daki norenak diren. Gaur Jone harrapatu du larrosak uzten. Saio erromantiko eta gozoa egin zuten bi bertsolariek.
Saioa puntuka bukatu zuten bertsolariek, entzuleen gozamenerako. Aipagarria da hasierako agurrak Abadiñoko Gogaikarri bertso-eskolako bi gaztek kantatu zituztela, eta entzuleek txaloz eskertu zuten hauen ahalegina.