Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari tarte berezia eskainiko diote. Zuri-beltzekoan Basarri izango da protagonista. Zappingean Orioko balearen bertsoak emango dituzte.
Aste honetan ere Hitzetik Hortzera programa ikusgai izango da ETB1ean, igandez, iluntzeko 21etan. Aste honetan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak tarte berezia izango du. Joan zen astean hasi zen, Orion, Eta Ihintza Irizarek hango bertsorik onenak ekarriko ditu.
Gonbidatu nagusia ere Oriotik iritsiko da. Unai Manterola da herriko apaiza eta, aldi berean, Orioko Errikotxia bertso-eskolako kidea ere bada. Herriko bertso-kontuen berri emango du. Zappingean ere Orio izango da protagonista, Orioko Balearen bertsoak eskainiko baitituzte. Kontua da egunotan bete direla 110 urte oriotarrek balea hura harrapatu zutenetik.
Dena den, beste saiorik ere izango da ikusgai Hitzetik Hortzeran. Altzako bertso-astea egin zen orain dela aste batzuk. Tartean "Erregea eta Bufoia banketean" ekitaldia egin zuten. Unai Elizasu aritu zen gai-jartzen, Jexux Mari Irazu bertsotan eta Ander Lipus aktore lanetan. Giro ederrean egin zuten saioa.
Matienako bertso-saiotik ere bertsoaldi bat aukeratu dute, Jone Uriak eta Gregorio Larrañaga "Mañukortak" egindakoa hain zuzen ere.
Azkenik, Gasteizen egindako bertso-tramako pasarte onenak ere erakutsiko dituzte. Josu Goikoetxea izan zen tramagile, eta gaztelarren setioak erdi itoan duen Gasteiz hiribilduaren defentsan jarri zituen kantari Jon Maia, Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Unai Iturriaga.
Zuri-beltzekoan 1969ra egingo dute salto. Urte hartan omenaldia egin zioten Fernando Aire "Xalbador"-i, Donostian. Tartean Inazio Eizmendi "Basarri"-k pare bat bertso kantatu zizkion, eta horiek emango dituzte.