Aurten hezkuntza arauturako "Gu ere bertsotan" liburua estreinatu dute aurten. Orain ikasitakoa agertzeko jaialdiak eta kantaldiak egiten ari dira. Bertso-eskolen sarea 122 herritara iritsi da jadanik.
Maiatzarekin batera hurbiltzen hasten da kurtso bukaera, eta ikasturtean zehar egindakoari begiratzeko ordua izaten da. Horixe gertatzen da bertsolaritza ikasten ari direnekin ere: klasean landutakoa azaltzeko unea iritsi da.
Hezkuntza arautuan eta bertso-eskoletan aritzen dira bertsolaritza lantzen, eta han egindako lana borobiltzeko ekintza osagarriak antolatzen dituzte.
Aurten 17 442 haurrek landu dute bertsolaritza hezkuntza arautuan, "Gu ere bertsotan" proiektuaren barruan. Euskara orduetan lantzen dute bertsolaritza haurrek, bertsolaritza irakasle baten laguntzaz. Euskal Herriko 7 herrialdeetako 327 ikastetxek hartu dute parte aurten proiektuan, eta 30 irakasle jarri ditu Bertsozale Elkarteak. Klasea emateko ikasle liburu berria estreinatu dute aurten: "Gu ere bertsotan". Gainera, audio-bideozko material osagarriak ere erabiltzen dituzte.
Kurtso osoan lan egin ondoren landutakoa erakusteko garaia da orain, eta hainbat modutara egingo dute hori. Alde batetik, bertso bilduma osatuko dute: ikasgela bakoitzak jarritako bertso sorta eta argazkia biltzen dituen argitalpena.
Ikastetxe ezberdinak elkartuta Bertso Jaialdi eta Kantaldiak ere egingo dituzte egunotan. Haurrek prestatutako bertso ikuskizunak izango dira, guraso, irakasle zein beste ikasleei zuzenduak. Gipuzkoan halako 70 jaialdi antolatu dira 45 herritan, eta 8 800 ikasle pasako dira oholtzatik. Bizkaian 6 000 ikasle ariko dira 35 Kantalditan. Gainera, ikastetxeen arteko 7 topaketa ere egingo dituzte. Araban 4 Topaketa egingo dituzte 1 624 ikaslerentzat. Nafarroan Bertsopaper Lehiaketak egingo dituzte eta 1 204 ikaslek hartuko dute parte. Gainera, saioak egingo dira 5 eskualdetan. Azkenik, maiatzaren 27an "Bertsulari Ttiki" Eguna egingo da Izpuran, eta bertan Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoako 530 haur elkartuko dira.
Bertso-eskoletan ere ikasle kopuru handia ibili da aurten. Guztira 1 636 ikasle elkartu dira. Horietatik 1 074 dira haurrak eta beste 562 helduak. Aipagarria da haurren taldeetan %47 direla neskak eta helduetan kopuru hori %26ra jeisten dela. Gaur egun 161 pertsona ari dira talde horiek gidatzen, eta 122 herritara iritsi da bertso-eskolen sarea.
Han egindako lana agertzeko eta bertso-eskoletako kideek elkar ezagutzeko Bertso-Eskolen Egunak antolatu dituzte. Gipuzkoan apirilaren 10ean egin zen, Legazpin, eta 400 haur elkartu ziren. Bizkaian Iurretan izan zen hitzordua maiatzaren 21ean. Araban larunbat honetan egingo dute Legution. Nafarroan ekainaren 4an Larraintzarren elkartuko dira haurrak eta ekainaren 11n helduak, Lekunberrin eta Astizen. Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoan apirilaren 16 eta 17an egin zituzten Bertso-Eskolen Topaketak Bidarrain, eta 24 haur elkartu ziren. Gainera, bertso-eskolen diska eta aldizkaria ere argitaratuko dituzte aurten lehen aldiz.
Topaketei lotuta ari dira
Eskolarteko Bertsolari Txapelketak egiten ere.
Azkenik, udan ere haurrek elkar ezagutzeko parada izan dezaten
Bertso Udalekuak antolatu dira. 325 haurrek eman dute izena.