Joan zen larunbatean bukatu ziren Udaberriko Bertso Saioak 2011-05-31

Uda giroko udaberriko saioa Bilbon

Jon Maia, Sustrai Colina, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga aritu ziren kantuan Oihana Bartraren esanetara. Eguraldi ederra lagun 100 entzule inguru bertaratu ziren saioa jarraitzera.
 Joan zen larunbatean bukatu ziren Bilboko Udaberriko Bertso Saioak. Guztira lau saio egin dituzte aurtengoan. Hilaren 7an hasi zen aurtengo edizioa, Karmelo plazan egindako jaialdiarekin. Andoni Egaña, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus eta Aitor Mendiluze aritu ziren kantuan orduko hartan. Bigarren saioa astebete beranduago egin zuten, hilaren 14an. Orduko hartan Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta Beñat Ugartetxeak kantatu zuten. Hauteskunde egunaren bezperan "Katillukada" bertso-txotxongilo emanaldia egin zuten Begoñako udaltegian.

 Azkeneko saioa, esan bezala, joan zen larunbatean egin zuten Santutxuko Karmelo plazan, eguerdiz. Eguraldi ederra lagun, 100 entzule inguru bertaratu ziren saiora. Bertsoa.com-eko kamerak bertan izan ziren. Honako bertsolari hauek atera ziren oholtzara:

 Jon Maia
 Sustrai Colina
 Maialen Lujanbio
 Unai Iturriaga

 Oihana Bartra aritu zen gai-jartzaile lanetan, eta ofizioka aritu ziren bertsolariak nagusiki. Hasteko, Jon eta Maialen aita-alaben paperean aritu ziren aktualitatezko gai bati buruz kantuan: Santutxuko Karmelo ikastola itxiko dutela eta, galdezka joan zaio alaba aitari.

 Unai eta Sustrai ere gaurkotasun handiko gai baten inguruan aritu ziren. Unaik 3 aste daramatza indignatuta eta Sustraik 20 urte. Gaur Arriaga plazan egin dute topo. Sakon aritu ziren bi bertsolariak.

 Ofiziokako lanen ondoren, saioari erritmoa aldatze aldera Jon Maia altxarazi zuen Oihana Bartraka, eta hitz bat eman zion gaitzat: Boga. Joan zen igandean Ibilaldia ospatu zen Ondarroan, eta bertako leloa izan da hitz hori.

 Bakarkakoaren ostean, ofiziokako lanei ekin zieten berriro. Unai eta Maialen guraso banandu berriak dira. Gaur parkera joan da bakoitza bere umearekin, eta berehala hasi dira haurrak elkarrekin jolasean.

 Sustraik eta Jonek umorez eman zioten jarraipena saioari. Buruko min handiarekin dabil Sustrai. Medikurik mediku ibili ondoren, Jon naturistarengana joatea erabaki du. Bizi aritu ziren biak eta publikoak eskertu zuen.

 Berriz ere bakarkako lan bat etorri zen orduan, kasu horretan Maialenena. Gaur Maialenen urtebetetzea da, baina 30 urte bete zituenetik ez du ez oparirik, ez deirik eta ezer nahi. Ondo azaldu zuen bere egoera hernaniarrak.

 Ofiziokako azkeneko buelta Jonek eta Unaik hasi zuten, gaurkotasunezko gai bati umorez begiratuta. Bi aitona dira biak. Jangeletako greba dela eta bilobak zaintzen aritu dira biak: ogitartekoak prestatzen, haurrei parkera laguntzen... Orain, greba bukatu dela eta, bietako bat pozik dago, baina bestea ez hainbeste. Bizi aritu ziren biak.

 Sustraik eta Maialenek ere umoretik kantatu zuten. Enpresako lankide batekin dabil Sustrai, eta e-mail bat bidali dio. Baina, bere maitaleari bidali beharrean, Maialeni bidali dio mezua; enpresako nagusiari.

 Sustraik puntu-erantzunetan bere trebezia erakutsi ondoren, laurek batera kantatu zuten. Hauteskundeak igaro berri diren honetan negoziazioak hasi dira. Bilbon Unaik, Azkunak alegia, gehiengo osoa lortu du, baina, hala ere, prest dago besteen proposamenak entzuteko. Jon Bilduko ordezkaria da, Sustrai PPkoa eta Maialen PSEkoa. Saio zirikatzailea osatu zuten denen artean.

 Azkenean, saioa puntuka bukatu zuten laurek, eta entzuleak gustura etxeratu ziren.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri