Egun osoko egitarauaz gozatu ahal izan zuten. Gaztetxoen mailan Aramaioko taldeak jantzi zuen txapela. Gazteen kategorian, berriz, Amaia Lasagak jantzi zuen txapela. Glosadoreek ere bat egin zuten festarekin.
Arabako Bertso Eskolen Eguna ospatu zuten larunbatean Legution. Bertso eskola gehienetako haur eta gazteak izan ziren bertan, eta egun osoa festa giroan pasa zuten. Tartean musika, dantzak eta 40 bat lagunentzako herri bazkaria ere izan zituzten. Gainera, egun hauetan Araban ibili diren Menorkako glosadoreak ere bertaratu ziren, eta bazkalostean saioa eskaini zuten.
Eskolarteko finalak ere egin zituzten bertan. Goizean gaztetxoen finala egin zuten, taldeka. Lautadako bertso-eskolen taldea (Zalduondo eta Araiako haurrek osatua), Gasteizko taldea (Gasteizko bertso-eskola ezberdinek osatua) eta Aramaikokoa lehiatu ziren. Guztira 16 bertsolari aritu ziren kantuan. Azkenean, iaz bezala, Aramaioko taldeak jantzi zuen txapela.
Taldekako txapelaz gain Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketarako txartelak ere jokoan zeuden. Agurainen egingo da finala, ekainaren 18an. Azkenean Aramaioko taldeko Peru Abarrategik eta Gasteizko taldeko Maddalen Arrausik kantatuko dute finalean.
Arratsaldean gazteek egin zuten finala. Aurreko egunetan 3 kanporaketa egin zituzten 18 bertsolarirekin. Finalerako honako sei hauek sailkatu ziren:
Elyem Chej (Legutio)
Ainhoa Comas (Amurrio)
Amaia Lasaga (Gasteiz)
Josu Campo (Agurain)
Maria Izaga (Aramaio)
Paula Amilburu (Aramaio)
Azkenean Amaia Lasagak jantzi zuen txapela eta Paula Amilburu geratu zen bigarren. Bi hauek ariko dira Euskal Herriko finalean.