Denboraldiko azkeneko programa izango da igandekoa 2011-06-17

Arrangoitze eta Mallabiako bertsoak eskainiko ditu Hitzetik Hortzerak

Platora Asier Altuna eramango dute, "Bertsolari" dokumentalaren nondik norakoak azaltzeko. Zuri-beltzekoan Joxe Lizasok 1968an Donostian botatako bertso batzuk emango dituzte. Zappingean, berriz, garai bateko eskolarteko irudiak erakutsiko dituzte.
 Bete-betea dator Hitzetik Hortzeraren denboraldiko azkeneko emanaldia. Igande honetan izango da, iluntzeko 21etan. Ohi den moduan, bi saiok beteko dute tarterik handiena. Alde batetik, Arrangoitzen egin zuten Bertsu Battle Kontezt-a. Bi taldetan banatuta aritu ziren bertsolariak: Xumai Murua, Odei Barroso eta Igor Elortza alde batean eta Unai Iturriaga, Gillen Hiribarren eta Eneritz Zabaleta bestean. Iban Iturbide "Peru" gidari zutela, era guztietako ariketak egin zituzten.

 Bestetik, Mallabin Odei Barrosok eta Beñat Gaztelumendik egindako bertso-afariko irudiak eskainiko dituzte. Beñat Ugartetxea gai-jartzaile hartuta aritu ziren biak bertsotan.

 Bestalde, "Jasotakoak" atalean Aizarnazabalen Xabier Zeberiok eta Joxe Luix Gorrotxategik egindako bertso-afariko irudiak emango dituzte.

 Astero bezala, aste honetan ere gonbidatu bat izango dute platoan. Asier Altuna izango da aste honetakoa. Zinegilea da Asier Altuna, laburmetrai ezagun askoren egilea, "40 ezetz" eta "Txotx" esaterako. 2005ean bere lehenengo film luzea zuzendu zuen Telmo Esnalekin batera: "Aupa Etxebeste!". Azken aldian bertsolaritzari lotuta aritu da lanean. Alde batetik, orain dela gutxi osatu zuen "Plazatik plazera". Eta bestetik, "Bertsolari" dokumentalean murgilduta dabil, bakarka zuzendu duen lehenengo film luzean. Bertsolaritza zer den azaltzeko asmoz ekin zion proiektuari, 2009ko Txapelketa Nagusian. Ondoren hainbat elkarrizketa egin zituen proiektuari forma emateko. Une honetan azken ukituak ematen ari da, eta proiektuari buruzko xehetasun gehiago eskainiko ditu programan. Gainera, 2010ean Maialen Lujanbio eta Andoni Egañarekin batera San Franciscon egindako bidaiako irudiak ere eskainiko ditu.

 Zuri-beltzekoan 1968ko bertsoak izango dira entzungai, Joxe Lizasok Donostian turistei kantatuak. Azkenik, Zappingean garai bateko eskolarteko txapelketetako irudiak emango dituzte.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri