Saio umoretsua atera zen 2011-07-04

Aurten ere jendetza elkartu da Usurbilen

Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Sustrai Colina, Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso eta Asier Azpiroz aritu ziren bertsotan Santixabeletako saioan.
 Usurbilen urtero egiten da bertso-jaialdia Santixabel jaietan. Aurten ere sei bertsolari elkartu dira frontoian:

 Maialen Lujanbio
 Andoni Egaña
 Sustrai Colina
 Unai Iturriaga
 Sebastian Lizaso
 Asier Azpiroz

 Saioa jarraitzeko jendetza elkartu zen pilotalekuan, 500 lagun inguru. Aurten, gainera, pilotalekuaren ondoko kalea ere itxi egin zuten bertso-eskolako kideek, mugimendu handiegirik izan ez zedin, eta itxura ederra hartu zuen herriak bertsoez gozatzeko. Usurbilgo bertso-eskolako kideak aritu ziren gaiak jartzen.

 Taldekako ariketa asko egin zituzten bertsolariek larunbatean. Hasteko, denak altxa ziren argazki banari kantatzeko: Maialenek Txirritari, Andonik Basarriri, Sustraik Xalbadorri, Unaik Balendin Enbeitari, Sebastianek Lazkao Txikiri eta Asierrek Udarregik bertsoak idazteko erabiltzen zituen marrazkiei. Gainera, bertsolari bakoitzari argazki handi bana eman zieten, eta irudi polita osatu zen oholtza gainean.

 Taldekako lehenengo ariketaren ondoren ofiziokako lanak iritsi ziren. Hasteko, Sebastian eta Andoni aritu ziren. Andoni estetika zentro batera joan da bere itxura hobetu nahian, eta Sebastian medikuak egin dio operazioa. Benda kendutakoan, ordea, Sebastianen antza izugarria daukala ohartu da Andoni. Elkarri zirika aritu ziren biak.

 Serioago aritu ziren Maialen eta Unai. Bi lagun dira, 6000 metroko mendi batera joan direnak. Ez dute gailurrera iristerik lortu, baina herrira heldutakoan Maialenek gezurra esan nahi du; iritsi direla puntara. Unai ez dago ados. Sakon aritu ziren bi bertsolariak, gaur egun mendiaren inguruan izan diren polemikak ere aipatuz.

 Asier eta Unai jaien inguruan jardun ziren. Oilasko-bilketan aritu da Asier, eta herrira itzuli denean Unai ohartu da oilaskoak Eroskiko etiketa daramala. Umoretsu aritu ziren biak.

 Ofiziokako lanen ostean bakarkako lehenengo ariketa iritsi zen. Maialeni egokitu zitzaion. Berdintasun teknikaria da hernaniarra, eta eskolatik deitu diote bere haurrak klasekide bat jo duela eta. Ondo atera zen egoeratik.

 Dena den, giroak hurrengo ariketan egin zuen gora, denek egiten zuten bigarrenean hain zuzen ere. Gai-jartzaileak kaxa bat atera zuen oholtzaren erdira, eta bertatik bertsolari bakoitzak berari zegokion objektua aukeratu behar izan zuen. Saio polita osatu zuten seirek.

 Ofiziokako lanak iritsi ziren ondoren berriz ere. Sustrai eta Asier Donostiak Europako Kultur Hiriburu izateko lortu duen izendapenaz aritu ziren bertsotan, elkarri erantzunez.

 Maialen eta Sebastian lehen hezkuntzako bi irakasleren paperetik jardun ziren kantuan. Jolasordura irten direnean, ohartu dira haur guztiak eserita daudela bazterretan. Serio kantatu zuten biek.

 Berriz ere taldekako ariketa bat iritsi zen orduan. Denak ilaran jarrarazi zituen gai-jartzaileak; hain zuzen ere, tabernetara ordena berean sartzen omen dira beti. Koplatan kantatu zuten, bizi eta umoretsu.

 Bakarkako bigarren lana Sustrairena izan zen. Xalaren paperetik kantatu zuen urruñarrak, eta saio ederra osatu zuen.

 Unaik eta Sebastianek ere saio ona osatu zuten ondoren. San Juanak pasa berri direla eta, zer erre duten eta zer erretzeko gogoz gelditu diren galdetu zien gai-jartzaileak, eta ondo erantzun zuten bi bertsolariek.

 Taldekako hurrengo ariketan Andoni izan zen protagonista, edo, hobeto esanda, Don Antontio, Usurbilgo apaiza. Festak diren honetan beste bostak joan zaizkio konfesatzera, absoluzio eske. Saio ederra atera zen.

 Maialen eta Unaik ere saio umoretsua osatu zuten ondoren. Biak hondartza nudista batera joan dira, eta beraien aldamenean Unairen gurasoak egokitu dira. Bikote baten larruan sartu ziren biak, eta ziri ugari sartu zituzten. Ironia handiz kantatu zuten.

 Taldekako azkeneko ariketan Sebastianekin haserre kantatu zuten gainerako bostek; orain dela urtebete seguru bana saldu omen zien, baina zerbait gertatzen zaienean Sebastianek ez omen die kasurik egiten.

 Bertso-saioaren ondoren, urtero bezala bertsopaper lehiaketaren sari-banaketa egin zuten. Aurtengoan Jon Aizpuruak jantzi du txapela, "hiltzen ez diren istorioak" lanarekin. Kerman Rekondo gelditu da bigarren "Joxe Antonio gogoan" izenekoarekin. Hirugarren postua Xabier Aranburuk eskuratu du.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri