Hil zeneko 30. urteurrenean 2011-07-06

Igande honetan Mattin omenduko dute Ahetzen

Besteak beste meza, Joxe Mari Iriondoren hitzaldia, plaka baten agertzea, aurreskua, Txomin Ezpondaren bertsoak eta bertso-saio bat izango dira. Mixel Aire "Xalbador", Odei Barroso, Ekhi Erremundegi, Jose Luis Gorrotxategi, Patxi Iriart eta Imanol Lazkano ariko dira kantuan.
 Aurten 30 urte beteko dira Mattin bertsolaria hil zenetik. Ahetzen jaiotako bertsolariak herriaren omenaldia jasoko du igande honetan. Hala, egun guztirako egitaraua prestatu dute.

 Goizean hasiko dira ospakizunak, 10etan, Jarraiki koralarekin egingo den mezarekin. Meza euskal irratietan zuzenean eskainiko da. Ondoren, Mattinen oroitarriaren aurrean "Agur Jaunak" kantatuko dute. Jarraian Ahetzeko auzapezak hartuko du hitza, eta Joxe Mari Iriondok ere hitzaldia emango du. Hitzaldien ostean Mattinen omenezko plaka bat agertuko da, eta aurreskua dantzatuko zaio. Jarraian, Txomin Ezpondak egun horretarako espreski jarritako bertsoak kantatuko ditu.

 Behin herriko plazan aperitifa eginda, Donapaleuko gaitero eta ziganteak hasiko dira lanean, Mattin eta Xalbadorren itxurekin. Horren ondoren, bazkaria egingo da Ahetzeko Hiriartea ostatuan. Sarrerak 23 eurotan salduko dira honako telefono zenbaki honetara deituta: 05 59 41 95 22.

 Bazkalostean, bertso-saioa egingo dute Ahetzeko eskolan, Joana Itzainak gidatuta. Honako bertsolari hauek ariko dira bertan kantari:

 Mixel Aire "Xalbador"
 Odei Barroso
 Ekhi Erremundegi
 Jose Luis Gorrotxategi
 Patxi Iriart
 Imanol Lazkano

 Honekin bukatuko da Mattinen omenaldia.

 Mattin bertsolari ezaguna izan zen. 1916an jaio zen Ahetzen, Harrieta etxaldean, nahiz eta geroztik herri bereko Mulienean bizi izan zen. Aita Lezokoa zuen, Karlisten bigarren gerratean Lapurdira joana.

 Familiatik jaso zuen bertsozaletasuna, eta 17 urterekin kantatu zuen lehenengoz plazan, Saran, Luhusoko Panpale bertsolariarekin. Geroztik, ordea, Xalbador izan zen bere bertso-kide gehienetan. Biak izaera oso ezberdinekoak izan arren, elkarren osagarri zirenez herriz herri ibili ziren. Mattinen ezaugarri nagusia umorea zen; jendearengana iristeko erraztasun harrigarria zeukan, eta horrek XX mendeko bertsolari maitatuenetako bat bihurtu zuen.

 Txapelketetan ere aritu zen eta 1948an Urruñan eta 1952an Saran egindako txapelketetan garaile atera zen. 1960tik aurrera Donostian egindako Bertso Txapelketa Nagusietan ere parte hartu zuen.

 Mattin Treku orain dela 30 urte hil zen, 1981ean.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri