Anjel Mari Peñagarikano, Maialen Lujanbio, Iker Zubeldia, Sustrai Colina, Julio Soto eta Unai Iturriaga aritu ziren kantuan. Manu Olanok jarri zizkien gaiak.
Bertsozaleentzat udako hitzordurik garrantzitsuenetako bat da Altzoko jaietan egiten den bertso-jaialdia. Urtero bezala, aurten ere jendetza elkartu zen frontoian (350 bat lagun). Unai Iturriagak hasierako agurrean kantatu bezala, "bertsoaren katedral" bihurtu zen Altzo. Honako bertsolari hauek atera ziren oholtzara gaueko 22:40ak zirela:
Anjel Mari Peñagarikano Maialen Lujanbio Iker Zubeldia Sustrai Colina Julio Soto Unai Iturriaga
Manu Olano aritu zen gaiak jartzen. Saio ederra atera zen, nahiz eta azken aldera, agian, pixka bat behera egin.
Julio eta Sustraik eman zioten hasiera saioari. Aita-semeen paperean aritu ziren: Sustrai aita eta Julio semea. Semea herriko plazatik negarrez etxeratu da. Lagunek bi futbol talde osatu dituzte, eta bera izan da azkena aukeratu dutena. Juliok bidea irekiz eta Sustraik erantzunez saio polita osatu zuten motorrak berotzen hasteko.
Serioagoa izan zen Unaik eta Maialenek egin zuten bertsoaldia. Saioan zehar askotan aritu ziren ekonomia gaien inguruan, eta hemen ere halaxe aritu ziren. Krisiak bortizki astindutako bi pertsona dira biak, kale kantoi berean topo egin dutenak. Maialen lana eskatzeko lerroan jarria dago. Unai borondatea eskatzen ari da. Saio dotorea osatu zuten bi bertsolariek.
Dena den, jaialdia lehertu zuen lehenengo bertsoaldia Anjel Marik eta Ikerrek ondutakoa izango zen beharbada. Enpresaria da Anjel Mari eta langilea Iker. Enpresa-paktu bat egin zuten orain dela hilabete langileek eta nagusiak, osasuna eta ekologia zainduko dituena. Hala, enpresak langile bakoitzari bizikleta bat eman dio, joan-etorriak bertan egiteko. Hilabete pasa da, eta Anjel Mari ez dago oso gustura. Umore handiz aritu ziren bi bertsolariak, elkarri ederki erantzunez.
Bertsolari guztiak altxatu ziren ondoren. 6 puntu edo gehiagoko doinuan bertsoa osatzeko honako gai hau jarri zien Manu Olanok: Izaeraren arabera gizaki ezkor eta baikorrak bereizten dira. Dena den, sarritan esaten da ondo informatutako pertsona baikorra ezkor bihurtzen dela. Goi mailako bertsoak entzuteko aukera izan zen bertsoaldi honetan.
Anjel Marik, Unaik eta Juliok ere saio polita osatu zuten. Aspaldiko lagunak dira hirurak, aspaldian elkartu gabeak. Herriko jaiak direla eta afaria egiteko plana daukate. Elkartu baino hiru egun lehenago Anjel Mari arkumea ekartzekotan geratu zen, Juliok eta Unaik hil eta prestatzeko. Ekarri zuen arkumea bere garaian Anjel Marik, eta gaur ilusioz joan da afaltzera. Baina han aurkitu du arkumea bizi-bizirik eta platerak hutsik.
Maialenek bakarka gai serioagoen inguruan kantatu behar izan zuen. Manu Olanok bere zalantza agertu zion hernaniarrari: benetan minik ematen al digu besteen minak? Zortziko handian erantzun zuen Maialenek, hiru bertso dotorerekin. Bereziki bigarrena gogoan hartzeko modukoa da.
Unai eta Sustrai puntuak erantzuten aritu ondoren, berriz ere hirukotea altxa zen lanera: Maialen, Iker eta Sustrai. Ama eta aita dira Maialen eta Sustrai, eta Iker semea da, ertzaina. Gurasoak sagardotegitik bueltan datozela alkoholemia kontrolarekin egin dute topo. Han dago Iker ertzaina, aitari putz egiteko eskatuz. Umoretsu aritu ziren hirurak, elkarri handi xamarrak esanez. Publikoak gogotik eskertu zituen bertsolarien ateraldiak.
Anjel Marik 28. urtea izan omen du aurtengoa Altzon. Atzo orain dela 25 urteko gai batekin kantatu behar izan zuen. Eskuineko mikrofonotik larunbat gaueko Anjel Marik kantatu zuen orain dela 25 urte, eta ezkerrekotik astelehen goizekoak. Gaur egun ere bi mikrofonoak behar ote ditu? 6 bertsoko lana osatu zuen Anjel Marik, eta publikoak gogotik eskertu zion.
Ofiziokako lanetara itzultzeko, Iker eta Maialen aritu ziren bertsotan. Udatiarra da Iker eta monja klarista Maialen. Oporretara zetorrela eta, uztail hasieran bi dozena arrautza ekarri zizkion Ikerrek Maialeni eguraldi ona eska zezan. Uztaila joan den bezalakoa joan da ordea, eta gaur berriz itzuli da Maialenengana. Umorez aritu ziren bi bertsolariak, eta bertsoaldiak aurrera egin ahala geroz eta hobeto aritu ziren.
Pixkanaka saioa bukaerara iristen ari zen, eta Julio atera zen atzekoei kantatzera. Tourrean mendateetan txirrindularien zain egoten den etsaiaren paperetik aritu zen. Atzeko bost txirrindulariak banan banan ikusi zituen Galibierren gora. Bakoitzari zer egin zion azaldu behar izan zuen gorritiarrak, eta atzekoek erantzun. Bertsoaldia ez zen guztiz lehertu.
Azkenik, puntuka aritu ziren denak, baina bi taldetan banatuta. Lehenik 3 teloneroak aritu ziren: Iker, Julio eta Sustrai. Ondoren, hiru izarrak: Anjel Mari, Maialen eta Unai. Entzuleek gustura entzun zuten bertsoaldia.
Guztira ordu eta erdi inguruko saioa izan zen, eta, urtero bezala, bertsozaleak gustura etxeratu ziren bueltan.