Urteroko jaialdia egin zuten abuztuaren 7an 2011-08-18
800 lagun inguru elkartu ziren Aian
Sebastian Lizaso, Anjel Mari Peñagarikano, Amets Arzallus, Iker Zubeldia, Maialen Lujanbio eta Xabi Paya aritu ziren bertsotan Andoni Egañaren esanetara.
Goi mailako jaialdia izan zen Aian abuztuaren 7an, jaietako egitarauaren barruan. Urteroko hitzordua izaten da bertakoa, probalekuan egiten dena, eta aurten ere 800 entzule inguru elkartu ziren. Honako bertsolari hauek aritu ziren kantuan:
Sebastian Lizaso Anjel Mari Peñagarikano Amets Arzallus Iker Zubeldia Maialen Lujanbio Xabi Paya
Andoni Egaña aritu zen gai-jartzaile lanetan eta saio ederra atera zen. Saio osoan zehar pertsonaia banaren paperetik kantatu behar izan zuten Xabi Payak eta Anjel Mari Peñagarikanok. Turista ingeles baten larrutik aritu zen Xabi Paya eta tabernako barra ertzean egoten den aiarrarenetik Anjel Mari Peñagarikano. Gainerako bertsolariek gai bakoitzean pertsonaia ezberdinak izan zituzten.
Saioaren hasieran bertsolari bakoitzak Aian izan zen lehen eta azken aldia gogoratu behar izan zuen, eta publikoak eskertu zituen gertuko erreferentziak. Publiko ugaria izateaz gain eskertua da Aiakoa, eta txaloaldietan antzematen da goxotasuna.
Ametsek eta Maialenek ere goi mailako ofizioa osatu zuten. Martin Garitano izan zen Amets eta Patxi Lopez Maialen, eta bien arteko bilera berritu zuten. Maialen aritu zen bidea zabaltzen eta primeran erantzun zion Ametsek.
Dena den, Xabi Payaren bakarkakoa izan zen saioa lehertu zuena. Birmingametik Euskal Herrira etorri den turistaren paperetik aritu zen, bakarka, handik hemengo egoera nola ikusten den azalduz. Errekurtso ugari erakutsi zituen umoretik kantatzeko; tartean azentu ingeles bikaina. Berriz entzun bakarrik ez, berriz ikusteko moduko bertsoaldia ere bada honakoa.
Aukeratutako laugarren bertsoaldia ere bakarkako lan bat da, Maialen Lujanbiorena kasu honetan. Aurtengo jaietan, inoiz ez eta lagun bati eskatu dio etxera laguntzeko. Barru-barrutik saio intimista osatu zuen hernaniarrak, eta entzuleek eskertu zioten lana.
Umoretik aritu ziren Xabi, turista ingelesa, eta Iker, Xabik unibertsitatera azterketak egitera eraman nahi duen euskalduna. Elkarri erantzuten, bizi aritu ziren biak, eta bataren eta bestearen bertsokeraren ezaugarriak begi bistan geratu ziren.
Ametsek osatu zuen gaueko azkeneko bakarkakoa, eta hau ere bertsoaldi aukeratuen artean dago. Askotan entzun behar izan omen du "hemen dago frantsesa". Amorruz kantatu zuen, sakon, eta txaloaldi ederra lortu zuen.
Azkenik, gainerako bostak Ikerri galderak egiten jarri zituen Andoni Egañak. Lehenengo aldiz joan dira Aiako piszinara, eta Iker soroslea hurbildu zaie zalantzak argitzeko asmoz.