Igandean izan zen azkeneko jaialdia Santiago plazan. Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Amets Arzallus aritu ziren kantuan Leire Aurrekoetxearen esanetara.
Igandean bukatu zen Bilboko Aste Nagusia. Aurten ere, Santutxuko bertso-eskolak antolatuta, egunero bertso-saioak izan dira Santiago plazan. Eguraldia lagun, jende dezente bildu da saioetan, eta igandekoa ez zen salbuespena izan. 400 bertsozale inguru bertaratu ziren plazara, eta asko, eguerdiko eguzkiarengandik ihesi, elizaren inguruko itzalpean babestu ziren. Leire Aurrekoetxea aurretik zela, honako bertsolari hauek igo ziren 13ak pasatxotan oholtzara:
Sebastian Lizaso Maialen Lujanbio Jon Maia Amets Arzallus
Umorea izan zuen saioak nagusi, udako jaialdiek ohi duten moduan. Amets eta Maialenek ekin zioten emanaldiari. Uda bukatzera doan honetan, sentsazio ezberdinak dauzkate biek. Maialen lanera itzultzeko gogoz dago, baina Ametsek urte osoa pasako luke oporretan. Ondo aritu ziren bi bertsolariak elkarri erantzunez, ironia ukitu handiarekin.
Jon eta Sebastianek ere dotore hasi zituzten euren saioak. Parrandatik bueltan, goizaldean etxeratu da Jon semea. Iritsi denean, atarian zain dauka Sebastian aita. Lehenengo bertsoan Gargantuarekin alderatu zuen semeak aita, eta hortik aurrera ere umoretsu aritu ziren biak. Gargantuaren erreferentzia gehiagotan ere agertu zen saioan.
Ondorengo saioak ere asko izan zuen umoretik. Aurten hiru aldiz sartu zaizkio lapurrak Maialeni etxera, dirudienez txapelaren bila. Atzeko bertsolariak izan ote diren susmoa dauka hernaniarrak. Fin aritu zen atzekoei adarra jotzen, eta hauek ere ondo erantzun zuten.
Sebastianek osatu behar izan zuen saioko lehenengo bakarkakoa. Goizean etorri da Bilbora. Iritsi eta, Santiago katedraleko ateak zabalik aurkitu dituenez, bertara sartzea erabaki du. Eta, behin hara helduta, aspaldi egin ez duen zerbait egitea erabaki du: konfesatzea. Ondo aritu zen azpeitiarra, umoretsu, eta esaldien esanahi bikoitzekin jolasean.
Bakarkako ariketen ondoren berriz ere ofiziokakoen txanda iritsi zen. Maialen eta Jon, Pupu eta Lore, alegia, haurrak izan arren, Bilboko kaleetan murgildu dira Marijaiaren bila. Kopletan osatu zuten bertsoaldia, bizi.
Amets eta Sebastianek ere irri eginarazi zieten bertsozaleei. Etxetik ateratzeko prestatzen ari da Sebastian, eta hara non agertzen zaion Amets maitagarria, eskuetan makila magikoa duela. Aurretik Sebastianek bakarka egindako lanari etengabe erreferentzia eginez osatu zuten bertsoaldia, han bekaturik ez duela egin esan zuen eta.
Ofiziokako lanen ondoren berriz bakarka jarri zituen bertsolariak Leire Aurrekoetxeak. Joni hitz bat eman zion gai bezala: kremailera. Ederki asmatu zuen zumaiarrak zentsuraren kontzeptuarekin lotzen. Entzuteko moduko saioa da.
Ametsek, berriz, aktualitatearekin lotutako lau punturi erantzun behar izan zien. Hala, Bilboko udalak eraitsi nahi duen Kukutza Gaztetxea izan zuen aipagai.
Kirmen Uribek Egun da Santimamiña doinuan ireki zuen Bilboko Aste Nagusia, eta bertsolariei doinu berean bukatzeko eskatu zien Leire Aurrekoetxeak. Publikoak leloa kantatzen zuela, une hunkigarria osatu zuten denen artean saioa bukatzeko. Azkenean, ordubete inguruko saioaren ondoren, entzuleak gustura gelditu ziren saioarekin.