Joan den asteburutik 2008-11-11

Bertsoberriz Altsasu ekimena martxan

Azaroaren 15ra bertso saioa antolatu dute

Altsasuko Kima Euskara Taldeak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatuta, martxan da Bertsoberriz Altsasun izeneko zikloa. Ekimen berri honek bertsolaritzaren zaletasuna zabaldu eta sustatu nahi du Altsasuko eta, oro har, Sakanako herritarren artean. Horretarako, bertsogintzaren alor ezberdinak erakusten dituen zikloa antolatu dugu.

Oraingoan bertso saioaren txanda da, puntako bertsolarien parte-hartzearekin. Larunbaterako, azaroaren 15erako, antolatu dugu Altsasuko Iortia kultur gunean, 20:00etatik aurrera.
Eszenatokian honako bertsolariak izanen dira: aurtengo Arabako txapeldun eta txapeldunorde diren Asier Otamendi eta Manex Agirre; Nafarroako txapeldun eta txapeldunorde diren Julen Zelaieta eta Jon Barberena; Gipuzkoako txapeldun den Aitor Mendiluze eta 2004an Bizkaiko txapeldun izandako Igor Elortza.

Bertsozale zorrotzena ere asetzeko moduko kartela. Sarrerak 3 eurotan izanen dira salgai Iortia kultur gunean. Sarrerarekin batera Joxe Iriarte Zufiaurre, Ttotto, bertsolaria eta bere garaiko Altsasu liburua erosten duenak 12 euro ordaindu beharko ditu.

Zikloa despeditzeko hitzaldi bat dago iragarria. Altsasuko seme eta bertsolari zen Jose Iriarte Zufiaurre, Ttotto, bertsolariaren berri izateko aukera izanen dute Iortia kultur gunera hurbiltzen direnak. Aipatu bertsolariari buruzko liburua publikatu zuen duela bi urte Kima euskara taldeak. Lan haren idazketan aritu ziren Alfredo Alvaro Igoa eta Josema Leitzak hartuko dute hitza, bertsolariaren bizitzaren eta bertsokeraren berri emateko.

Hitzaldia, esan bezala, Iortia kultur gunean izanen da, azaroaren 20an, ostegunarekin, 19:30ean.


Albiste gehiago

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu