Iparraldeko finala 2008-11-13
Dena prest da Iparraldeko Xapelketako finalerako. Goizean 11:00etan hasiko da festa eta 17:00etan finala. Bazkaria ere antolatu dute. Kanporaketak oso ondo joan dira eta finalak ere handia izateko itxura guztia du. Faboritoek beren maila erakutsi dute, baita gazteek ere, Barroso eta Maiddalen Arzallusek batez ere. Urte askotako lanaren frutuetako bat izango da Donibane Lohitzunekoa, eta era berean ereiteko tenorea. Bertsoa.con-ek zuzenean emango du ekitaldia. Jai Alai frontoaiak ia 3.000 lagunentzat lekua du, eta zortzi bertsolariak egunak merezi bezalako saoa egitea dute helburu. Bakoitzak, noski, modu desberdinean planteatu du finala. Hona hemen banan bana.
Xumai Muruak (Azkaine) jendea eta bere burua pozik uztea du helburu larunbateko finalean. Bere lehen konpromiso handia da. Zer eskaini nahi lukeen galdetuta, berak dio bakoitzak bere mundu ikuskera eta bere bizipenak dituela, eta hori pasatzea lortzen badu, ez dela gaizki izango.
Karlos Aizpuruak (Sara) finalean poz handia sentituko duela dio, ez bera oholtzak izango delako, urteetan Iparraldean egin den lanaren emaitza ikusiko delako baizik. Bere iritziz Iparraldean jende asko da bertsolaritzan egin den lanaren berririk ez duena eta finalarekin uste du aurrerantzean jende gehiago joan litekeela saioetara. Maila pertsonalagoan, Aizpuruak dio bere bertso trena aspaldi pasa zela eta konforme dela bere mailan saio on bat egitearekin.
Amets Arzallus (Hendaia) gogotsu dator finalera eta uste du ondo prestatuta datorrela. Jabetzen da bera eta Sustrairengan dagoela ardura gehiena eta erronka horri erantzuteko prest dago. "Saiatuko naiz besteei gauazak ahalik eta zailen jartzen eta neure buruari ahalik eta gehien eskatzen" esan dio Bertsoa.om-i. Txapelketa honetarako hizkera erregistroa da landu duen aspektuetako bat, eta bakarkako gaietan zein bide eta ikuspegi jorratu ere bai.
Sustrai Colina (Urruña) txapela janzteko prest dagoen galdetuta, (prest denak egoten direla erantzuteaz gain) lehenbizi bertsotan ongi edo oso ongi egin behar dio, eta orduan hasi beste gauzetan pentsatzen. Bereziki zer landu duen galdetuta, "ez nuke akats ideologikorik egin nahi" izan da erantzuna, "ez nuke pentsatzen ez dudan zerbait kantatu nahi, ez nuke nere bertsokeraren kontrako ezer kantatu nahi, adibidez, kartzelan ez nuke dramarik egin nahi". Era berean finalean ere kantatu nahi du bere ustez bertsotan egin behar den bezala, "ondokoaren entzunez, ahal dela potolokerietatik ihesi, sinesgarri eta eta era berean jolas eginez.. Ez nuke gaietan arrazoiketa hutsera mugatu nahi, jolas puntu bat erantsi nahiko nioke, baina, badakit hori txapelketa ateratzea ez dela erreza izaten, baina, txapelketan ez bada, txapelketa ostean aterako da."
Miren Artetxe (Hendaia) kanporaketan aurrera egitea zuen helburua eta finalera aparteko presiorik gabe joango dela dio. Saio ona egitearekin konforme da Artetxe, baina bere burua probatu ere egin nahi du. Bere esanetan, bolada batean bertsotatik aparte samar ibili da eta larunbateko finala test bat izango da itzulerako bidean.
Odei Barrosok (Urruña), berriz, dio dena ematera doala finalera. Bi kanporaketa jokatu behar izan ditu finalean sartzeko baina, Luhuson oso saio ona egin zuen. Finalean ere Luhuson bezalako saioa egitea du helburu.
Maddalen Arzallus (Hendaia) kanporaketa Sustrai Colinarekin berdinduta heldu da finalera. Finalaren aurrean lasai dagoela dio, konpromiso berezirik gabe eta dena emateko prest. Nolanahi ere aitortu du Euskal Herriko txapelketarako txartela bat lortzea badela bere helburua.
Ekhi Erremundegi (Baiona) pozik eta urduritasun puntu batekin dago, bere lehen konpromiso garrantzitsua izango baita Iparraldeko finala. Konpromiso gabe eta gozatzera doala dio, bere buruari helburu jakinik jarri gabe
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24