Jon Artano zuzendari duela, azaroaren 6an 2011-10-11

Hitzetik Hortzera azaroan hasiko da, igande gauetan

Hitzetik Hortzera bertso programa azaroaren lehen igandean itzuliko da ETB1-eko programaziora. Ildo nagusietan iazko bideari eutsiko dio, bertsoa ardatz hartu eta atal osagarriekin eduki eskaintza aberastuaz. Igandero, gonbidatu bat ere izango da programan. Aurten ere, Jon Artano izango du zuzendari. Aurten sei programa gutxiago izango dira, eta horregatik hasiko da iaz baino beranduago.
Bertsozale Elkarteak eta EITBk elkarlanean ekoizten duten Hitzetik Hortzera bertso programa azaroaren lehen igandean itzuliko da ETB1-eko programaziora. Aurten ere, igande gaueko ordutegia izango du. Ildo nagusietan iazko bideari eutsiko dio, bertsoa ardatz hartu eta atal osagarriekin eduki eskaintza aberastuaz. Astero bi bertso ekialdi grabatuko dituzte eta eduki horietatik osatuko da programaren gorputza eta igandero gonbidatu bat ere izango da programan, Jon Artano zuzendariak Bertsoa.com-i adierazi dionez. Bestalde, eta EITBk hala erabakita, aurtengo ikasturtean Hitzetik Hortzerak sei programa gutxiago izango ditu, eta horregatik hasiko da iaz baino beranduago.

Auspoa Saileko prosa lanak eta Bertsolari Aldizkariko edukiak, Zuribeltzean atalean
Programaren atal osagarrietan, bi berritasun nagusi aurreratu dizkigu Artanok. Bata, Auspoa Saileko narratibako liburuetako pasarteak gaur egunera ekartzea irudietan, Zuribeltzean atalean. Uzpatideren Lengo egunak gogoan, Sebastian Salaberriaren Neronek tirako nizkin eta beste hainbat prosa lan altxor handia direla defendatzen du Artanok eta merezi baino estimazio gutxiago dutela, eta zuzendariaren iritzian, kontakizun eta kontakera horiek bere ekarpena egin lezakete bertso programara ekarrita. Beste berritasuna Bertsolari aldizkariarekin lotuta dator. Bertsolari aldizkariak 20 urte egin ditu eta bertan jorratutako gaiak ere pantailara ekartzeko ahalegina egingo du Hitzetik Hortzerak.
Jon Artanorekin batean, erredakzio taldean arituko direnak Felix Irazustabarrena, Ihintza Irizar eta Itziar Irizar izango dira. Azken biak kide berriak dira eta udaberrian Gipuzkoako txapelketako berri ematen aritu ziren Hitzetik Hortzeran.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri