Gipuzkoako Txapelketa 2011-10-30

Aitor Sarriegi ere final erdietara, Hondarribian irabazita

Aitor Sarriegi beasaindarra nagusitu zen atzo Hondarribiako saioan, 494 punturekin, eta final erdietarako txartela eskuratu zuen. Bigarren, Alaia Martin izan zen, 481, eta Amaia Agirre hirugarren, 478,5. Laugarren, Iñigo Izagirre, 471,5, bosgarren Nahikari Gabilondo, 467,5 eta seigarren Haritz Casabal, 440,5. 600 lagun inguru bildu ziren eta frontoia erabat bete zen jendez. Gaur Idiazabalen izango da faseko azkenaurreko saioa: Jon Martin, Nerea Elustondo, Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi, Felix Zubia eta Oier Aipurua, 17:30etan Igarondo pilotalekuan.
Lehen agurrak bota ostean sei puntuko motzean hasi dituzte lan puntuagarriak. Bizi-bizi, elkar-erantzun ederrean osatu dituzte euren lanaldiak, oro har,   eta hasieratik saioa berotzen asmatu dute.

Koplatako saioari ekin diote segidan. Erritmoari bikain eutsi diote, eta umore-printza ugarirekin bertsoaldi ederrak osatu dituzte, entzuleen gozamenerako.

Zortziko handikoa izan dute hurrengo langintza: sakontasunerako pausoa eman dute oraingoan, eta serio adina sentibera kantatuz ederki atxiki dira lanaldi mota honek eskatzen duen erregistrora.

Bakarkako saiora pasata, gai banari hiruna bertso kantatu behar izan dio bakoitzak. Iñigo Izagirrek gai honi kantatu dio: "Zur eta lur utzi zaitu amaren egunerokoan irakurritakoak". Segurtasunez, goitik behera osatu ditu hiru bertsoak itziartarrak, eta txalo-zaparrada ederra jaso du sari gisa.

Haritz Casabalek hauxe izan du gaia: “Politikaria zara; telefonoa pintxatu dizutela konturatu zara”. Ondo aritu da pasaitarra, arrazoiak landuz eta patxadaz kantatuz.

Nahikari Gabilondori gai hauxe tokatu zaio: "Hilabete honetan ere ez diozu pasatu zure bikotekideari zure seme-alabentzako pentsioa". Lanaldi txukuna osatu du zarauztarrak, bertsoz bertso bere emaria hobetzen joan baita.

Aitor Sarriegirentzako gaia hauxe izan da: "Kirolaria zara; orain arteko bide luzean ez zaitu inork kontuan hartu. Gaur txapeldun geratu zara eta denek zurekin atera nahi dute argazkia". Txirrindulariaren rola aukeratuta, bikain osatu ditu hiru bertsoak eta maisutasunez osatu du bere lana beasaindarrak.

Alaia Martinen txanda izan da hurrena, eta hauxe egokitu zaio gaitzat: "Gaixotasun bat dela pixkanaka-pixkanaka gero eta gutxiago ikusiko duzula esan zizuten; dagoeneko hasi zara nabaritzen". Bertsoa osatzeko eta sentiarazteko abilezia ederra erakutsi du oiartzuarrak, eta lanaldi konpletoa osatu du, entzuleen gozamenerako.

Amaia Agirre izan da azkena langintza honetan, gai honekin: "Hogeita bost urterekin joan ziren gurasoen etxetik; gaur, berrogei urte dituzula, haien etxera bueltatu zara bizitzera". Zuzen aritu da villabonatarra, eta lan txukuna burutu du.

Kartzelako saioan, azkenik, binaka aritu dira, hamarreko txikian, gai berari kantatuz. Hauxe izan dute gaia: “Senideak zarete: beti moldatu izan zarete ondo elkarrekin, baina orain, gurasoak hil eta ondasunak banatzen hasi direnean, erabat okertu da bien arteko giroa”. Izagirre eta Casabal izan dira aurrenak eta lanaldi txukuna osatu dute, oro har. Gabilondorena eta Sarriegirena izan da bigarren bikotea. Ondo asmatu du bikoteak, elkarren kontra baina bertsoak ondo bideratuz. Alaia eta Amaia izan dira azkenak kantatzen. Ahizpa zaharrenaren eta gazteenaren rolei ondo heldu diete, eta arrazoi onekin burutu dituzte hiruna bertsoak.

Bukaeran, Aitor Sarriegi izan da puntu gehien batu eta finalaurrekoetarako txartela ziurtatu duena. Gainontzekoak puntuazio-dantzaren arabera pasako dira.

Indartsu, seguru eta erregular aritu da Aitor saio osoan zehar, sendo arrazoiketan eta bertsoaren joskeran.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri