Joan zen ostegunean egin zen Bertsoaroko azkeneko emanaldia Iruñean. Amets Arzallus, Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Oskar Estanga aritu ziren bertsotan, Ainhoa Aranburu gai-jartzaile zutela. Carles Belda (trikitixa) eta Xabi Strubell (gitarra) musikariak izan zituzten aldamenean. Gurutze Plazako Institutuko areto nagusia goraino bete zen, eta gozatu ederra hartu zuten bertsozaleek.
Bertsolaritzan geroz eta gehiago dira bestelako arte diziplinekin uztartuta egiten diren saioak. Horien artean saio musikatuak izango dira, beharbada, gehien ugaritu direnak. Joan zen ostegunean "jo ezak berriz!" emanaldi berezia egin zuten Iruñean, Bertsoaroaren barruan. Amets Arzallus, Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Oskar Estanga aritu ziren bertsotan, Ainhoa Aranburuk gaiak jarrita. Aldamenean izan zituzten Carles Belda eta Xabi Strubell musikariak, txikitixa eta gitarra eskuetan zituztela. Gurutze Plazako Institutuko areto nagusian izan zen saioa, eta aretoa goraino bete zen emanaldia jarraitzeko. Eta gustura egoteko motiborik izan zuten bertaratu zirenek.
Hasiera-hasieratik goitik joan zen saioa. Maialen eta Jon hasi ziren lehenengo. Bertsolariek hitzez adierazten dituzten eszenak entzuleek ikusi egiten dituztela azaldu zuen Ainhoa Aranburuk, eta esperimentu bat egin zuen. Bertsolariei eszena bat eman zien deskribatzeko, baina publikoari zein eszena zen azaldu gabe. Bertsolariak irudimen handiz aritu ziren, koadroa pintzeladaz pintzelada margotzen.
Oskar eta Amets transmisioaren inguruan aritu ziren: aurrekoengandik jaso dutenetik zer den benetan garrantzitsu azaldu behar izan zuten. Serio aritu ziren biak.
Baina saioan umoreak pisu handia izan zuen, eta hirugarren gaiarekin entzun ziren lehenengo algarak publikoaren artean. Maialenek eta Oskarrek dena ondo ateratzen zaien egun bat deskribatu behar izan zuten, eta fin aritu ziren biak.
Jon eta Ametsek ere saio umoretsua osatu zuten. Amets "Bertsolari" dokumentalaren prentsaurrekora joan da azalpenak ematera, eta han agertu da pelikula ulertu ez duen kazetari italiarra, Jon alegia. Dokumentaleko erreferentziak eta italierazko espresioak sartu zituzten bertsoaldian, eta gogotik egin zuten barre entzuleek.
Berriz ere gai sakonagoekin aritzeko unea iritsi zen ondoren. Maialenek doinu berria plazaratu zuen 2005eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean. Kataluniako doinu bat da, "Pandero" izenekoa, bereziki emakumeek kantatzen dutena. Carles Beldak erakutsi zion doinua bere garaian, eta Iruñeako saioan elkarrekin aritu ziren doinu horretan kantuan, katalanez Carles eta euskaraz Maialen. Herrialde bakoitzak bestearengandik zer hartu beharko lukeen azaldu zuten bertsotan.
Eta gai sakonekin hasita, Euskal Herrian zabaldu den aro politiko berriaz aritu ziren Jon, Oskar eta Amets hurrengo bertsoaldian. Izan ere, aro berriak ere itxura ezberdina baitauka begiradaren arabera. Jon Euskal Autonomia Erkidegoko begiradarekin aritu zen, Oskar Nafarroakoarekin eta Amets Iparraldekoarekin. Oholtzan ere halaxe kokatu ziren hirurak. Nabarmena izan zen ikuspegia aldatu egiten dela lurraldearen arabera.
Goxoago aritu ziren Amets eta Maialen hurrengo bertsoaldian. Ume baten gurasoak ziren biak. Haurra negarrez entzun eta beregana joan zen gauean Maialen, eta han aurkitu zuen Amets, haurra besoetan hartuta, kopletan. Biak hasi ziren haurra loarazi nahian, baina elkarri ironiaz kantatu zioten azkenean. Elkarrizketa polita osatu zuten.
Saioa gorantz zihoan, bukaera gerturatzen ari zen, eta topa egiteko deitu zien Ainhoa Aranburuk Jon eta Oskarri. Giroa bero-bero jarri zuten biek, edalontziak gorantz jasota.
Agurrak kantatu aurretik librean aritu ziren laurak saioari errepasoa emanez, eta hemen ere asmatu zuten entzuleengana iristen.
Saio ederra atera zen azkenean, eta doinuak aukeratzerako orduan ere ederki asmatu zuten. Emanaldi berezi honekin bukatu da aurtengo Bertsoaroa, baina aho zapore gozoa utzi die entzuleei.