Sustrai Colina, Aitor Sarriegi, Jon Maia eta Uxue Alberdi aritu ziren kantuan, Josu Goikoetxearen gidaritzapean. Aurten ere goraino bete da aretoa.
Urteko jaialdi ezagunenetako bat da Donostian, Antiguoko Lugaritz aretoan, egiten dena. Aurtengoan ere aurretik bukatuta zeuden sarrerak, eta itxura ederra zeukan aretoak. Josu Goikoetxea aritu zen gaiak jartzen. Honako bertsolari hauek kantatu zuten:
Sustrai Colina Aitor Sarriegi Jon Maia Uxue Alberdi
Hasieratik bukaeraraino saio umoretsua osatu zuten bertsolariek. Azaroaren 11n egin zen saioa, mundua bukatuko zen eguna zenbaiten ustez. Hori dela eta, hasteko beren azken hitzak esateko eskatu zien bertsolariei Josu Goikoetxeak. Tragedia handirik ez zen izan, ordea, oholtza gainean, umoretik heldu baitzioten gaiari.
Sustraik eta Jonek ere irribarrea eragin zuten entzuleen artean. Argiako elkarrizketatzailea da Sustrai, eta Jon, gizon arrunta, elkarrizketatu behar du. Galde-erantzutetan bertsoaldi polita osatu zuten biek.
Uxueri bakarka aritzea egokitu zitzaion ondoren. Josuk kontatu zion pisu bat zeukala Donostian eta bertako giltzak eman zizkion. Hori bai: pisua hartzeko aurreko bizitzako objektu guztiak baztertu beharko zituen. Uxuek ondo erantzun zion gaiari.
Saioa erdialdera iristen ari zen, eta hor jo zuen goia lehenengoz. Gizonezkoek hiru hazkunde mota izaten omen dituzte: gorantz hazi zen Jon, zabalean Aitor eta barrura Sustrai. Irudimen handiz aritu ziren hirurak.
Pisu handiagoko gaiak etorri ziren ondoren. Azaro hasieran uholdeak izan ziren Donostian Martutene inguruan, eta bertako bi auzotarren ahotik kantatu zuten Jonek eta Aitorrek. Eta Sustrai ere serio aritu zen adineko pertsona baten larruan. Alabaren iPhoneari begira garaiak nola aldatu diren hausnartu behar izan zuen.
Saioaren bukaeran iritsi ziren bertsoaldi onenak. Gai originala jarri zien Josu Goikoetxeak laurei lehenik: maitasuna eta globoak konparatu zituen. Sustrairena berehala puztu eta berehala hustu zen. Aitorrena mantso hustu zen. Jonek ez zuen globoa puzterik lortu. Eta Uxuerenari korapiloa egiten ari zela globoak ihes egin zion Josuri, entzuleen gozamenerako. Entzuteko moduko bertsoaldia osatu zuten bertsolariek.
Sarriegiri puntuak jarri zizkioten beste hirurek, eta ondoren iritsi zen azkeneko ariketa. Saioko kartela erakutsi zuen Josu Goikoetxeak. Kartelean hiru bertsolari irribarretsu agertzen dira, baina serio-serio dago Jon. Hala, aurpegia aldatzeko lana jarri zien beste hiru bertsolariei. Hau da, bertso bana bota eta Jon Maiak barre egitea lortu behar izan zuten. Lortu ote zuten?
Saioa puntukako ariketarekin bukatu zuten bertsolariek.