Gipuzkoako Txapelketa 2011-12-07

Laxaro Azkunek jantziko dio txapeldunari txapela

Laxaro Azkune gai-jartzaile eta irrati esatariak jarriko du txapela txapeldunaren buruan. Azkunek Herri Irratian bertso programa egin zuen urte askoan, gai-jartzaile eta aurkezle ere izan da bertsolaritzaren zita garratzitsu askotan. Gaur egunean ere aktibo dihardu bertsolaritzan, bai Erniarraitz bertso eskolan eta baita Bertsozale Elkarteko Iker Sailean ere.
Laxaro Azkune gai-jartzaile eta irrati esatariak jarriko du txapela txapeldunaren buruan. Azkunek Herri Irratian bertso programa egin zuen urte askoan, gai-jartzaile eta aurkezle ere izan da bertsolaritzaren zita garratzitsu askotan. Gaur egunean ere aktibo dihardu bertsolaritzan, bai Erniarraitz bertso eskolan eta baita Bertsozale Elkarteko Iker Sailean ere.

Hona hemen Aitzol Barandiaranek Gpunturako Laxaro Azkuneri egindako elkarrizketa

Laxaro Azkune (Azpeitia, 1.950) bertsolaritzaren munduan eskarmentu handiko gizona da. Irrati-esatari, bertsolari, gai-jartzaile, txapelketen antolatzaile eta gehiago. Euskararen eta euskal kulturaren transmisioan hamaika lanetan jarduna, bertsolaritzaren historiako hainbat pasarteren testigu izan da. Abenduaren 18ko finalean 2011ko Gipuzkoako Txapela jarriko dio zortzi finalistetako bati. Esperientzia berria izango da jartzaile nahi hartzailearentzat.

Euskaltzaletasuna etxetik jaso zenuen?

Beno, natural. Zaletasuna baino gehiago, euskara nire espresabide naturala izan da. Eta bizi guztian erderaz ikasten aritu baldin banaiz ere, nik euskaraz hitz egiten jardun naizenean ez dut sekula izan problemarik zer esan behar dudan edo nola esan behar dudan pentsatzeko. Berez etortzen zait. Eta beno, gero hortik ikastolako irakasle izatera, AEKn ere ibili ginen lehenbiziko urteetan alfabetatze klaseak-eta ematen. Esan daiteke euskararen munduan ibili garela.

Bertsozaletasuna ere txikitatik datorkizu?

Bertsozaletasuna ere gure etxean nahiko naturala izan zen. Gure etxera Uztapide eta konpainia etortzen omen ziren, gu umeak ginela. Badakit Imanol Lazkanok berak esanda ere, bera etorria dela behin baino gehiagotan. Ni gogoratzen naizen garaian, Jose Luis Gorrotxategi, Matxin Etxeberria-eta etorri izan ziren gure etxera. Betidanik egon zen gure etxean bertsotarako grina, baita 60ko hamarraldian ere, bertso txapelketak irratiz ematen hasi zirenean. Gure etxean ikaragarrizko isiltasunarekin eta zaletasunarekin entzuten ziren. Bertsozaletasun hori oso umetatik jaso dut.

Irrati-esatari ibili ostean, 1.984-85 urte inguruan, gai-jartzaile izateko proposamena iritsi zitzaizun.

Bertsolariek eurek antolatu behar zuten txapelketa Euskaltzaindiarekin apurtu ondoren, eta hori antolatzen hasi zirenean, ordurako irratian hasita nengoen bertsolaritza apurtxo bat lantzen. Eta guri ere deitu ziguten bilerara; hasi ginen bilerak-eta egiten. Lehenbiziko bileran akordatzen naiz, Loiolako Kiruri jatetxean elkartu ginenean, Jesus Murua eta biok atera ginela bileratik esanaz: “Beno, hemen ez zegok guretzako lanik, beraz libre gaituk. Esanaz bezala, dena antolatuta zegoela”. Hor batzuk saldu ziguten dena egina balego bezala, baina izan zer zereginik bai. Gerora, egin genituen bileretako batean, aurkezletzarako norbait izendatu behar eta, akordatzen naiz Sebastian Lizasok nola esan zuen; “Hori Laxarok egingo dik!”, eta nik erantzun: “Nik sekula ez diat horrelako lanik egin eta!”; eta berak “Hurrengoan ez dek hori esango!”. Hori izan zen nire hasiera,  eta lehendabiziko saioa egin nuen Azkoitian.

Ba al zenuten gai-jartzaile eredurik? Ala bidea urratzen aritu zineten orduan ere?

Niretzat gai-jartzaile lanetan zebilen jendea zen eredu. Abel Muniategi edo Jose Mari Iriondo, esaterako. Niri Jose Mari Iriondok gaiak aurkezten zituen modua gustatzen zitzaidan: nahiko zehatza zen, bertsolariari uzten zion protagonismoa, berak ez zuen bereganatzen… Nik beti estimatu izan dut hori, eta pentsatzen dut bertsolariek ere estimatzen dutela. Gaia garbi eman, eta berak egin dezala horrekin lana. Baina txapelketako langintza horretan guri gehien erakutsi ziguna Joxean Ormazabal izan zen.. Gainera, nahiko zorrotza zen idazten eta gaiari forma ematen: ideia bat hartu eta gaia sortzen. Gero, guretzat pena handiz, utzi egin zuen eta beste batek hartu behar izan zuen ardura hori. Pixkanaka-pixkanaka hobetzen joan ginen langintza guztietan bezalatsu.

Ariketa berri asko proposatzen dira jaialdietan, zuen garaian bazen ausardia hori?

Beti beldurra izaten genuen. Bertsolari bati saio baten aurretik esaten badiozu horrelako nobedade bat egitera zoazela, eta galdera eginez gero, seguru ezetz erantzungo dizula. Gehienetan behintzat bai. Orduan galdetu gabe egin behar duzu. Eta hor gaizki ateratzeko arriskua izaten da, eta gaizki ateraz gero, zure bizkarrera geratzen da guztia Ondo ateratzen bada, aldiz, txaloa bertsolariarentzat izango da; bertsolariak egin duelako lana. Egun jada ohituak daude horrelako berrikuntzak egiten. Gu estilo guztiak jorratzen saiatzen ginen, ikusita batik bat bertsolariari librean utziz gero zertara jotzen zuen.

Ez zen erraza izango, 90eko  hamarkada bukaeran oso belaunaldi ezberdinak elkartu zineten bertsolaritzaren bueltan. Belaunaldi ezberdinez gain, oso mundu ezberdinetatik zetorren jendea.

Bertsolaritzak niretzat behintzat daukan gauzarik ederrena, nik uste dut horixe dela. Gaur egungo munduan koadrilaka funtzionatzen dugu. Eta koadrila horiek adin berekoak dira, askotan oso gutxi gurutzatzen diren adin diferentetakoak. Nik uste bertsolaritzak zerbait baldin badu horixe dela, belaunaldi ezberdinen arteko mestizaje hori oso natural eta oso erraz egiten duela. Eta nik uste hori oso heziketa ona dela.

Gaur, aldiz, 2011ko Gipuzkoako Txapela jartzea egokitu zaizu. Nola hartu zenuen notizia?

Harriduraz, eta lotsaz ere bai. Lehenik eta behin sorpresaz harrapatu baininduten; bertso munduko publikazio batzuk emate aldera zita egin genuen eta bazkari bueltan bota zidaten txapela jarriko ote nuen. Harriduraz hartu nuen hasieran; nik ze meritu egin ote dut ohore hori izateko? Nahikoa ohore izan baita nire zaletasuna lanbide ere izatea; hainbeste miresten ditudan bertsolariak gertutik ezagutzea eta eurekin lanean aritzea.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri