Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Miren Amuriza eta Amets Arzallus aritu ziren kantuan hilaren 8an goraino beteriko pilotalekuan. Josu Goikoetxeak jarri zizkien gaiak. Saio dotorea atera zen.
Joan zen ostegunean urteroko bertso-jaialdia izan zen Markina-Xemeingo pilotalekuan. Ehunka lagunek goraino bete zuten frontoia saioa jarraitzeko. Honako bertsolari hauek aritu ziren bertan kantuan:
Berez Arkaitz Estiballes zen kantatzekoa, baina joaterik izan ez zuenez, Sustrai Colinak kantatu zuen bere ordez. Josu Goikoetxea aritu zen gaiak jartzen. Goi mailako saioa atera zen hasiera-hasieratik. Sei bertsolariek urtearen balorazioa egin behar izan zuten. 2011n zerbait lortzeko esperantza zeukaten seirek. Hilabete baino gutxiago falta da urtea bukatzeko, eta oraindik ez zaie esperotakoa iritsi. Hamarreko handian kantatu zuten denek.
Dena den, saioa binakako ariketetan lehertu zen. Amets eta Miren hasi ziren. Urtarrilaren 7an "Egin dezagun bidea" ekimenaren barruan manifestazioa egingo da Bilbon. Bi bertsolariak bertan izango dira, baina biek ikuspegi kontrajarriak dauzkate egoera politikoaren inguruan. Amets lasai dago, presoak etxeratzeko oraindik denbora beharko dela uste du. Estuago dago Miren, politikokeriatan gabiltzala ikusten baitu eta berak presoak ahalik eta arinen ikusi nahiko bailituzke etxean. Saio ederra osatu zuten biek.
Maialenek eta Unaik ere asmatu zuten gaiari heltzerako garaian. Aktualitateko gai baten gainean aritu ziren biak. Maialenen iritziz, krisi garaiotan bukatu dira "tontakeriak": meritua daukanak soilik jaso behar du laguntza. Unai, berriz, berdintasunaren alde dago eta denek jaso beharko lituzkete laguntzak. Helduleku bat baino gehiago aurkitu zizkioten gaiari, eta ironiarik ere ez zen falta izan.
Umoretik gehiago izan zuen Sustrai eta Andoniren lanak. Josu Goikoetxeak azaldu zien gizon batzuk guapo izatetik interesante izatera pasatzen direla. Horietako bat da Andoni. Sustrai orain arte guapoa izan da, baina orain fase interesgarri batean dago. Gerta omen liteke interesgarri ez izatea ere. Saio ederra osatu zuten biek.
Saioa gorenean zegoen, eta orduan iritsi zen lehenengo bakarkakoa. Ametsi jarri zion gaia Josuk: "Zure etxea izandakoan atea jo dute. Prokuradorea, ertzaina eta zerrajeroa agertu zaizkizu. Bankuarentzat izango da zure etxea zena". Ametsek errealismo handiz osatu zuen lana.
Dena den, saioak berriro ere umorera egin zuen jauzi hurrengo ariketan. Miren eta Maialen atera ziren mikrofonora, 55 urte inguruko bi emakumeren paperean. Biak kuadrilakoak dira, eta lehenengo aldiz joan dira gimnasio batera. Aldagelan daude biak, biluzik. Bularretakorik gabe Maialenen bularrak jausi egin dira. Mirenen bularrek gora begira jarraitzen dute. Entzuleen algarak eragin zituen bien elkarrizketak.
Andoni eta Unai aktualitateko gai baten inguruan aritu ziren. Unai Iñaki Urdangarinen larruan jarri zuen Josu Goikoetxeak. Erregeak, Andonik, alegia, audientziara deitu du. Berari begira jarri eta halaxe esan dio begietara begira: "Iñaki, Iñaki, Iñaki." Ondo osatu zuten biek ariketa.
Seiren txanda iritsi zen ondoren. Markinako lan kuadrila osatzen dute seirek, eta gabonetako argiak jarri behar dituzte herriko sarreran. Andoni da denetan langileena, Unai liderra, Miren torpeena, Sustrai saboteatzailea, Amets enteratua eta Maialen alferrena. Kopletan osatu zuten bertsoaldia.
Maialenek bakarka publizista baten paperetik kantatu zuen. Munduko enpresa kutsakorrenek deitu diote. Jendea kezkatua dago beroketa klimatikoa dela eta. Maialenek honen onurak saldu behar dizkio publikoari. Baina, publizitateko mezuak laburrak izaten direnez, bakarkako lana ere 8ko txikian osatu behar izan zuen. Eta bost bertso bota gainera. Ironiaz kantatu zuen, Markinak aurrerantzean hondartza izango duela kantatuz, besteak beste.
Mirenek ere bakarka kantatu zuen. Bere haurra loarazten ari dela "Arantza eta larrosa" liburua irakurtzen ari da. Bertan autoreak kontatzen du nola bost urterekin (Mirenen haurraren adinarekin) Eibarko hiltegiraino joaten zen oinez, 20 kilometroko bidean. Haurrak lo hartu ondoren horren inguruan pentsatzen jarri zen berriztarra. Lan polita osatu zuen, eta goxotasun handiz kantatu zion haurrari.
Berriz ere umorearen txanda iritsi zen ondoren, Amets, Sustrai eta Andonirekin. Kazetaria da Sustrai, eta galdera batzuk egin behar dizkio Realean debuta egin berria duen Amets futbolari gazteari. Baina, galderei futbolariaren aita eta ordezkari denak, Andonik, erantzuten die. Elkarri aurrea hartu nahian aritu ziren Amets eta Andoni, eta publikoak gogotik gozatu zuen, bai bertsoekin, eta baita bertsolarien keinuekin ere.
Unaik, Maialenek eta Mirenek ere umoretik osatu zuten beren bertsoaldia. Biloba da Miren, eta aitona-amonak Unai eta Maialen. Mirenek elkarri ea muxurik ematen ote dioten galdetu die aitona-amonei. Unaik, sofarik altxa eta muxu eman dio Maialeni. Baina hurrengo galderarekin sortu dira arazoak: "Zuek, aitak eta amak bezala, mihia erabiltzen al duzue?". Ondo aritu ziren hirurak.
Sustrairi aktualitateko beste gai bat jarri zion Josu Goikoetxeak ondoren. Krisia dela eta ez dela, gauza asko irakurtzen dira egunkarietan, eta denok bihurtu gara aditu. Sustraik ere jarraitu du gaia, eta ekonomiaren hiru lege ikasi ditu. Ondo osatu zuen ariketa, eta bukaeran ez daukagunik ezin dugula gastatu kantatu zuen.
Bukaerako agurren aurretik, Unaik atzekoei kantatu behar izan zien. Durangotik Markinara doan autobuseko gidaria da Unai. Atzeko bostak geltoki banatan igo dira autobusera, eta bakoitzari ze itxura hartu dion kantatu behar izan zuen Unaik. Eta besteek erantzun, noski. Bertsoaldi umoretsua osatu zuten, eta ederki eman zioten bukaera bertso-arratsaldeari.