"Elkartasunez topo" egiteko zihoen kartelak. Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Igor Elortza, Jon Maia, Alaia Martin, Xabier Silveira eta Aitor Sarriegi aritu ziren kantuan, Unai Elizasuk gidatuta. Giroan nabaritzen zen bezperan Bilbon gertatutakoa.
Urteko bertso-saiorik entzutetsuenetako bat da urtero Oiartzunen Etxeratek antolatzen duena. Atzokoan ere goraino bete zen Elorsoro kiroldegia, eta bezperako giroaren berotasuna sentitzen zen entzuleengan. Arratsaldeko 17etan atera ziren bertsolariak oholtzara, Olentzeroren ahotsa entzun ondoren. Honako bertsolari hauek aritu ziren kantuan:
Amets Arzallus Maialen Lujanbio Andoni Egaña Igor Elortza Jon Maia Alaia Martin Xabier Silveira Aitor Sarriegi
Unai Elizasu aritu zen gaiak jartzen. Ez da erraza izaten zortzi bertsolariko jaialdi bat ondo eramatea, baina atzokoan ere entzuleek izan zuten gozatzeko aukerarik. Hasteko umoretik heldu zioten saioari Andonik, Igorrek, Jonek, Alaiak, Xabierrek eta Aitorrek. Aurtengo urterako promesa bana idatzi zuten seirek paperean, baina papera ez zuten sinatu. Sei promesa atera ziren: erretzeari uztea, lana bilatzea, enamoratzea, erekzio arazoak sendatzea, ez hiltzea eta kirola egin eta argaltzea. Zein ote zen zeinena?
Ametsek eta Maialenek presoen eta iheslarien egoerari kantatu zioten Sarrionandiaren "Kolosala izango da" liburua eskuetan hartuta. Eta aktualitateari kantatu zion Jonek ere: bai Bilboko manifestazioan eta baita atzoko saioan ere, sekula ikusi gabeko aurpegi bat baino gehiago ikusi zuela eta esperantzaz kantatu zuen zumaiarrak.
Arrazismoari kantatu zioten Igorrek eta Ametsek: herriko futbol taldean aritzen dira biak, eta badute azal beltzeko taldekide bat. Azkeneko partidan publikoak oso bortitz hartu du, eta taldekidea harmailei begira jarri da. Ondo kantatu zuten biek.
Mundua bukatzera omen doala eta, barku bat prestatu zuten Andonik eta Ametsek. Bertan atzeko seiretatik zein sartu, ordea? Original eta umoretsu kantatu zuten biek.
Umoretik kantatu zuten Jonek eta Aitorrek ere. Ziega berean daude biak, urte askotarako kondenarekin. Zulo bat egiten hasi dira, baina Jonek ez du behar adina lan egiten, nonbait. Aktualitateko erreferentziak sartuz asmatu zuten bertsoaldia eramaten.
Andonik eta Igorrek ere ondo erantzun zituzten puntuak. Hasieran kantuan aritu baziren ere, azkeneko puntuak errezitatuz jarri zizkien Unai Elizasuk, eta hala erantzun zituzten beraiek ere.
Maialenen bakarkakoa ere goi mailakoa izan zen. Arratsaldero ateratzen du amona paseatzera, nahiz eta bere izenarekin ez den gogoratzen. Gaur, parkera heldutakoan, amonak eskutik heldu eta kolunpioetaraino eraman du. Bultzatzeko eskatu dio han. Giro berezia sortu zuen hernaniarrak kiroldegian.
Bertsoaldi gehienek izan zuten aipatzeko moduko zerbait, eta entzuleek gogotik txalotu zuten bertsolariek egindako lana ia bi orduz. Garak ere atzoko saioaren kronika dakar.