Bardoak 2012 2012-02-01

Talde lanean oinarritutako ekimena

Nafarroan taldekako txapelketa antolatu dute. 17 talde ariko dira, 51 bertsolari eta 99 parte-hartzaile. Joan zen ostiralean hasita, 24 saio jokatuko dira denera. Azkenekoa martxoaren 31n izango da, Leitzan, hiru talde finalistarekin.
 Atzo aurkeztu zuten "Bardoak 2012" ekimena, Nafarroako taldekako bertsolari txapelketa. Gontzal Agote eta Lorea Arburuak eman zituzten ekimenaren xehetasunak, Nafarroako Bertsozale Elkartearen izenean. Iazko txapelketaren ostean erabaki zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa bi urtetik behin antolatzea, eta horren osagarri bezala bestelako ekimen bat abiaraztea. Hortik sortu da "Bardoak 2012". Denera 17 taldek eman dute izena, gutxienez bost partaidez osatuak: hiru bertsolari, gai-jartzaile edo aurkezlea eta taldeko ordezkaria. Hortik aurrera, nahi adina laguntzaile izango dituzte. Ahal dela talde bakoitza eskualde edo inguru bereko kideekin osatu dute. Denera 51 dira kantatuko duten bertsolariak eta 99 taldeetan parte hartuko dutenak.

 Talde lana izango da ekimen berriaren oinarria. Bertsolariek ere hala aritu beharko dute saioetan, denen artean banatu beharko baitituzte egin beharreko ariketak. Taldeetan Nafarroako bertsolari ezagunenak eta bertsolari hasiberriak elkartuko dira, eta hortik talde lanaren garrantzia. Gainera, talde bakoitzak, egokitzen zaion saioaz kantatzeaz gain, etxeko saioa antolatzeko eta aurkezteko ardura ere hartuko du, eta baita saio batean epaile lanak egitekoa ere. Saio guztiak, finala izan ezik, elkarte girokoak izango dira, bertsozaleari bertsolaritzaz gozatzeko aukera "berritzailea" eskaintzeko asmoz.

 Epaiketa sistema ere berezia izango da. Lehenengo fasean beste taldeetako bi kide ariko dira epaile lanetan, baina puntuazioak jarri ordez ariketaz ariketa talde onena aukeratuko dute. Gainera, entzuleek ere aukera izango dute saioan ondoen nor aritu den baloratzeko. Bi epai hauek batuta aterako da saio bakoitzeko irabazlea.

 3 fase eta 24 saio

 Hiru fasetan banatu dute txapelketa. Lehenengo fasean hiru taldeko bost multzo eta bi taldeko multzo bat osatu dituzte. Multzoko talde bakoitzak bi saiotan kantatuko du multzo bereko beste bi taldeen kontra, bat etxean eta bestea kanpoan. Hala, denera lehenengo fasean 17 saio jokatuko dira. Lehenengoa urtarrilaren 27an jokatu zen, eta otsailaren 19an izango da azkenekoa.

 Fase horretatik multzo bakoitzeko lehenengo sailkatua pasako da bigarren fasera, sei talde beraz. Hauek hiruko bi multzotan banatuko dira, eta bi saio egingo ditu bakoitzak, bat etxean eta bestea kanpoan. Denera sei saio izango dira, martxoaren 2tik 18ra bitartean.

 Azkenik, hiru talde pasako dira martxoaren 31n Leitzan egingo den finalera. Finalerako egun osoko festa prestatu dute antolatzaileek, lehiaz harago joanez.

 Aurtengo txapelketaren informazio osoa eta eguneratua eskainiko dute www.bardoak.com web orrian. Gainera, sare sozialak (Facebook eta Twitter) ere erabiliko dituzte informazioa emateko.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri