Aguraingo Sorginetxe, Gasteizko Eguzkilore eta Kakiturri-Ehari asteburuko irabazleak Kuadrilla artekoan, Zalduondon, Gasteizko gaztetxean eta eta Gasteizko Kakiturri-Ehari elkartean izandako saioetan. Hotzak ez zituen ez bertsolariak ez bertsozaleak atzeratu.
Ostiralean, Gasteizko Gaztetxean jokatutako
Gasteiz-Aiaraldeko ligako saioak eman zion hasiera taldeka jokatzen den Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketari. Tenperatura hotzak baina giro beroan bertso sortetako bi talde eta bat-bateko beste bi aritu ziren, saiora laurogeita hamar bertsozale ingururen babesean. Afaldu ostean, Beñat Goitia gai-jartzaileak hartu zuen hitza bertso idatzietako bi taldeak aurkezteko. Gasteizko Gaztetxea taldeak eta Aguraingo Gazte Asanbladakoek, papera eskuetan, ikuskizun polita eskaini zieten bertsozaleei. Horren ostean, bat-bateko saioari eman zioten hasiera, bi taldeen bertsolariek agur kolektiboan Ekaitz Samaniego, kartzelan dagoen Gasteizko Muinoko Katuak taldeko kidea aipatu zuten, “Samaniego, Samaniego, Ekaitz Samaniego etxean” leloa abestuz.
Saio goxoa eskaini zuten Gasteizko bi talde gazte hauek. Trikitixa eta panderoaren laguntza ere izan zuten bertsolariek saioa are gehiago girotzeko. Saioa parekatua izan zen, baina talde batek irabazi behar zuenez, epaileek Eguzkilore taldeari eman zioten garaipena bat-batekoan.
Txapelketak, Santa Ageda bezperako eguerdian, Zalduondoko Zeledon Txiki elkartera salto egin zuen, eta bertan Zalduondoko Zeledonen seme-alabak eta Aguraingo Sorginetxe taldeetakoak nor baino nor lehiatu ziren beraien
Lautada-Arabako Errioxa ligako lehen garaipena lortu nahian. Babarrun ederrak dastatu ondoren, saioari ekin zioten bertsolariek.
Hasteko, Barrundiako Mintzalagunak eta Araiako Gaztetxekoak taldeetakoek bertso idatziak kantatu zituzten, eta euren herrietako pasadizoak modu umoretsuan kontatu zituzten. Kontu bi aipatu behar dira: Barrundiakoek Santxa Otxoa de Ozaetak abesturiko kopla zahar batzuk berreskuratu zituztela saio horretarako, 1464an eginak; Araiakoak mozorroturik etorri ziren, eta guztion irribarrea atera zuten.
Bigarren partean, Zalduondokoak eta Aguraingoak aritu ziren, nor baino nor. Unai Olalde gai-jartzaileak eman zizkien gaiak gogoz zorroztu zituzten: udaletxeen diru-arazoak, sare sozialen ondorioak, lagunen arteko komeriak eta ezezagunekin ligatu nahiaren ondorio garratzak, besteak beste. Bertan egon ziren bertsozaleen txaloek merezimenduz saritu zuten bertsolarien ahalegina. Aparteko giroa egon zen elkartean, eta lehia baino lagunen arteko jaia zela zirudien.
Horregatik, epaimahaiak zein taldek irabazi duen adierazi zuenean, poz-txistuek eta txaloek eman zioten bukaera Zalduondoko saio hunkigarriari. Txistu guztien gainetik eta txalo guztien azpitik, Aguraingo Sorginetxek irabazi zuen.
Zuiako ligak ere larunbatean hasi behar zuen, baina elurraren ondorioz Izarrako taldeak ezin izan zuen Aramaiora iritsi eta zoritxarrez saioa bertan behera gelditu zen, beraz, datozen egunetan erabakiko da saio hori noiz jokatuko den.
Eta asteburuko azkeneko saioa,
Gasteizko ligako lehena, igande eguerdian jokatu zen. Gasteizko Kakiturri-Ehari taldea eta Gasteizko Errexala taldeak aritu ziren bat-batean eta Aldapazaleak eta Bertsoaren Saltsan taldeak bertso sorten lehiaketan. Kakiturri-Ehari elkartea bete zuten berrogeita hamar bertsozaleren aurrean.
Alvaro Ruiz de Gordoa aurkezleak bertso sortetako taldeak aurkeztu ostean, Aldapazaleak taldeak, 2010eko talde finalistak, Green Capital izendapena hartu zuen gai gisa eta Bertsoaren Saltsan taldeak alde guztietan ematen ari diren murrizketak.
Bat-bateko saioan, urtetan jende aurrean ibili gabe egon ostean Kakiturri-Ehariko taldekide gisa, Xabier Riko bertsolaria entzuteko aukera izan zuten entzuleek eta Bertsoaren Saltsan taldean hiru bertsolarik lehenengo aldiz kantatu zuten jendaurrean. Saioa giro onean jokatu zen eta hemen ere garaile bat egon behar zenez Kakiturri-Ehari taldeak irabazi zuen etxean jokatutako lehenengo saio hau.
Asteburu honetan beraz, 3 liga hasi dira, laugarrena elurraren ondorioz ezin izan zen hasi, baina itxura polita hartzen hasi da aurtengo Arabako Kuadrilla Arteko Txapelketa. Bat-bateko taldeek saioaren emaitzak jakin dituzte baina bertso sorten atalean, ligen bukaeran, jakingo dugu zeintzuk pasatzen diren hurrengo fasera, finalerdietara alegia. Baina talde guztiek, bai bat-batekoek eta baita idatzizkoek, etxean jokatzen zuen taldeak emanda, produktu ezberdinek osatutako saskiak jaso zituzten parte hartzearren, hori baita txapelketa honen muina.