Kanpoan hotz egin arren giro ederreko bertso-afaria osatu zuten ostiralean Legazpiko Aitxuri tabernan. Amets Arzallus eta Julio Soto aritu ziren kantuan. Parean 60 bat bertsozale eduki zituzten, adi-adi.
Urteroko bertso-afaria antolatu zuen joan zen ostiralean Legazpiko Bertso Olariak bertso-eskolak. Joan zen urtean bezala, aurten ere Amets Arzallus eta Julio Soto gonbidatu zituzten bertsotara. Dena den, afaria lekuz aldatu eta Aitxuri tabernara eraman zuten. 60 bat bertsozale elkartu ziren bertan, kanpoan bota zuen izotzaren beldurrik gabe.
Gaueko 23etarako mikrofono aurrean jarri eta bi zatitan osatu zuten bertsolariek beren lana. Lehendabizikoan librean hasi ziren. Berotzen hasteko, bata nafarra eta bestea lapurtarra izanik, lurralde bakoitzaren estereotipoekin jolasean aritu ziren. Legazpi Urola Garaia edo Goierri ote den ere zalantzan jarri zuten ondoren. Eta, noski, hotzari buruz ere kantatu beharra zegoen.
Orduan hasi ziren bertsozaleak tentatzen. Ametsek parean zeukan amona bertsozaleari ez al zion kantatu behar galdetu zion Juliori, eta honek esandakoa bete zuen.
Tabernariei zirika aritu ziren ondoren, besoak gurutzatuta jarraitu baitzuten saioa. Barraz bestaldera zeudenekin aski ez eta dopin kontuak ere aipatu zituzten bertsolariek. Ondoren Baltasar Garzoni buruzko bertsoak ere kantatu zituzten, serioago jarrita, hamarreko txikian. Lehenengo zati hau puntuka bukatu zuten. Dena den, atsedena girotzeko herrian ezaguna den "Primi"-k hartu zuen mikrofonoa, abesti ezagun batzuk mahai-inguruan eserita zeudenen laguntzaz kantatzeko.
Bigarren zatian bertso-eskolako kideek prestaturiko gaiekin aritu ziren kantuan. Hemen joango ziren, agian, bertsorik txalotuenak. Lehendabiziko gaian GPS baten paperean jarri zuten Amets: Juliok autoan daukan GPSaren paperean. Legazpira bidean galdu egin dira, ordea. Umorez kantatu zuten biek.
Bigarren gaia ere Legazpin kokatu zuten. Amets Aitxuriko jabea da, eta Juliok 110 lagunentzako erreserba egin du. Eguna iritsi eta 9 besterik ez dira agertu. Hemen ondo asmatu zuten bi bertsolariek.
Giroa berotzen ari zen, eta gori-gori jarri zen hurrengo ariketan. Bertso-eskolako haurrek puntuak jarri eta mugikor batean grabatu zituzten bertsolarientzat. Afaritan mugikorretik jarri zizkieten puntuak bi bertsolariei. Dena den, tartean Juliorentzat zen punturen bat Ametsi jarri zioten, eta baita alderantziz ere. Gozatu ederra hartu zuten bertsozaleek.
Serioago jartzeko unea iritsi zen gero. Berria egunkariko igandeetako gehigarrian argazki bati hitzak jartzen dizkio kazetari batek. Bi bertsolariek lan hori egin behar izan zuten beste bi argazkirekin.
Balleteko klase batean jarri zituen gai-jartzaileak ondoren. Julio da Ametsen irakaslea, eta hau du Ametsek lehenengo eguna. Baina ordu laurdenera "zer egiten dut nik hemen" galdetzen dio Ametsek bere buruari. Umorera itzuli ziren ariketa honetan.
Libreko zatira itzuli aurretik galdera-erantzunetan aritu ziren biak. Nafarroan ETB ikusteko trabak direla eta Juliok bere telebista sortu du. Han lan egin nahi duen Ametsi laneko elkarrizketa bat egin beharko dio, aukeratu edo ez erabakitzeko. Bizi aritu ziren biak.
Saioa librean bukatu zuten bertsolariek. Lehendabizi atsedenean kantuan aritu zen "Primi" zirikatu zuten. Ondoren, habaneran borobildu zuten bi ordutik gorako lana.