Bertsoaren osaketa, kantaera, gai-jartzailetza, gaiaren tratamendua bertsolarien aldetik, generoa, etxean bertsoa nola landu, bertso-eskola eredu baten erakustaldia eta Xabier Amuriza eta Imanol Lazkanorekin hizketaldiak dira proposatutako ikastaroak.
Bertso-eskolen batzordeak ikastaroak antolatzeko erraztasunak eman nahi dizkie helduen bertso-eskolei. Hala, ikastaro sorta bat eskainiko du aukeran, nahiz eta proposamen berriak ere onartuko diren. Honako hauek dira proposatutako ikastaroak:
"
Bertsoaren oinarrizko eraketa". Julio Sotok emango luke ikastaro hau, eta bertso baten eraketan bertsolariaren barne-prozesua nolakoa den azalduko du bertan. Hala, bertsolariek bertsotan egiteko ariketa bakoitzean nola funtzionatzen duten azalduko du: ofizioka, puntu-erantzunetan, bakarka eta gai librean. Neurri eta doinu ezberdinak azaltzeaz gain errimategia lantzeko era desberinak ere azalduko dira. Gainera, ariketa praktikoak ere egingo dituzte.
"
Doinua eta kantaera". Jon Maiak gidatutako ikastaroa da hau, eta bertan zenbait doinu eta kantaera entzun eta komentatuko dira. Doinuaren funtzio komunikatiboa eta ez komunikatiboaren azterketa eta kantaeraren interpretazioa landuko dira. Horrez gain, ahots propioaren bila dabilen bertsolari pinguinoaren teoria ere azalduko da.
"
Gaiaren trataera, bertsolarien aldetik". Maialen Lujanbio izango litzateke hizlaria. Gai emaileak gai bat proposatutakoan bertsolariari barne zurrunbilo bat pizten zaio: ideiak bilatu, printza askoren artean aukeratu, ezerezetik abiatuz gero tiraka ekarri beharra edo usain bat, aire bat, irudi bat, hitz bat edo kolore bat buruan izan eta hortik abiatzea. Faktore askok eragiten dute bertsoaren nolakoan, baina nola eragiten du gaiak? Eta gaia emateko moduak? Bertsolari batek gai bat nola tratatzen duen aztertuko da bertan, eta bapatean ari denak ea egiten duena aukeratu ote dezakeen.
"
Izan gai(-jartzailea)". Unai Elizasuk emango luke hitzaldia. Gai-jartzaile batek, gaia jartzerako garaian, garbi eduki behar du zer lortu nahi duen. Baina, zer da gauzak garbi edukitzea? Edo, nola jakin daiteke gaia ona edo txarra den? Ikastaroan saioa egituratzen ikasiko da. Horrez gain, gaiak sortzeko eta sailkatzeko prozesua irakatsiko da, eta baita giroa nola kudeatu ere. Saioa nola aurkeztu azalduko da, eta bertsolariei nola komunikatu ere bai. Intentzionalitatearen egokitasunaz ere ariko dira. Ariketa praktikoak azalpenekin tartekatuko dira saio honetan.
"
Generoa eta bertsolaritza". Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegi ariko lirateke hizlari lanetan. Generoak egiten dugun guztian eragiten digu, eta are gehiago tradizionalki gizonezkoenak izan diren eremuetan egiten badugu. Bertsolaritza litzateke horren adibide. Zein da emakume bertsolarien errealitatea? Beraien nortasuna eta bide propioa garatzerako moduaz ariko dira hitzaldian, besteak beste.
"
Nola landu etxean, bertsogintzako ohiko baliabideak". Karlos Aizpuruaren laguntzaz bertsoaren sortze prozesu orokorra aztertuko litzateke ikastaro honetan, bertsogintzari eragiten dioten alderdiak azpimarratuz. Ondoren bertsogintzan ohiko diren zenbait baliabide aztertuko dira. Bukatzeko, bertsotan aritzeko zenbait uste, ikuspegi eta hausnarketa partekatuko lirateke eztabaida sustatzeko.
"
Bertso-eskola eredu baten erakustaldia". Arkaitz Goikoetxeak gidatuta bertso-eskola ireki bat egingo litzateke ikastaro honetan, tokian tokiko lau bertsolari trebaturekin. Hala, binakako gaiak eman eta entzundako bertsoen inguruko iruzkinak egingo lirateke taldean. Gidariak hari-mutur bati tira egingo lioke iritzi-trukea abiarazteko, eta bertsolariek ere beraien ekarpenak egingo lituzkete.
Azkeneko biak elkarrizketak izango lirateke.
Xabier Amurizak zazpi puntutan egituratutako elkarrizketa proposatzen du: Sotana eta guztiko apaiz bertsolariaren esperientzia eta orduko giroa; hiztegi errimatuaren buruera eta burutzea kartzelan; laurogeiko txapelketa, kanpo giroa eta bertsolariaren barne giroa; bertso-eskolen sorrera eta zabalkunde esplosiboa; "zu eta bertsolari"-ren idazketa kartzelan, metodo baten hasiera moduan; bertso jarrien garrantzia eta filosofia eta nola bizi duen oraingo bertsolaritza.
Bigarren elkarrizketa
Imanol Lazkanorena litzateke. Azken 80 urteotako bertsolaritzaren historiari errepasoa emango litzaioke, eta berak ezagututako etapa ezberdinak azalduko ditu azpeitiarrak. Bertsotan egiteari buruz ere ariko da, berak garrantzia ematen dien hiru gaitan zentratuta: puntukako bertsokera; bertsoaren barruan bigarren puntuaren garrantzia eta bertso jarriak egiteko era. Azken honetan berak jarritako bertsoak kantatu eta horiek nola egin zituen azalduko du.
Ikastaroek ordu eta erdi eta bi ordu arteko iraupena izango dute. Esan bezala, hitzaldi hauek proposatzen badira ere bertso-eskola bakoitzak proposamen berriak ere egin ditzake.
Bertso-eskolen batzordeak erraztasunak eman nahi ditu ikastaroak antolatzeko. Hori dela eta, ikastaroaren finantzaketaren erdia Bertsozale Elkartearen esku geratuko litzateke, eta bertso-eskolak 125 euro jarri beharko lituzke.
Bertso-eskola bakoitzak nahi bezala taxutu ahal izango du ikastaroa: talde barrurako, herri osora zabalik, bailarako bertso-eskolekin elkartuta... Ondorioz, bera izango da ikastaroaren antolatzaile.
Interesatuta dagoenak martxoaren 15a baino lehen egin beharko du ikastaroaren eskaera honako helbide honetara idatzita: bertsoeskolak@gmail.com.