Gasteizko Udalak Arabako Bertsozale Elkartearekin azken lau urteotan izan duen hitzarmena bertan behera uzteko hartu duen erabakiaren aurrean prentsaurrekoa eskaini dute Elkarteko ordezkariak. Erabakia atzera botatzeko eskatu dute bertan.
Gasteizko Udalak bertan behera utzi du azken lau urteotan Arabako Bertsozale Elkartearekin izan duen hitzarmena. Guztira 50 000 euro jasotzen zituen Elkarteak aurten, baina erabakiak aurrera eginez gero ez du batere jasoko. Hori dela eta, Elkarteko ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean beste zenbait eragileren laguntzarekin. Bertan salatu dute erabakiaren berri hedabide eta alderdi politikoen bidez jaso dutela, "udalaren aldetik inolako azalpenik jaso gabe". Beherapenak izango zirela esan zitzaiela urte bukaeran, baina ez omen zen erabateko mozketaz hitz egin.
Adierazi dutenez, une honetan Arabako Bertsozale Elkartearen Gasteizko proiektu guztia dago jokoan: "Lanean ari gara Gu ere bertsolari proiektuarekin Gasteizko 700 haurrekin, Arabako kuadrilla arteko bertso txapelketako bat-bateko 5 talde ari dira Gasteizen elkarren arteko lehian, eta 8 dira bertso-sorta kolektiboen lehiaketan diharduten taldeak, 100 lagun guztira, bertso-eskolan 4 talde dauzkagu
martxan, haur eta gazte taldeak… Eta ikasturte erdian gaude." Ondorio nabarmenak izango lituzke erabakiak: "bertsolariak eta bertsozaleak zokoratzea, plazak suntsitzea, 30 urte bete berri dituen Gasteizko bertso-eskola finantziazio gabe uztea eta une honetan Gasteizko 700 haur eta gaztetxorekin 7 eskolatan astez aste burutzen ari garen lana bertan behera uztea".
Elkarteko kideen iritziz "zulo grisa" sortuko da Gasteizen, "bertso mugimenduaren sorburuan, bihotzean, bertsolari eta bertsozale gehien dituen Arabako gunean, Arabako lehen bertso-eskola sortu zen lekuan".
Euskarazko kultura eta gaztelerazkoa ez daudela ekonomikoki eta politikoki maila berean azaldu dute. "Euskarazko kulturak ezin du plaza eta zentimo bakar bat ere galdu. Biziraupena dago jokoan". Salatu dute dagoen dirua modu arrazional batean banatu beharrean proiektu batzuk mantendu, proiektu berri distiratsuak sortu eta beste batzuk "zakarretara" bota dituztela. "Alderdi popularrak gobernuan egonik bultzatu zuen Euskara biziberritzeko plan nagusiarekin erabateko kontraesana da gure hitzarmena bertan behera uztea". Adierazi dutenez euskararen berreskurapena eta bertsolaritza eskutik joan izan dira azken 30 urteotan, "elkar elikatu dugu".
Ondorioz, erabakia atzera botatzeko eskatu diote gaurko agerraldian. "Sinetsi nahi dugu Gasteizko Udala ez dela kontziente bere erabakiaren ondorioez, ez dituela bertsolariak isilarazi nahi, ez duela euskal kultura zokoratu nahi. Ez duela gazte zein helduak Gasteizen euskaraz bizitzea eta euskaraz gozatzea (koma gabe) posible egiten duen ekosistema aberatsa hautsi nahi".
Gaur irakurritako dokumentuak zenbait eragileren babesa jaso du. Alderdi politikoei dagokienez EAJ, PSOE eta Bilduren babesa jaso dute. Horrez gain Geu Gasteiz, Euskal Herrian Euskaraz, Euskharan Kultur Elkartea, Euskara Elkarteen topagunea, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Euskaltzaindia, AEK, IKA, Barrutia Ikastola, Toki eder ikastola, Angel Ganivel ikastetxea, Abendaño ikastola, Gasteizko bertso-eskolako sortzaileak eta egungo kideak eta Gasteizko bertsolariak ere Udalaren erabakiaren kontra agertu dira.
Honako hau da gaur irakurri den dokumentua:
"2012an udal aurrekontuetan Gasteizko Udalak Arabako Bertsozale Elkartearekin azken 4 urteotan izan duen hitzarmena bertan behera uzteko asmoaren berri jaso dugu hedabide eta alderdi politikoen bidez, baina udalaren aldetik inolako azalpenik jaso gabe. Are gehiago, azaroan Encina Serranorekin izandako bileran krisiaz eta beherapenez hitz egin genuen arren, inongo momentuan ez zuen erabateko mozketazhitz egin. Lanean ari gara Gu ere bertsolari proiektuarekin Gasteizko 700 haurrekin, Arabako kuadrilla arteko bertso txapelketako bat-bateko 5 talde ari dira Gasteizen elkarren arteko lehian, eta 8 dira bertso-sorta kolektiboen lehiaketan diharduten taldeak, 100 lagun guztira, bertso-eskolan 4 talde dauzkagu martxan, haur eta gazte taldeak… Eta ikasturte erdian gaude. Arabako Bertsozale Elkartearen Gasteizko proiektu guztia dago jokoan. Salatu nahi dugu beraz, hasteko, era honetako mozketa bortitza egiteko modu baldarra eta axolagabea.
Kleenex-ak bezalaAurrekontu hauekin egin dena lotsagarria iruditzen zaigu: Dagoena modu arrazional batean banatu beharrean, batzuk mantendu, proiektu berri distiratsuak sortu eta beste batzuk kleenexak bezala zakarretara bota dituztela. Hori da gure kasua. Kulturari eman zaion egurra ikaragarria da. Katagorriek arrazoi dute. Aurrekontuek kulturari eskaintzen diotena agintarien kultur mailaren adierazgarri baldin bada, jai dugu. “El euskara no se toca” gezur erraldoia Edonola ere, euskarazko kultura eta gaztelerazko kultura ez daude inondik inora ere ekonomikoki eta politikoki maila berean. Euskarazko kulturak ezin du plaza eta zentimo bakar bat ere galdu. Biziraupena dago jokoan. Alkateak esan du el “euskara no se toca”, bada gure kasuan gezur erraldoia da. Are gehiago, alderdi popularrak gobernuan egonik bultzatu zuen Euskara biziberritzeko plan nagusiarekin erabateko kontraesana da gure hitzarmena bertan behera uztea. 30 urte luze hauetan euskararen berreskuratze prozesuaren eskutik joan da beti bertsolaritza, ekarpena egin diogu eta bertatik edan dugu, elkar elikatu dugu. Euskara sua izan bada, bertsoa hauspoa. Elkarren beharra daukagu eta izango dugu aurrerantzean.
Green capital edo gris capital? 50.000 eurotik 0ra. Alde handia dago. Baina alde handiagoa dago Araban herriz herri eskualde guztietan bertsolaritza ikastetxeetan lantzeko, bertso-eskolak sortzeko, bertsolaritza hedatzeko eta bertso saioak sustatzeko ematen ari den salto izugarriaren eta Gasteizen eragin nahi den zuloaren artean. Bide horretatik jarraituta eraztun berdea beharrean, Arabako mapan zulo grisa izango da Gasteiz. Eta zulo grisa izango da bertso mugimenduaren sorburuan, bihotzean, bertsolari eta bertsozale gehien dituen Arabako gunean, Arabako lehen bertso-eskola sortu zen lekuan. Bertso-eskolak 30 urte beteko ditu aurten. Zoritxarreko urteurrena Gasteizko bertso- eskolarentzat. Egindako lan guztiaren ondoren, 30 urte atzera egin behar ote dugu? Egoera horrek suposatzen duena argi esan nahi dugu: Bertsolariak eta bertsozaleak zokoratzea, plazak suntsitzea, 30 urte bete berri dituen Gasteizko bertso-eskola finantziazio gabe uztea eta une honetan Gasteizko 700 haur eta gaztetxorekin, 7 eskolatan, astez aste burutzen ari garen lana bertan behera uztea ikasturte erdian. Eta hau ez da gastu soil bat, gaur egungo helduen eta etorkizuneko belaunaldien euskaren kalitatea eta erabilera bultzatzeko preziorik gabeko inbertsioa baizik.
Eskaera argiaSinetsi nahi dugu Gasteizko Udala ez dela kontziente bere erabakiaren ondorioez, ez dituela bertsolariak isilarazi nahi, ez duela euskal kultura zokoratu nahi. Ez duela gazte zein helduak Gasteizen euskaraz bizitzea eta euskaraz gozatzea (koma gabe) posibleago egiten duen ekosistema aberatsa hautsi nahi. Sinetsi nahi dugu. Hala bada, eskaera argia egin nahi diogu: bere erabakia atzera botatzea.Akatsak zuzentzea jakintsuen bertutea omen.
PRENTSAURREKOAN PRESENTE EGON DIREN EDO BABESA ADIERAZI DIGUTEN ELKARTE ETA TALDEAK:
Geu Gasteiz
Euskal Herrian Euskaraz
Euskharan Kultur Elkartea
Euskara Elkarteen topagunea
Euskal Herriko Bertsozale Elkartea
Euskaltzaindia
AEK
IKA
Barrutia ikastola
Toki eder ikastola
Angel Ganivel ikastetxea
Abendaño ikastola
Gasteizko bertso-eskolako sortzaileak eta egungo kideak
Gasteizko bertsolariak
BABESA ADIERAZI DIGUTEN ALDERDI POLITIKOAK: EAJ, PSOE eta BILDU