Amaia Iturriotz geratu zen bigarren Azkoitiko Aizpurutxoko Itziar jatetxean egindako saioan. Beraiekin batera aritu ziren kantuan Mikel Iturriotz, Jokin Sudupe, Manex Mantxola eta Beñat Torres. 30 bat lagun elkartu ziren saioa jarraitzera.
Aizpurutxo Sariketaren bigarren edizioa jokatu zen joan zen ostiralean, Azkoitiko Aizpurutxo auzoko Itziar jatetxean. 30 bat lagun bertaratu ziren afaritara, eta afalostean honako bertsolari hauek kantatu zuten:
Mikel Iturriotz Jokin Sudupe Manex Mantxola Amaia Iturriotz Beñat Torres Eneritz Artetxe
Zumarraga-Urretxuko bertso-eskolako kideek prestatu zituzten gaiak, eta Maialen Akizu aritu zen aurkezle lanetan. Saio atsegina osatu zuten bertsolariek. Zortziko handiko lanarekin ekin zioten lanari. Eneritz Artetxek Beñat Torresekin batera lan ederra osatu zuen ariketa honetan. Bi eskaleren paperetik aritu ziren kantuan. Gauez tren geltokian lo egin ondoren, eguna argitzearekin batera jendearen joan-etorriak hasi dira. Sendo aritu ziren biak.
Dena den, zortziko txikian gora egin zuen saioak. Mikel eta Amaia Iturriotz hasi ziren ariketa honekin. Bikotea dira biak, urte dezente batera dabiltzanak. Baina Mikelek Amaiari esan dio zerbait egin behar duela itxura hobetzeko. Bizi-bizi aritu ziren biak, elkarri erantzunez.
Jokin Sudupek eta Beñat Torresek ere ariketa polita osatu zuten. Jokin aita da eta Beñat semea. Beñatek pintada bat egin du etxeko sukaldean, paga igotzeko eskatuz. Biak umoretsu aritu ziren.
Azkenik, Manex Mantxolak eta Eneritz Artetxek ere bertsoaldi atsegina egin zuten. Eneritzek Manex bidali du bere azterketa egitera, baina ez du gainditu. Biak irudimen handiz aritu ziren ariketa honetan.
Bina punturi erantzun zieten ondoren bertsolariek. Denek ariketa ona osatu zuten hemen. Hala ere, hurrengo ariketa izango zen saio osoko gozagarriena beharbada. Koplatan hirunaka aritu ziren bertsolariak, trikitilarien laguntzaz. Mikel, Manex eta Beñat hasi ziren ariketa honetan. Saioa ostiralean egin zuten, eta Athletic eta Realak jokatu beharreko partidurako sarrerak erosteko ilaran kokatu zituen Maialen Akizuk. 18 ordu daramatzate lehiatilaren aurrean zain.
Jokin, Amaia eta Eneritz ere dotore aritu ziren koplatan. Mendian galdutako landetxe batera joan dira asteburu-pasa. Baina beldurrezko film bat ikusi eta lo hartu ezinik daude hirurak. Elkarri zirika aritu ziren, eta entzuleek gozatu zuten saio honekin ere.
Bukatzeko, kartzelako lana iritsi zen: gai baten inguruan bina bertso bota behar izan zituzten bertsolariek bakarka. Honako hau izan zuten gaia: "denbora bat pasa da eta poliki-poliki gorputzeko zauriak sendatzen ari zaizkizu". Denek erakutsi zuten bakarka fin aritzen direla. Bi lan aipatzekotan Manex Mantxola eta Eneritz Artetxerenak izango ziren aipagarrienak beharbada. Manexek amalurraren paperetik kantatu zuen irudimen handiz, eta gizakiak lurretik desagertu ondoren hauek egindako zauriak sendatzen ari zaizkiola kantatu zuen. Eneritzek, berriz, tratu txarrak izan zituen aipagai, eta lan ederra osatu zuen.
Azkenean berarentzat izan zen txapela, eta baita entzuleen bertsolari gustukoenaren saria ere. Bigarren postua Amaia Iturriotzek eskuratu zuen. Dena den, guztiak ere gustura ziren saioaren ondoren, eta puntutan eta kopletan beste ordubeteko saioa egin zuten mahaiaren inguruan eseritako bertso-eskolako kideen laguntzaz.