Urtebete da Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari dela, Manolo Arozenaren lekukoa hartuta. Nafarroan euskalgintza sosak nondik aterako "eguneroko borrokan" aritu arren aurrera jarraitzeko ilusioz dago. Bardoak ekimenarekin "Nafarroako bertsolaritzaren ekosistema elikatu eta indartu" nahi izan dutela dio, eta oraingoz balorazio baikorra egiten du.
Urtebete da Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari dela, Manolo Arozenaren lekukoa hartuta. Nafarroan euskalgintza sosak nondik aterako "eguneroko borrokan" aritu arren aurrera jarraitzeko ilusioz dago. Bardoak ekimenarekin "Nafarroako bertsolaritzaren ekosistema elikatu eta indartu" nahi izan dutela dio, eta oraingoz balorazio baikorra egiten du.
-Urtebete da lehendakari izendatu zintuztela. Nolako urtea izan da?Martxa hartu orduko urtea joan dela konturatu naiz. Gure elkartea elkarte txikia da, etxean bezala gaude. Alde horretatik, eroso sentitu naiz. Izan dugu bertze buruhausteren bat, diru kontuak, baina elkar lanean antzinera egitea lortu dugu.
-Zeintzuk izan dira lehenengo urteko lehentasun nagusiak?Manolo Arozenak orain arte egindako lanari jarraipena ematea izan da nire egitekoa. Bertsolaritza Nafarroan hedatzea da gure lehentasuna. Proiektu desberdinen bidez gure helburua betetzen saiatzen gara.
Hezkuntza Arautua da bide horietako bat, bide garrantzitsua gainera.
Bertso eskola berriak sortu dira eta ohiko ekimenak antzinera atera ditugu arrakastaz: Bertsoaroa, Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2011, Bertso Eskolen eguna…
-Krisi ekonomikoaren erdian dator 2012a, euskalgintzarako diru-laguntzak asko jaitsi diren garai batean. Nolako urtea aurreikusten duzue Nafarroan? Zoritxarrez diru kontuen arazoa ez da aurtengo kontua gurean. Urteroko afera da. Nafarroako euskalgintza eguneroko borrokan ibiltzen da sosak nondik aterako. Egoera hagitz zaila da eta ez du hobetzeko itxurarik. Halere, euskararen alde lanean jarraituko dugu uzten diguten arte.
-"Bardoak" ekimenarekin taldekako txapelketarako jauzia eman duzue. Zein helbururekin antolatu duzue eta nola doa orain artekoa? Bertso eskoletan gero eta jende gehiagok hartzen du parte. Jende horri ere aukera bat eman nahian egin dugu taldekako ekimenera salto. Bertso eskoletako jendea inplikatu eta bertsozaleari ere bertze mota bateko saioak eskaintzea izan da helburu. Norbanako lehiaz haratago doan ekimena prestatu nahi izan da, Nafarroako bertsolaritzaren ekosistema elikatu eta indartuko duena.
Taldeak osatu diren moduan (hiru bertsolari, gai-jartzaile/aurkezlea, ordezkaria), jende berria gurera batzea nahi izan dugu.
Orain arteko saioak primeran joan dira. Jende aunitz hurbildu da eta orokorrean, pozik dago jendea. Bai parte hartzaileak, baita entzuleak ere. Horretan aunitz lagundu dute bertsolariek egin beharreko lanek nola saio motek (Elkarte girokoak, afari-bazkari bueltakoak…).
-Iaz bertso-eskola berriekin zabaldu egin zenuten transmisio proiektua. Aurtengoak ze helburu izango ditu? Egoera ekonomiko aldakorrak bultzatuta, Elkarteak duen helburu nagusia orain arteko dimentsioari eustea izanen da. Lan horretan ordea, aukerarik bada, orain artean landu eta martxan jarri diren Bertso Eskolak indartu eta berriak sortzea dugu helburu. Taldekako ekimenak horretan eragin hagitz positiboa izanen duela uste dugu. Hezkuntzako proiektuarekin berdin.
-Etorkizun urrunago batera begiratuta, zeintzuk dira bertsolaritzaren erronka nagusiak Nafarroan? Gure errealitatea zein den ezagututa, etorkizun urrun batean ere gure helburu eta erronka nagusia bertsolaritza Nafarroako lurralde osora zabaltzea izanen dela iruditzen zait. Egoera normalizatu batez bertsolaritza ezagutarazi eta indartzeko ahalegina eginen dugu.