Bertso-jaialdia Zumaian 2012-04-16

Bertso-txupinazoa

Bertsoekin eman zieten jaiei hasiera ostiralean Zumaian. Santelmotako ohiko jantziarekin igo zen oholtzara Jon Maia, baina ez bertsoak abestera gaiak jartzera baizik. Uxue Alberdi, Sebastian Lizaso, Julio Soto, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus eta Unai Iturriaga aritu ziren kantuan.

Leporaino bete zen Zumaiako Aita Mari Zinema ostiralean. Saioa hasi baina ordu bete lehenago hasi zen aretora jendea gerturatzen eta denbora gutxian bete zen aretoa. Ia-ia sartuezinik geratu ziren hainbat lagun, baina azkenean denentzat izan zen lekua.

Jaietako lehenengotariko ekitaldia izan zen bertso-saioa. Esan daiteke beraz, bertsoekin bota zutela festetako txupinazoa; eta txupinero-lanak Sebastian Lizasok egin zituen berak eman baitzien azken agurrean baimena zumaiarrei santelmotako zapia janzteko.

Festa-giroan egiten diren bertso-saioetan gertatu ohi den moduan Zumaiakoa ere umorezko saltsa izan zen. Jon Maiak jarritako gaiek asko zuten umoretik, bai edukian baita aurkezpenean ere; eta bertsoalariek ondo asmatu zuten umorearen haria josten.

Julio Soto eta Amets Arzallusek Ameriketara egin berri duten bidaiaren sekretuak kontatu zizkiguten, bata bestearen trapu zaharrak ateraz. Gainontzeko lauek osatu zuten hurrengo bertsoaldi aipagarria: Lizaso eta Sarriegi alde batean jarrita eta bestean Alberdi eta Iturriaga, beste bikoteko zein izatea gustatuko ote litzaiekeen galdetu zien Jon-ek, eta noski horren arrazoia.

Sotok bakarkako lan ederra egin zuen, Zumaian asko erabiltzen diren hiru hitz eman zizkion Jon Maiak Sotori istorio bat osatzeko; baita egin ere eta soka ekarri zuen gainera bertsoaldi honek gerorako. Saioaren amaiera aldera Sarriegi eta Sotok osatu zuten bertsoaldian behin baino gehiagotan erabili zituzten Zumaiako hitz horiek.

Horrela eman zieten  hasiera Zumaiako jaiei, baina ez pentsa datozen egunetan bertsoak lekurik izango ez duenik Zumaian. Tabernetan, txoznetan edota kalean bat-bateko bertsoak entzungo dira noski, baina horrez gain datorren ostiralean "Bertsoan jai! Herriko bertsolarien taldekako txapelketa" izango dute gaztetxean.

Zumaian izango da beraz bertsotarako eta bertsoekin gozatzeko aukera.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri