Haritz Etxeberria "Ministro", Nekane Zinkunegi, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Andoni Egaña eta Unai Iturriaga aritu ziren kantuan, Jokin Uranga gai-jartzaile zutela. Kanpoaldean ekaitzak gogotik jo arren, jende ugari bertaratu zen aretora Herrira plataformaren aldeko saioan.
Herrira plataformak antolatuta bertso-jaialdia egin zen ostiralean Azpeitiko Soreasu Antzokian. Antzokia handia izan arren, betekada polita hartu zuen eta kanpoan ari zuen ekaitzetik salbu, bi orduko saio atsegina osatu zuten bertsolariek. Jokin Uranga aritu zen gai-jartzaile lanetan. Bertsotan, berriz, honako seikote hau jardun zen:
Agurretan saioaren motiboak pisu handia hartu bazuen ere, saioan zehar era guztietako gaien inguruan kantatu zuten bertsolariek. Hasieran udarako dituzten planak azaldu behar izan zituzten bertsolariek, eta umore handiz begiratu zioten udaberriko eguraldi txarrari. Saioa bero hasi zen.
Seiek batera egindako ariketaren ondoren binakako bertsoaldiak iritsi ziren. Gernikan eta Durangon urte seinalatua da aurtengo hau, 75 urte bete baitira bonbardatu zituztenetik. Bertakoak izanik horren inguruan kantuan aritu ziren Unai eta Igor. Saio dotorea osatu zuten elkarri erantzunez.
Ministrok eta Nekanek umoretik heldu zioten beraien bertsoaldiari. San Inazioak antolatzeko bilera batean kokatu zituen Jokin Urangak, eta beren proposamenak botatzeko eskatu zien. Original aritu ziren biak, eta bertsozaleek gogotik txalotu zuten biek egindako lana. Herriko erreferentziak erabili izanak balio handia eman zion bertsoaldiari.
Maialenek eta Andonik ere ironia erabili zuten beren bertsoaldia osatzeko. Krisiaren eraginez langabezian geratu dira biak, eta interneten web orri bat jarri dute. Maialen editorea da, gauzak gordin esaten dituena. Andoni kazetariak, berriz, txukundu egin behar ditu Maialenen esanak. Elkarren esanak osatuz, saio polita osatu zuten biek.
Binakako lanen ondoren Unaik atzekoei kantatu zien heriotzaren paperetik. Atzeko bostak eraman behar ditu aste honetan, bakoitzak delitu bat egin baitu. Ondoren atzekoek erantzun egin zioten.
Honen ostean Ministro eta Igorren txanda iritsi zen. Ministrok arazo handiak dauzka. Igorrek ere izan zituen, baina denak gainditu, neska-lagunarekin hasi, unibertsitateko proba gainditu eta karrera atera ondoren psikologo lanetan hasi zen. Gaur Ministro joan zaio kontsultara. Ministrok egindako galderei ederki erantzun zien Igorrek, gogoan hartzeko moduko bertso bat baino gehiago botata.
Andonik eta Nekanek serioago kantatu zuten. Andoni ere 18-22 urterekin frankismoaren aurka aritu zen borrokan, baina denborarekin nekatu eta politikaz ahaztu zen. Handik 30 urte pasa dira, eta gaur lehenengoz Soto del Realeko kartzelara joan da alaba, Nekane, bisitatzera. Gozotasunez kantatu zuten biek.
Maialenek ere aktualitate handiko gai bati kantatu zion: atez ateko zabor bilketari. Hernaniko esperientzia kontatu zien azpeitiarrei, hiru bertso onekin.
Unaik eta Ministrok binaka kantatu zuten ondoren. Unai apaiza da, eta Ministro joan zaio apostasia egin nahi duela esanez. Umorez osatu zuten bertsoaldia.
Igorrek eta Andonik ere umoretik heldu zioten beren gaiari. Igor oso bertsolari ona da, baina ez dakigu zer gertatzen zaion Euskal Herriko Txapelketan. Andoni erretiratu den honetan “orain bai” pentsatu eta aholku eske deitu dio. Gerora ere behin baino gehiagotan erabili ziren bertsoaldi honetako erreferentziak saioan zehar.
Maialenek eta Nekanek elkarrizketa dotorea osatu zuten ondoren. Nekanek kazetaritza ikasketak bukatu eta lehenengo elkarrizketa egiteko deitu dio Maialeni. Bata galdezka eta bestea erantzunez, fin aritu ziren biak.
Saioa bukatze aldera, Ministro bakarka kantatzeko altxa zen. La Santeko kartzelan dagoen Pou lagunari hiru bertso kantatu zizkion azpeitiarrak, eta entzuleak hunkitzea lortu zuen.
Bukatzeko, beste bostek puntuka bukatu zuten saioa, dotore, aurretik ateratako gaien erreferentziak erabiliz. Ia bi orduko bertso-saioa entzunda, gustura etxeratu ziren bertsozaleak. Nahi izanez gero saioaren kronika zabalagoa egin zute Erniarraitz bertso-eskolako kideek beraien blogean, eta laburpen bat ere jarri dute ikusgai.