Ekainaren 16an jokatuko da Euskal Herriko finala, Agurainen 2012-05-03

Abian dira Eskolarteko Txapelketak

Bizkaian atzo hasi ziren idatzizko kanporaketak eta maiatzaren 22an hasiko dira bat-batekoak; Gipuzkoan eta Araban ostiral honetan jokatuko dira lehenengo kanporaketak; Ipar Euskal Herrian maiatzaren 19an jokatuko da kanporaketa eta Nafarroan ekainaren 9an egingo dute finala.
 Udaberriarekin batera iristen dira Eskolarteko Bertsolari Txapelketak. Aurtengoan ere, maiatza heldu orduko Euskal Herriko hainbat txokotako ikastetxe eta bertso-eskoletan bertsolaritza lantzen duten gaztetxoak ikasitakoa erakusten hasiko dira, bai idatziz eta baita bat-batean ere. Urtero bezala, aurten ere bi kategoria bereizi dira: 14 urtera artekoak eta 14 eta 18 urte bitartekoak. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatu dute aurtengo edizioa.

 Bizkaia izan da txapelketak abian jartzen lehenengoa. Atzo egin zuten idatzizko lehenengo kanporaketa, Ondarroako Zubi Zahar ikastolan. Denera zortzi kanporaketa egingo dituzte datozen bi asteetan. Honako hau da egutegia:

 MAIATZAREN 3a, OSTEGUNA
 Durangoko Kurutziaga Ikastolan

 MAIATZAREN 4a, OSTIRALA
 Gernikako Seber Altube ikastolan

 MAIATZAREN 7a, ASTELEHENA
 Trapagarango Itxaropena ikastolan

 MAIATZAREN 8a, ASTEARTEA
 Amorebieta-Etxanoko Andra Mari ikastolan

 MAIATZAREN 9a, ASTEAZKENA
 Bilboko Abusu ikastolan

 MAIATZAREN 10a, OSTEGUNA
 Mungiako Larramendi ikastolan

 MAIATZAREN 11, OSTIRALA
 Algortako San Nikolas ikastola

 Kanporaketa guztiak arratsaldeko 15etan jokatuko dira. Finala ere maiatzaren 18an egingo dute Gernikako Seber Altube ikastolan, arratsaldeko 15etan. Ondoren sari-banaketa izango da Kultur Etxean, 17:30etan.

 Bat-bateko atalari dagokionez, hiru kanporaketa jokatuko dituzte finalaren aurretik. 14 urtera artekoek maiatzaren 22an izango dute hitzordua, Bermeoko Eleizalde ikastolan, arratsaldeko 15etan. Maiatzaren 23an 15 eta 16 urte bitartekoek Markinako Kultura aretoan egingo dute kanporaketa, arratsaldeko 15etan. Maiatzaren 24an, azkenik, 17 eta 18 urtekoek kantatuko dute Elorrioko Txintxirri ikastolan, arratsaldeko 15etan. Finala ekainaren 1ean egingo dute Bilboko Indautxu auzoko El Carmen aretoan, goizeko 11tan. Aurten 29. ediziora iritsiko da Bizkaiko Eskolarteko Txapelketa.

 Gipuzkoan batera egingo dituzte idatzizko eta bat-bateko kanporaketak. 4 kanporaketa eta finala izango ditu aurtengo txapelketak ere, urtero bezala. Ostiral honetan jokatuko da lehenengoa, Hernaniko Biteri Kultur Etxean. Idatzizko kanporaketa arratsaldeko 15etan egingo dute eta 16etan bat-batekoa. Antzeko egitura izango dute gainerako hiru kanporaketek ere. Honako hau da egutegia:

 MAIATZAREN 11, OSTIRALA
 Orioko Karela Kiroldegian

 MAIATZAREN 18a, OSTIRALA
 Eskoriatzako Almen ikastolan

 MAIATZAREN 25a, OSTIRALA
 Legazpiko Latxategi Aretoa

 Finala Andoainen egingo dute ekainaren 1ean, Bastero Kulturgunean. Arratsaldeko 16etan hasiko da saioa. Aurtengoa 32. edizioa izango da.

 Araban ere ostiral honetan hasiko dira kanporaketak. Hemen ere batera egingo dituzte idatzizko eta bat-bateko kanporaketak. Ostiralean Gasteizen bi kanporaketa egingo dituzte. Arratsaldeko 17:30etan txikien mailakoa izango da Amaia Zentroan, eta arratsaldeko 18etan Gaztetxean handien mailakoa. Maiatzaren 5ean Zalduondoko Zeledon Txiki Elkartean izango da hitzordua, arratsaldeko 17etan. Txikien eta handien kanporaketak jokatuko dituzte bertan. Finala maiatzaren 19an egingo dute, Legutioko Kultur Etxean. Egun osoko egitaraua prestatu dute: goizez txikien finala egingo dute, eta handiena arratsaldez.

 Ipar Euskal Herrian maiatzaren 19an abiatuko da Eskolartekoa, Senpereko Larraldean, arratsaldeko 16etan. Egun horretan haurren eta gaztetxoen kanporaketa saioak egingo dituzte. Finalak, ordea, bereizita egingo dituzte. Maiatzaren 24an, Bertsulari Ttiki Egunaren barruan, haurren mailako bat-bateko finala egingo dute Hazparneko Mendeala aretoan. Idatzizko sari-banaketa ere bertan egingo da. Gazteen mailako finala, berriz, maiatzaren 26an izango da Hazparneko Gaztetxean, arratsaldeko 17etatik aurrera.

 Nafarroan, azkenik, Bertso-Eskolen Egunaren egitarauaren barruan egingo dute Eskolarteko finala ere. Larraintzarren izango da ospakizuna, ekainaren 9an. Finalak eskolan egingo dituzte, goizez txikiena eta arratsaldez handiena.

 Behin probintzia bakoitzeko ordezkariak aukeratuta, ekainaren 16an egingo da Euskal Herriko finala, Aguraingo Harresi aretoan. Aurtengoa 24. edizioa izango da, eta, ohi bezala, egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean, 11tatik aurrera, txikien finala egingo da. Ondoren bazkaria egingo da ikastolako pilotalekuan eta, eguna bukatzeko, arratsaldeko 15:30etatik aurrera jokatuko da gazteen finala. Aurten 24.ez egingo da Euskal Herriko Eskolarteko txapelketa.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri