Gaurko bost saio daude iragarrita 2012-05-04

Dozena bat saiotik gora asteburu honetan

Oñatin bertso-bazkaria izango da Maialen Lujanbio eta Sustrai Colinarekin; Donostian bertso-afaritan ariko dira Alaia Martin eta Jon Maia; Antsoainen ere bertso-afaritan jardungo dira Saioa Alkaiza eta Unai Iturriagak; Eibarren afaria eta bertso-desafioa egingo dute Aimar Goenaga, Ion Mikel Mujika, Aitor Errazkin eta Manu Goioganak eta Donostian "Erregea eta Bufoia" izango da, Sustrai Colina bertsotan dela.
 Bertso-saioz betetako asteburua izango da gaur hasiko dena. Denera 15 bertso-saio inguru daude iragarrita. Gaur bertan, bertso-bazkaria egingo dute Oñatiko Etxe Haundi jatetxean, eguerdiko 14:30etan. Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina ariko dira kantuan.

 Gallartako Dolores Ibarruri Institutuan, berriz, "Bertsolari" filmaren aurkezpena egingo dute arratsaldeko 18:30etan.

 Emanaldi horiez gain beste hiru bertso-afari daude gaurko iragarrita. Donostian Jai Herrikoien aldeko bertso-afaria izango da Amarako Donosti Berri elkartean. Iluntzeko 21etan hasiko da afaria, eta afalostean Alaia Martin eta Jon Maia jardungo dira kantari.

 Eibarren afaria eta bertso-desafioa iragarri dituzte gaurko Bide Alde elkartean. Iluntzeko 21etan hasiko da afaria. Desafioan Aimar Goenaga, Ion Mikel Mujika, Aitor Errazkin eta Manu Goiogana ariko dira lehian.

 Antsoainen ere bertso-afaria antolatu dute Bilkupe Elkartean, iluntzeko 21:30etan. Saioa Alkaiza eta Unai Iturriaga ariko dira bertsotan.

 Donostian, berriz, gaur emango zaio hasiera Altzako Bertso Asteari. "Erregea eta bufoia" emanaldi berezia egingo dute Nido tabernan, gaueko 22:30etatik aurrera. Sustrai Colina ariko da bertsotan, eta ondoan izango du Ander Lipus aktorea. Bien lana gidatzen Unai Elizasu jardungo da.

 
 Biharko agenda ere saioz ondo hornitua dator. Bilbon bihar bertan hasiko dira Udaberriko bertso-saioak Santutxuko Karmelo plazan. Datozen asteburuetan bertso-saioak egingo dituzte bertan eguerdiko 13etan. Lehendabizikoa bihar egingo dute Maialen Lujanbio, Jon Maia, Igor Elortza eta Beñat Gaztelumendik.

 Bilbon bertan Hau Pittu Hau eguna ospatuko da bihar arratsaldean, eta Oihana Bartra eta Gorka Ostolaza "Potxis" bertan ariko dira kantari.

 Oñatin bertso-saio musikatua egingo dute iluntzeko 19:30etan. Egoitz Aizpuru gai-jartzaile dela Aitzol Barandiaran, Jon Martin, Manex Agirre eta Jokin Labayen jardungo dira bertsotan.

 Bertso-afariak ere izango dira bihar. Donamarian Julio Soto eta Beñat Gaztelumendi ariko dira kantuan. Etxaguenen, berriz, Beñat Ugartetxea, Sustrai Colina eta Iker Zubeldia.

 Abadiñoko Traña-Matiena auzoan jaien barruan urteroko bertso-saioa antolatu dute. Errota Kultur Etxean izango da saioa, gaueko 22etan. Sebastian Lizaso, Igor Elortza, Onintza Enbeita eta Odei Barrosok kantatuko dute. Gai-jartzaile lanetan Eñaut Uruburu ariko da.

 Azkenik, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean ere saioa egingo dute gaueko 22etan. Ane Labaka, Unai Muñoa, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña dira bertan kantatzekoak.

 
 Igandean ere saio bat baino gehiago izango da. Lazkaomendin egun osoko saioa egingo dute Iker Zubeldiak eta Julio Sotok.

 Zizurkilen, Andatza Egunaren barruan, bertso-saioa izango da goizeko 11tan.

 Amatxu Eguna ospatuko dute Mungian, eta egitarauaren barruan bertso-saioa dago iragarrita plazan eguerdiko 13etan.

 Zumaian, berriz, Gipuzkoako Bertso-Eskolen Eguna ospatuko dute, eta arratsaldeko 16etan bertso-trama izango da. Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Aitor Sarriegi ariko dira bertsotan, Josu Goikoetxea gai-jartzaile dutela.

 Bukatzeko, Lapuebla de Labarcan "Erregea eta Bufoia" emanaldi berezia izango da arratsaldeko 16:30etan. Iñaki Viñaspre ariko da bertsotan eta ondoan izango ditu Ander Lipus aktorea eta Unai Elizasu gai-jartzailea.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri