Añorgan bertso-sorta musikatuak kantatuko dituzte; Getarian Julio Soto eta Sustrai Colinak bertso-afaria egingo dute; Gasteizen Iñaki Viñaspre, Izar Mendiguren, Ander Solozabal eta Iker Pastor ariko dira eta Anoetan Naiara Arreseigor, Oier Urkola, Mikel Artola, Txomin Azpiroz, Jatsu Ormazabal eta Beñat Azaldegi dira kantatzekoak.
Bertso-saioz gainezka dator asteburuko agenda. Gaurtik hasi eta igandera bitartean hogei saiotik gora daude iragarrita. Gaur bertan bertso-sorta musikatuen emanaldia izango da Añorgan, bertako bertso-eskolako kideen eskutik. Gainera, Jokin Labayen, Jon eta Alaia Martin eta Beñat eta Unai Gaztelumendik ere beraien sortak kantatuko dituzte.
Arantzan "Bertsolari" filmaren aurkezpena egingo dute eskolako gimnasioan.
Getariako Meaga auzoan bertso-afaria izango da Julio Soto eta Sustrai Colinarekin.
Gasteizen Arabatakada jaialdia egingo da gaur Mendizabalako landetan. Egitarauaren barruan, arratsaldeko 16etan, bertso-hop saioa egingo dute Iñaki Viñasprek, Izar Mendigurenek, Ander Solozabalek eta Iker Pastorrek.
Iruran, elizako arkupean, "Bikokote" emanaldi berezia izango da arratsaldeko 18etan.
Anoetako Gaztetxean, berriz, eskualdeko bertsolari gazteen saioa egingo dute gaueko 22:30etan. Naiara Arreseigor, Oier Urkola, Mikel Artola, Txomin Azpiroz, Jatsu Ormazabal eta Beñat Azaldegik kantatuko dute. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Eneritz Urkola eta Maddi Sarasola jardungo dira.
Biharko ere saio mordoa dago iragarrita. Bartzelonako Euskal Etxean "bertso-sopar"-a egingo dute Igor Elortzak eta Agin Rezolak Jone Uria gai-jartzaile dutela.
Beasainen bertso-bazkaria izango da Iñaki Apalategi eta Beñat Gaztelumendirekin.
Ortuellan ere bertso-bazkaria egingo dute Eneko Abasolo "Abarkas" eta Anjel Mari Peñagarikano kantuan direla. Aurretik, eguerdiko 12etan, bertso-poteoa egingo dute.
Eskoriatzan eguerdiko 12etan izango da saioa, Uxue Alberdi eta Andoni Egañarekin.
Bilbon, Udaberriko Bertso-Saioen zikloaren barruan bigarrena egingo dute bihar eguerdiko 13etan. Santutxuko Karmelo Plazan Sustrai Colina, Fredi Paia, Unai Iturriaga eta Alaia Martin jardungo dira kantari.
Berako Kataku ostatuan, berriz, bertso-desafioa egingo dute Beratarrak eta Dream Team taldeek eguerdiko 14etan. Anjel Aranibar, Patxi Castillo, Aitor Elexpuru, Iban Garro, Asier Saragueta, Unai Uberetagoena, Xabier Zarraluko eta Miguel Angel Ortiz de Guzman dira bertan kantatzekoak.
Altzan, Bertso Astearen barruan bertso-bazkaria egingo dute bihar Altzatarrak elkartean. Eguerdiko 14:30etan hasiko da bazkaria eta Julio Soto eta Iker Zubeldia ariko dira bertsotan, Joseba Alkiza gai-jartzaile dutela.
Azkenik Oñatiko Nekazari Elkartean Anjel Mari Peñagarikanok eta Jexux Mari Irazuk bertso-afaria egingo dute.
Asteburua borobiltzeko beste hiru saio daude iragarrita iganderako. Herri Urrats ospatuko da Senperen, eta, urtero bezala, bertsolariak ariko dira Lapurdi Gunean, goizeko 11:30etatik aurrera.
Mallabian, Hamabostaldi Kulturalaren barruan, bertso-saioa egingo dute pilotalekuan arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Beñat Ugartetxea, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Iker Zubeldia eta Andoni Egañak kantatuko dute. Asier Ibaibarriaga ariko da gai-jartzen.
Altzan, berriz, igandean bukatuko da Bertso Astea. Arratsaldeko 18etan bertso-saioa izango da Plaza Gorrian. Agin rezola, Jexux Mari Irazu, Uxue Alberdi, Beñat Gaztelumendi eta Iñigo Manzisidor "Mantxi" jardungo dira kantuan Unai Elizasuren gaiekin.