Bartzelonako Bertso-Soparra eskainiko dute 2012-05-24
Gaur bukatuko da Hitzetik Hortzerako aurtengo denboraldia
Jon Artanoren iritziz aurten programa "hobea" egitea lortu dute, eta Hitzetik Hortzerak "bertsoa baino zerbait gehiago" eramaten du pantailara. Jon Agirresarobek azaldu duenez, "printzipioz, datorren urtean programak jarraitu egingo du". Dena den, bien ustez ETBk bultzatutako ordutegi aldaketen ondorioz erreferentzialtasuna galdu du programak.
Bihar bukatuko da Hitzetik Hortzera programaren aurtengo denboraldia. Jon Artano da programaren aurkezlea eta zuzendaria, eta gustura dago lan-taldeak egindakoarekin: "Esango nuke programan atzera ez dugula egin, alderantziz, iaztik hobetu ere egin dugu nire iritziz". Beretzat "pribilegio" bat da Hitzetik Hortzeran lan egitea. "Jendeak pentsa dezakeenaren kontra lan gogorra da, asko eskatzen duena gugandik, baina aldi berean pribilegio bat da. Pribilegio bat da hemen lanean ari garenok gozatu egiten dugulako bertsolaritzarekin, eta, hori bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa dena, ahalbidetzen digulako bertso bila abiatzen garenean jendearekin harremanak izatea. Lanean ari garenean festan egoten gara, eta hori ederra da". Dena den, aurtengoa ere kurtso gogorra izan delakoan dago eta "nekatuta" iritsi omen da denboraldi amaierara.
Laugarren urtea du Artanok programan eta aldaketak izan dira urte horietan. "Felix Irazustabarrena da hasieratik nirekin dagoena, eta erredakzioko gunea ere gu gara. Gure erredakzioan gu bioz gain saioetara joateaz arduratzen diren Itziar eta Ihintza Irizar ere badaude. Guk duela bi urte aldaketa handi bat izan genuen Hitzetik Hortzeran, ordura arte ekoiztetxe batek egiten baitzuen eta egiteko modua aldatu egin baitzen. Gauza batzuk aurretik erabakita etortzen zaizkigu guri, platoan grabatu behar izatea adibidez, eta azkenean erabat gure esku dagoen gauza bakarra bertso-saioen grabaketa da eta gu horren emaitzarekin konforme gaude. Beste guztian guri marraztu diguten joko-esparru horretan ahalik eta ondoen moldatzen saiatu gara, baina ez da guk aukeratutako esparrua".
Dena den, aurtengo denboraldian "dena ez da urrea izan". Jon Agirresarobe Bertsozale Elkarteko Sustapen Saileko eragilea da, eta ETBrekin izandako harremanetan zenbait zailtasun nabarmendu ditu. "urte hasieran jakin genuen denboraldiak sei programa gutxiago izango zituela. Hori ez da albiste ona. Eta, bestetik, ordutegiarena: aurten ez dugu ETBrekin programak beharko lukeen ordutegi erreferentzial bat lortzeko modurik izan. Lehenengo proposamena izan zen igande gaueko emisio hori berandutzea, eta gero larunbat eguerdira pasa gintuzten. Horren komunikazio onik ez da egin urte guztian zehar, eta alde horretatik ez gaude gustura programazioaren diseinuarekin". Honek guztiak audientzia datuetan ere eragin du, aurten iaz baino datu baxuagoak izan baititu programak. "Gure zenbakiak kokatu behar dira ETB1en audientzia txarretan, eta gureak ere onak ez dira. Bertso Egunean jendeak galdetu egiten zigun ea programa emititzen ari ote ginen aurten, eta jendeak gure programa ze ordutan den ez jakitea deigarria da. Larunbat eguerdian jarri gaituzte eta guk lehendik igande eguerdietako erreferentzia geneukan, eta hor despiste handia egon da". Jon Artano ere bat dator honetan, eta jendearentzat programa "galdu" egin dela dio.
Hitzetik Hortzera: bertsoa baino gehiago
Gaur egun telebistan mugimenduak eta bizitasunak geroz eta indar handiagoa hartzen duten honetan, zein da Hitzetik Hortzeraren balioa? Jon Artanoren hitzetan programak telebistaren bidez zabaltzen du jende euskaldunak naturalki bizi duena: "gure inguruko zenbait lekutan bertsoen bidez loratzen den hori dena guk jasoko ez bagenu telebistan ez litzateke egongo. Agian nire inpresio soil bat da, baina zenbaitetan pentsatzen dut gure programaren balio nagusietako bat hori dela. Konparazio batera Iturengo bertso-bazkarian bizitzen dena, nahiz eta sekula ez den bertan bizitu den bezalakoa telebistan ematen dena, guk emango ez bagenu galdu egingo litzateke. Bertsolaritza bera eskaintzea ere bada. Ez dakit ikus-entzunezko lengoaiari zer aporta diezaiokeen bertsolaritzak berak, baina euskaldunarentzat eta euskal kulturarentzat garrantzitsua da bertsolaritza hor egotea. Hitzetik Hortzeraren bidez bertsolaritza bera baino zerbait gehiago pantailaratzen da".
Datorren urtean zer?
ETB1en murrizketak izan dira azken aldian, eta zenbait programa desagertu egin dira programaziotik, Sautrela, esate baterako. Jon Agirresaroberen iritziz datorren urtean ere Hitzetik Hortzera ikusteko aukera izango dute bertsozaleek: "Martxoan egin genuen bilera bat beraiekin eta Hitzetik Hortzerak antzeko baldintzetan jarraituko zuela adierazi ziguten. Egia da geroztik jakin dugula murrizketa handiagoak etorriko direla ETBn, eta ikusi egin behar. Momentu honetan ekainean lanean jartzekotan eta negoziatzen hastekotan gara. Gure aldetik aurtengoaren balorazio bat egiten ari gara: programak zer eman duen, bertso-saioak ekartzeko modua, platoa lantzeko modua... Ikusi behar da oraingo baliabide eta lan egiteko moduekin nola hobetu dezakegun. Hori da guk egingo dugun hurrengo urtera begirako irakurketa: lehenengo lan-taldeak egingo du, gero Sustapen sailak eta gero joango gara ETBrengana. Prozesu hori ekainean hasiko da. Aurretik dakiguna da printzipioz programak jarraitu egingo duela eta elkarrekin ordutegi on batean kokatu eta apustu integral bat egingo dugula. Hori guztia ETBren egoerapean eta etor daitezkeen murrizketen barruan kokatu beharko da".
Datorren urtera begira, beraz, programak "erreferentzialtasuna" berreskuratzea izango da helburu nagusia. Jon Artanoren iritziz ere, programak "aldaketa" batzuk beharko ditu datorren urtean, eta hori lantzen ari dira lan-taldean. Bertsozale Elkartearen aldetik programari eustea garrantzitsua da Jon Agirresaroberen ustez. "Telebista da eta, nahiz eta jendeak ez duen komunikazio tresna hau lehen adina kontsumitzen, oraindik ere plaza garrantzitsua da. Asteroko leihotxo hori mantentzea eta horren bidez bertsolaritzaren printzak eta oinarria erakustea uste dut garrantzitsua dela. Ez dugu ezer oparituko baina hitzarmen horren alde egingo dugu".
Bihar Bartzelonako Bertso-Soparra
Bihar, denboraldiko azkeneko programa izanik, saio berezia prestatu dute Hitzetik Hortzeran. Bartzelonatik egingo dute azkeneko programa, programak berak Bartzelonako Euskal Etxearen laguntzarekin antolatutako Bertso-Soparraren bidez. Agin Rezola eta Igor Elortza aritu ziren bertsotan, batzuetan librean eta besteetan Jone Uriak jarritako gaiekin. Programan bertso-soparreko unerik onenak eta hiru protagonistei egindako elkarrizketak eskainiko dituzte. Gainera, Jone Uriak udazkenetik hona Bartzelonan izandako bizipenei buruz jarritako bertsoez ere gozatu ahal izango dute bertsozaleek. Dena den, programak ez ditu bertsoak soilik emango, Bartzelonara egindako bidaia aprobetxatuz Sants auzoko Borinots Castellers taldeaz ere arituko baitira. Jone Uria bertako kidea da, eta Kataluniako tradizio honen berri emango du programan, bertso kantuan.
Herrialde Katalanetan bertan badago kantu inprobisaturako tradiziorik, eta indarra hartzen ari da, gainera, azken urteotan. Horren erakusgarri, Milena Rafòls, Lluis Gracia, Christian Silemio eta Farriol Macip glosadoreek egindako saio bat emango du Hitzetik Hortzerak, beraiekin egindako hizketaldiarekin batera.
Zappingean ere Euskal Herritik kanpoko kantu inprobisatuak izango du bere lekua. Pomada taldeko Carles Beldak eta Helena Casasek Euskal Herrira egindako bidaia orotuko dute eta Bilborock aretoan Jexux Mari Irazu eta Maialen Lujanbiorekin egindako saioa eskainiko du Hitzetik Hortzerak.
Aste honetako erreportajea "Errimak oinetan" ekimenari eskainiko diote. Haatik konpainiak sortutako emanaldia da, eta Unai Elizasuk gidatuta bertsoak dantzatuko dituzte Aiert Beobide, Garazi Lekuona, Onintza Odriozola, Gotzon Poza eta Maitane Mujika dantzariek. Hitzetik Hortzerako kamerak entsegu batean sartuko dira. Emanaldia ekainaren 2an estreinatuko dute Leioan.
Bukatzeko, Zuri-beltzeko Auspoa atalean Txomin Garmendia bertsolaria ariko da hizketan. Inoiz irakurri duen nobelarik ederrena aurkeztuko du: Juan Jose Irazustak idatzitako "Nork bere bidea". Liburuak Patagoniara heldutako euskaldun baten abenturak kontatzen ditu.
Programa bihar emango du ETB1ek, iluntzeko 21etan. Dena den, internetez ere ikusi ahal izango da eitb.com/nahieran web orrian.