Gaur egin dute aurkezpen prentsaurrekoa 2012-05-24

"Araba Bertsozale" eta "Arabako bertso-eskolek 30 urte, 11 opari" egitasmoak aurkeztu dira

"Araba Bertsozale" ekimenak hiru helburu dauzka: bertsolaritza zabaltzea kultur eragileen artean, plaza berriak lortzea eta zale berriak sortzea. "Arabako bertso-eskolek 30 urte, 11 opari" ekimena, berriz, Arabako bertso-eskolen sorreraren 30. urteurrena ospatzeko jaio da, eta kultura eta euskara eragile ezberdinei dohainik eskainiko dizkie bertso-saioak.
 Aurten 30 urte beteko dira Araban lehenengo bertso-eskolak sortu zirenetik. Data seinalatu honetan, bi ekimen aurkezteko prentsaurrekoa antolatu du gaur Arabako Bertsozale Elkarteak: Araba Bertsozale eta Arabako bertso-eskolek 30 urte, 11 opari. Prentsaurrekoan izan dira Karmele Madinabeitia (1982an Gasteizko bertso-eskolaren sortzaileetako bat), Andere Arriolabengoa (Arabako Bertsozale Elkarteko sustapen arduraduna eta bertsolaria), Asier Lafuente (bi egitasmo hauen koordinatzailea) eta Iciar Lamarain (Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailburua).

 Araba Bertsozale

 Araban bertsolaritza inoiz egon den egoerarik onenean dago Bertsozale Elkarteak azaldu duenez: 2000 gaztetxok jasotzen dute bertsolaritza Arabako ikastetxeeko ikas orduetan; 12 herritan daude bertso-eskolak eta iaz 180 bertso-saio egin ziren Araban. Zabalpena handia izan arren oraindik ere Arabako zenbait txokotan bertsolaritza partzialki baino ez da ezagutzen. Bertsozale Elkartetik azaldu dutenez "Kultur adierazpide bizia, parte-hartzailea, herrikoia, moldagarria eta gazteentzako gero eta erakargarriagoa den heinean, bertsolaritza zer den, nolakoa den eta zein errealitate bizi duen ezagutzera ematea garrantzitsua iruditzen zaigu".

 Horrez gain, bertsozale eta bertsolarientzat garrantzitsua da txapelketatik kanpora bertsoez gozatzeko plazak edukitzea, han garatzen eta gozatzen baita bertsoa.

 Behar hauei erantzuteko antolatu dute Araba Bertsozale ekimena, hiru helburu dauzkana: Arabako bertsolaritza zabaltzea kultur eragileen artean, plaza berriak lortzea eta zale berriak sortzea. Dagoeneko hasiak dira proiektua garatzen, eta Arabako zenbait kultur eragilerekin hizketan ari dira. Horrez gain, uda partean eta herriko jaien inguruan bertso-emanaldiak antolatzen hasi dira eta udazkenean bertsolaritzari buruzko ikastaro laburrak abiatuko dira.

 Egitasmo honetan ez da bakarrik egongo Arabako Bertsozale Elkartea, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlarutzaren diru-laguntzak jasoko baititu. Gainera, Arabako Kontzejuen Elkarteak eta Berriak ere laguntza emango diote Bertsozale Elkarteari.

 Arabako bertso-eskolek 30 urte, 11 opari

 1982an sortu ziren Araban lehenengo bertso-eskolak. Urte horretan Gasteizen eta Laudion zenbait aitzindari elkartu eta bi bertso-eskola sortu zituzten. Honen ondoren indartuz joan zen mugimendua Aramaio, Agurain, Legutio eta Amurrioko bertso-eskolekin lehenengo eta Izarra, Oion, Zalduondo, Araia, Maeztu, Murgia eta Kanpezukoekin ondoren. Gaur egun 12 herritan daude bertso-eskolak Araban, 30 talde denera. 190 lagunek hartzen dute hauetan parte.

 Bertso-eskola bertsoa eta euskararen inguruan euskaldunak elkartzeko gunea da, eta ikasketa eta jarduna elkartzen dira bertan. Ikasketaz gain bestelako ekimenak ere sortzen dira bertso-eskolatik. Hala, bertso-eskolak erreferentzia puntu bat dira udalarentzat, jai-batzordearentzat eta jendearentzat. Bertso-eskolaren ekimenaren arabera bertso-saioak antolatuko ditu, bertso-paperak egingo ditu eta beste hainbat emanaldi ere sortu daitezke bertatik. Arabako Bertsozale Elkarteak azaldu duenez "bertsolaritza, kultura eta euskararen biharko eragileak sortuko dituen oinarriko egitura da bertso-eskola".

 Gaur egun Araban loratu den mugimenduak orain dela 30 urte izan zuen hazia, eta aitzindariak omenduko dituzte aurten, lehenengo bertso-eskolen sorrera ospatzeko. Horregatik, kultura eta euskara eragile ezberdinei bertso-saioak dohainik eskainiko zaizkie.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri