Plazatik Gaztetxera sariketa 2012-06-13

Aimar Karrika eta Maddi Sarasua finalera

Pasa den ostiralean jokatu zuen Plazatik Gaztetxera sariketaren lehen finalaurrekoa Debako gaztetxean. Aitor Salegi eta Aitzol Urainen aurka buruz burukoa jokatu ondoren, Aimar Karrika eta Maddi Sarasuak lortu zuten finalerako zuzeneko txartela. Mikel Artola eta Imanol Irazustabarrena eta Ion Mikel Mujika eta Aimar Goenaga ere han izan ziren kantuan
Debako Gaztetxetik bidalitako kronika:

Pasa den ostiralean jokatu zen XI. Plazatik Gaztetxera txapelketako bigarren faseko lehen kanporaketa edo finalerdia Debako gaztetxean. Urtez urte egin izan da Deban plazatik gaztetxera, eta aurtengoan ere entzuleek ez zuten huts egin. 70 lagun inguru inguratu ziren gaztetxera eta sekulako giroa izan zen bertan.

Debako Gazte Asanbladak Arrano Elkartean prestatutako afariaren ondoren, saioari hasiera eman zitzaion gaztetxean bertan entzuleen ikusminaren aurrean.

Saioari hasiera ederra eman zioten zortziko handiko ariketan bertsolariek. Izan ere, zinez da aipagarria Ion Mikel Mujika eta Maddi Sarasuak egin zuten ariketa: Gerra Zibila izan duten bi agureren paperean jarri zituen gai jartzaileak, beren herrian Espainiako Armada maniobrak egiten ari delarik goiz hartan. Zortziko txikian ere fin aritu ziren lau bikoteak, publikoaren txalo zaparradak lortuz. Ondoren saioan zehar zeresana emango zuen Aimar Karrika eta Aitor Salegik zortziko txikian eginiko ariketak. Murrizketak zirela eta zezenketa bat gutxiago hala karpa kentzearen artean erabaki behar zen jai batzarrera berandu iritsi diren, eta beraz erabakiaren zain dauden jubilatu zezenzalearen eta gazte kontzertuzalearen azalean jarri zituen gai jartzaileak.
Kopletan umorea izan zen nagusi. Mikel Artola eta Aitzol Urain atez atekoa dela eta gosez hil daitezkeen bi korrokoiren ahotik kantatu behar izan zuten. Aimar Karrika eta Imanol Irazustabarrena hondartzan jarri zituen gai jartzaileak, bainujantzia zeraman bati eta slip-a zeraman beste bati begira. Txalo zaparrada ederra jaso zuten.
Koplen ostean etorri ziren bakarkakoak. Bertso ederrak bota zituzten bertsolariek gaiari erantzunez.
Behin publikoaren botoak jaso eta epaileen puntuazioa zehaztuta, buruz burukora pasatzeko epaileen txartela Maddi Sarasua eta Aimar Karrika izan zen. Publikoaren bozka, ostera, Aitor Salegi eta Aitzol Urainek lortu zuten. Bi talde horiek jokatu zuten buruz burukoa.
Hamarreko txikiko ariketa egin zuten lehenengo. Umoretik jo zuen gaiak, garagardoa amaituta patxarana eta ura soilik gelditzen zirelarik gaztetxean saioa amaitzerako, eta bi orduren buruan topo egiten zuten Aimarrek guztiz mozkortuta eta Aitorrek zeharo fresko taberna batean. Saioan zehar ateratako gaiekin ederki jokatu zuten bi bertsolariek, bertso ederrak eskainiz.
Ondren, kantu banaren zati bat jarri zien gai-jartzaileak: Maddiri Mikel Laboak abestutako Gure bazterrak suertatu zitzaion; Aitzoli Xabier Leteren Nafarroa Arragoa.
Bertso horiekin amaitu zen saio puntuagarria, eta epaiak Maddi Sarasua eta Aimar Karrikari eman zien finalerdietarako txartela.
Zortzi bertsolariei opariak banatu zizkieten Asanbladako zenbait kidek, eta bertsolarien esker oneko agurrekin eman zitzaion amaiera saioari.

Azken sailkapena:
1.- Maddi Sarasua eta Aimar Karrikak 188,5 puntu (Finalera zuzenean sailkatuak)
2.- Mikel Artola eta Imanol Irazustabarrenak 184 puntu
3.- Aitzol Urain eta Aitor Salegik 173 puntu
4.- Ion Mikel Mujika eta Aimar Goenagak 173 puntu

Datorren astean, ekainaren 15ean, Soraluzen jokatuko da azken kanporaketa. Hurrengoak dira kantatuko duten bertsolariak:
•    Peru Vidal eta Imanol Uria
•    Maddi Gallastegi eta Jon Ruiz de Pinedo
•    Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia
•    Eneko Beretxinaga eta Mikel Olaizola

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri