Orio, Aia eta Leitzako herriek elkarrekin antolatuta 2012-06-26

Manuel Lasarteri omenaldia Orion. Ekitaldia bideoan.

"Lasarte zarrak beti maiteko zaituzte"

"Lasarte zarrak beti maiteko zaituzte" dioen bertsoa abestuz hasi eta amaitu zuten ostiraleko omenaldia. Guztira 30 lagunetik gora igo ziren oholtzara musika, kantua eta dantza uztartuz, eta Manuel Lasarte bera eta berak sortutako bertsoak oinarri hartuta.

Jende asko hurbildu zen Karela kiroldegira ikuskizuna ikustera. Jon Agirresarobe Orioko kultura-zinegotzia aritu da antolakuntza-lanetan eta berak esan digunez "650-700 lagun bildu ziren Manuel Lasarteren omenaldian, eta jendea gustura atera dela dirudi, zerbait esatera ausartu direnak behintzat hala esan digute". Antolatzaileak  oso gustura geratu dira ostiraleko emaitzarekin, "Xumea eta etxekoa izatea nahi genuen eta hala izan zen. Zenbait momentutan hunkigarria ere bai. Gustura, emaitzarekin eta lan egiteko moduarekin: hiru herrietako eragileok izan dugun batasuna eta kohesioa ikusita" dio Agirresarobek.

Errementaria zen Lasarte eta burdina lantzen egindako lanak ere izan zuen bere lekua; burdinaren kolpe-hotsek eman zioten hasiera ikuskizunari. Leitza, Aia eta Orio izan ziren Lasarteren bizitzako hiru herriak. Nafarroako herrian jaio zen 1927an, 12 urterekin joan zen bizitzera Aiara bere familiarekin eta 27 urtetik aurrera Orion bizi izan zen. Hiru herri horiei Lasartek jarritako bertsoak entzun ondoren, Miel Mari Elosegi "Luze" bertsolari leitzarrak, Martin Rezabal "Olaso" bertsolari aiarrak eta Patxi Etxebarria bertsolari oriotarrak bertso bana abestu zuten. "Gu zazpi senide" bertso-sorta entzun ahal izan genuen ondoren, Olaxka abesbatzaren ahots goxoetan.

Bat-bateko bertso-saioak ere izan ziren emanaldian zehar. Anjel Mari Peñagarikano, Andoni Egaña eta Julio Soto aritu ziren bertsotan, Unai Manterolaren agindupean. Lehenengo bertso-saioan zerura bidali zituen Peñagarikano Xalbadorren paperean, Egaña Uztapideren lekuan eta Soto Lazkao Txikirenean. Lasarteri ongietorri ederra egin zion hirukoteak.

Antton Aranburuk Lasarteri egindako elkarrizketa entzun ondoren, Mertxe Oliden oriotarrak "Gazte garaiko ibillera" bertso-sorta abestu zuen trikitilariaren laguntzarekin. Alazne Arrutik "karakola eta barea" izeneko Lasarteren pasadizoa kontatu zuen eta jarraian bat-bateko bertso-saio ederra osatu zuten Egaña, Peña eta Sotok.

Gari eta Iñaki trikitilari eta pandero-jole goierritarrak ere igo ziren oholtzara, eta hauek orain dela gutxi hil den Florentino Goiburu idiazabaldarra gogoan hartu ondoren "Mozkorrari jarriak" bertso-sorta abestu zuten. Orioko Errikotxi bertso-eskolakoek ere Manuel Lasarteren hainbat bertso ekarri zituzten gogora Imanol Urkizuren laguntzarekin; besteak beste, 1973an Añorgan komunari botatako bertsoak eta ehun mila pezetatako sarian txerri hiltzeari jarriak.

Iñaki Perurena harrijasotzaile leitzarrak eta Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak ere hitz batzuk egin nahi izan zituzten; azken honek Lasartek erabiltzen zuen errima estuaz hitz egin zuen.

Gaztetxoenak ere han izan ziren, Orio eta Leitzako bertso-eskoletako ikasleek Lasarte eta Uztapideren bertsoaldi bat abestu zuten. Peña, Egaña eta Sotoren azken bat-bateko saioaren ondoren, Joxera San Sebastian abeslariak Lasarteri kantatu zion, gitarraren eta aho-soinuaren laguntzarekin. Dantzarien emanaldiaren ondoren, Eugenio Lasarte, Manuelen semea, igo zen oholtzara eta bospasei bertso abestu zituen bere aita gogora ekarri eta omenaldia egin izana eskertzeko.

Patxi Olidenek bi bertso abestu eta gero eman zioten amaiera omenaldiari parte hartu zuten guztiak oholtzara igo eta entzuleekin batera kantuan.

Hemen behean duzue ekitaldia oso-osorik ikusteko aukera.


Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri