Bertso-saioa Lesakan 2012-07-09

Sanferminetan

Sanferminetako saioa antolatzen duen Lesakako Arrano Elkarteak 25 urte bete ditu aurten, eta horrekin batera ospatu duten bertso-saioaren urteurrena ere. Xabier Silveira, Julio Soto, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio aritu ziren kantuan eta Garazi Konde gai-emaile lanetan.

Urteroko moduan, oholtza pareko aulkietan baino jende gehiago zegoen eserita plazaren bazterretan. Baina bazterrean egoteak ez du esan nahi saioari kasurik egin ez zietenik, adi-adi egon ziren denak. Jende asko elkartu zen Plaza Zaharrean, eta gazte asko. Asteburu-pasa Lesakara parrandara joandakoek bertsoak entzuteko tartea hartu zutenaren seinale.

Bertsoak entzutearekin batera, gehienak zerura begira zeuden noiz euria hasiko baina Lesakako mikroklimak ez zuen euririk ekarri, gaitzerdi. Bertsolarik ederki zeuden kioskoaren azpian baina entzuleok blaitu ederra hartu behar genuen.

Lesakako Sanfermin egunean ohi den moduan, herriko gazteek dantza egin zuten plazan saioa hasi aurretik. Ondoren, aulkiak jarri eta hasiera eman zitzaion bertso-festari. Motorrak berotzeko, Nafarroan aurten egin den Bardoak ekimenaren irabazle izan diren Rimak Exkaxko taldeko kideek agur ederra egin zuten. Estitxu Fernandez, Eneko Fernandez eta Iñigo Olaetxeak oholtzara igoko ziren bertsolariak aurkezteaz gain, azkenaldian albiste izan diren hainbat gertaerei ere abestu zieten.

Ordu t'erdiko saioa osatu zuten Julio Soto, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Xabier Silveirak. Garazi Kondek aurkeztu zituen Bortzirietako Bertso-eskolak jarritako gaiak. Ez zen punta-puntako saioa izan baina osatu zituzten hiruzpalau bertsoaldi polit. Aipatzekoa Soto eta Lujanbiorena, hondartzara joan eta Maialen harrituta geratu da Julioren gorputzarekin. Polita baita ere, Egaña gaupasaz prozesioan doan Silveira Sanfermin santuari abestuz.

Egañak eta Lujanbiok osatu zuten barre-algara gehien eragin zituen bertsoaldia. Adineko bikotea Lesakako sanferminetan ordu txikitan etxeko balkoitik begira. Han ikusi dute bikote-gazte bat etxeazpiko baratzan goxo-goxo.

Saioari amaiera emateko gai serioa jarri zioten Egañari bakarkako lanerako. Duela gutxi jakin baita Nafarroako Gobernuak Bertsozale Elkartearekin zuen hitzarmena haustea erabaki duela. Hitzarmenak ikastetxeetan bertsolaritza irakastea ahalbidetzen zuen.

Hauxe eman du aurtengo Lesakako sanferminetako bertso-saioak. Hurrengo urtean gehiago, hala bedi!



Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri