"Zer da gai jartzea? Nola egin saio txar bat gaien erruz" da hitzaldiaren izenburua.
Azkoitiako Kultur Etxean hitzaldi bat eskainiko dute Andoni Egañak eta Unai Elizasuk gaur arratsaldeko 19:30etan. Hitzaldiak honako izenburu hau dauka: "Zer da gai jartzea? Nola egin saio txar bat gaien erruz". Unai Elizasuri "ilusio handia" egin zion hitzaldi hau emateko deia jasotzeak. "Polita da Erniarraitz bertso eskolako jendeak guri deitu izana". Bere iritziz, normalean "gai jartzailearen lana ezkutuan geratzen da, ez da hitzaldietan aipatzekoa izaten". Horregatik, "zerbait berezia" eskaintzeko asmoa daukatela dio, "hitzaldi ezberdin bat". "Gai jartzailetzaren inguruan hitz egingo dugu, lan honen garrantzia aipatuko dugu, baina entzuleria berezia izango da. Bertso Astean mugitzen den jendea ez da hutsetik abiatzen, eta horiei zerbait atsegina eskaintzen saiatuko gara".
Hitzaldiaren izenburua bera ere berezia da. "Izenburu posible ugari otu zitzaizkigun: nola egin saio on bat gai txarrekin edo nola egin saio txar bat gai onekin, adibidez. Azkenean hau aukeratu genuen, iradokitzailea delako".
Gai jartzaile ofizioaren inguruan ariko dira Egaña eta Elizasu, beraz. Hau ez da, ordea, aurtengo Bertso Astearen emanaldi bakarra izango, oraindik ere honako hauek ere antolatu baitituzte Erniarraitz Bertso Eskolakoek.
OTSAILAREN 20a, OSTIRALA
Errezilgo Borondegi jatetxean, gaueko 20:00etan
Bertso Zakutoa
Afalostean Antton Iztuetak espreski egindako bertso zahar eta berrien bildumaren kantaldia izango da.
Gainera, herritarrek Bertso Astean parte hartu ahal izango dute Bota Bertsoa lehiaketaren bidez. Parte hartu nahi duenak "eta gero zer?" gaiaren inguruan bertso bat egin beharko du. Bertso hori herriko tabernetan jarritako kutxetan bota edo erniarraitz@hotmail helbidera bidali beharko du. Epea martxoaren 8an amaituko da.
Sariak martxoaren 14an Azpeitiako Sanagustinpen egingo den bertso jaialdian banatuko dira. Gaueko 22:30etatik aurrera honako bertsolari hauek kantatuko dute bertan:
Andoni Egaña
Sebastian Lizaso
Jon Maia
Uxue Alberdi
Juan Jose Eizmendi
Jokin Uranga
Gai jartzaile lanetan, berriz, Xabier Azpillaga arituko da.