Motxian Bertso Eskolako kide den Aitor Urbietak azaldu duenez jendea hurbildu da saioetara eta giro ona izan dute. Ostegunean bertso-sorten emanaldi musikatua egin zuten, ostiralean gazteei zuzendutako tribiala eta bertso-saioa eta larunbatean Txepelketa hogeita lau partehartzailerekin.
Joan zen astean Bertso Astea ospatu zen Zarautzen ostegunetik larunbatera bitartean, Motxian Bertso Eskolak antolatuta. Bertako kide den Aitor Urbietak azaldu duenez "ondo" joan da aurtengo edizioa. Ostegunean hasi ziren bertso-doinuak Zarautzen, urtero bezala bertso-musikatuekin. "Hamar bat sorta aurkezten ditugu, baina denak ez dira gureak izaten, Lasarte, Txirrita edo Lazkanorenak ere aurkezten ditugu. Gainerakoak guk jarriak ziren: Felix Zubiak bere txikiari, Hodeik Palestinara egin zuen bidaia batenak... Eta Uxue Alberdiren eta Julio Sotoren sortak ere kantatu genituen. Gitarra eta ahoko soinua eta bateria edo kaja flamenko batekin kantatzen ditugu. Aurten ere ondo atera zen ekitaldia, giro goxoa sortu zen eta jendea gustura egon zen".
Ostiralean, berriz, gazteei begira jarri ziren. "Aurreko urteetan antzerkiak ekarri izan ditugu: Aizarnazabalekoa edo "Hiru bi zast, Egizu jolas!" adibidez. Aurten ez dugu antzerkirik ekarri; bageneukan San Pelaiotarako prestatuta joko edo tribial bat azkenean egin izan ezin genuena, eta hori aprobetxatuta horixe eraman genuen Torre Luzeako Goiko Plazara. Partehartzea irekia zen, eta bageneukan beldurra zenbat jende animatuko ote zen, baina azkenean bi-hiru koadrila konbentzitu eta nahiko joko polita egin genuen".
Tribialaren ondoren bertsolari gazteen saioa egin zuten honako bertsolari hauekin:
Maddi Sarasua
Ortzi Murua
Nerea Ibarzabal
Haritz Mujika
Jokin Bergara
Amaia Urbieta
Aitor Urbieta bera aritu zen gai-jartzaile lanetan eta gustura dago saioarekin: "Saio polita osatu zuten, nahiko azkar joan zen. Gainera jendea ere bertaratu zen, ez, agian, ostegunean adina, baina jendea hurbildu zen".
Bertso Astea borobiltzeko klasiko bat izan zuten: Txepelketa. "Goizean goiz hasten gara; hamar t`erdietan Musika Plazan mahai bat prestatzen dugu jatekoarekin, haragi egosiarekin... Hamaiketakoa banatzen dugu hamabiak arte eta hamabietan hasten da Txepelketa edo txapelketa berezi hori. Aurten partaide dezente izan dira gainera, 24. Buruz buru aritzen dira kantuan bazkalordura arte, eta bazkalosteko saiotik atera zen txapelduna. Aurten atzerritarra izan dugu garaile: Mikel Artola. Kanpotik Adur Gorostidi eta Manu Goiogana (iazko txapelduna) etorri ziren, eta azkenean alegiarra nagusitu zen buruz burukoa Julen Zulaikarekin eginda. Dena librean egiten da, gairik eman gabe. Txepelketa pentsatua dago jendaurrean kantatzera ohitua ez dagoen baina bertsozalea baden jendearentzat, eta epaitzerako orduan ere txapelketa berezia da, hankaluze eta potoei ez zaielako hainbeste garrantzia ematen eta ateraldi bereziak saritzen dira gehiago".