Arkaitz Estiballes, Alaia Martin, Jon Maia, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio aritu ziren kantuan, Manu Olano gai-jartzaile zutela. Gai serioekin hasi baziren ere umorea nagusitu zen azkenean ordu t`erdi inguru iraun zuen saioan. Tradizio handiko saioa da Altzokoa.
Urteroko bertso-jaialdia ospatu zen joan zen igandean Altzon. Urtero bezala, aurten ere goraino bete zen pilotalekua, eta Altzotik bertatik eta inguruko herrietatik bertaratutako 300 bat bertsozale elkartu ziren saioa jarraitzeko. Gaueko 22:30ak jo berriak zirela atera zen Manu Olano gai-jartzailea oholtzara, eta honako bertsolari hauek igo ziren bere atzetik:
Arkaitz Estiballes Alaia Martin Jon Maia Amets Arzallus Andoni Egaña Maialen Lujanbio
Aurreko urteetan baino oholtza baxuagoa prestatu zuten aurtengorako bertsolariak entzuleengandik gertuago egon zitezen. Ohi bezala giro ederrean joan zen saioa, eta maila handiko bertsoaldiak entzuteko parada izan zuten bertaratu zirenek. Ofiziokako lanekin hasi zen jaialdia. Amets eta Arkaitz hasi ziren, eta euskararen inguruko V. Inkesta Soziolinguistikoaren iritzia eman zuten biek.
Ondoren, umoreari heltzeko moduko gaia jarri zien Manu Olanok Alaia eta Joni. Aita eta alaba dira biak. Ondoko herrian jaiak direla eta, asko kostata baina adostu dute alabak ze ordutan etxeratu behar duen: goizaldeko ordubatetan. Ordua iritsi eta aitak etxera eraman du alaba, baina behin etxera iritsita aitak festara itzuli nahi du. Ideia bikainekin bertsoaldi freskoa osatu zuten bi bertsolariek.
Maialenek eta Andonik ere umorezko ariketa burutu zuten hamarreko txikian. Aspaldiko bikotea dira biak. Hasieran metro eta hogei zentimetroko ohe batean gustura egoten ziren. Orain, hogei urte pasata, bi metroko ohean egiten dute lo, baina ez dakigu zoriontsu diren edo ez. Maila handiko saioa osatu zuten biek.
Behin binakako ariketak eginda, sei bertsolariak altxarazi zituen Manu Olanok. Altzon tradiziozkoak bihurtu dira sei puntutik gorako bertsoak, eta aurtengoan ere neurri horretatik gora aritu behar izan zuten bertsolariek. Gaia honako hau: Bizi dugun krisi egoera dela eta Eusko Jaurlaritzako Gobernuak alertan pasa behar omen du uda. Baina, zer esan nahi du horrek? Era askotara heldu zioten gaiari bertsolariek, eta entzuleek gogotik txalotu zuten hauek egindako lana.
Alaiak eta Arkaitzek binaka kantatu zuten ondoren, berriz ere umorez. Elkarren ondoan lan egiten duten bi langile dira biak. Azken aldian Alaiak estresatuta ikusten du Arkaitz. Entzuna dauka baratzako lana ona izaten dela estresaren kontra, eta gaur lanera baratzako tresneria eta guzti agertu da oiartzuarra. Elkarrizketa polita osatu zuten bien artean.
Saioa berotzen ari zen, eta ondoren iritsi zen jaialdi osoko ariketa txalotuenetako bat. Alaia, Amets eta Maialen zutitu ziren. Maialenek dementzia dauka, eta erremedio ona izaten omen da garunaren estimulazioa. Beste bi bertsolarien lana Maialenen garuna estimulatzea izango da galderak eginez. Galderetan asmatu egin zuten Alaiak eta Ametsek, eta Maialenek ederki erantzun zien. Entzuleek gogotik estimatu zuten ariketa hau.
Andoni, Arkatz eta Jon ere hirunaka aritu ziren ondoren. Aspaldiko hiru lagun dira, orain dela urtebete ikasketak bukatu eta lanbidea elkarrekin antolatu dutenak. Arkaitzek psikologia egin du eta Jonek sexologia. Biek kontsulta zabaldu dute, eta ekonomia ikasi duen Andonik laguntzen die. Gauzak ez dira espero bezain ondo atera, ordea. Irudimen handiko ariketa osatu zuten hirurek.
Berriz ere gai sakonetara bueltatu zen saioa hirunakako saioen ostean. Jonek bakarka esaldi baten inguruan kantatu behar izan zuen: "Ez dugu zoriontasunik, soilik zoriontsu izateko nahia edo desioa". Hiru bertsotan erantzun zion Jonek esaldiari, baikor.
Jaialdien bukaera aldera askotan jartzen dira atzekoei kantatzeko ariketak, eta Altzon Maialen jarri zuten langintza horretan. Atzeko bertsolari bakoitza ze urtarotan dagoen azaldu behar izan zuen hernaniarrak, eta atzekoek erantzun. Umoretsu aritu ziren sei bertsolariak.
Ondoren, Andoni eta Amets galde-erantzunetan jardun ziren. Orain dela aste batzuk Realak Hendaiako futbol taldearen kontra jokatu zuen partida, eta Hendaiako taldean Ametsek berak jokatu zuen. Partida 15 eta 0 bukatu zen Realaren alde, eta Andoniren galdera bihurriei erantzun behar izan zien Ametsek Altzon.
Bukatzeko, puntukako ariketa osatu zuten gainerako lau bertsolariek. Ordu t`erdiko jaialdiaren ondoren gustura etxeratu ziren bertsolariak berriz ere Altzotik.