Maialen Lujanbio, Xabi Paya, Iker Zubeldia, Julio Soto, Andoni Egaña eta Amets Arzallus aritu ziren kantuan, Sebastian Lizaso gai-jartzaile zutela. 600 lagunetik gora elkartu ziren eta, urtero bezala, giro beroan joan zen saioa.
Saio berezia da inondik ere Aiako probalekuan egiten dena. Aurtengoa ez da salbuespena izan. Gaueko 22ak jotzerako 600 lagunetik gora elkartu ziren probalekuan jarritako aulkietan eta aldameneko harmailetan. Batzuk, afaltzeko denbora nahikoa izan ez eta sagardo botila eta otartekoak eskutan hartuta sartu ziren plazara. Gaueko 22:20ak jotakoan atera ziren gaueko protagonistak oholtzara:
Azken urteotan ohikoa bilakatu den moduan, bertsolari bat izan zuten gai-jartzaile lanetan. Iaz Andoni Egañari egokitu zitzaion, eta aurtengoan Sebastian Lizasok hartu du txanda. Saioa hasi orduko galdetu zien entzuleei ea bertsolariak estu hartzea nahi ote zuten, eta baiezkoa nagusitu zen entzuleen artean. Dena den, saioan zehar eroso ikusi ziren bertsolariak oholtzan, eta bertaratu zirenek izan zuten zerekin gozatua.
Hirunaka hasi ziren bertsolariak. Lehendabizi Amets, Andoni eta Maialeni ea herrietako jaiak asko aldatu ote diren galdetu zien Sebastianek. Baietz erantzun zuten bertsolariek, baina gustura zeuden aldaketarekin.
Bigarren hirukotea Julio, Iker eta Xabik osatu zuten, eta egunean zehar gertatutako anekdota baten inguruan kantatu zuten. Museko txapelketa egin zen Aian, eta 50 bikoteren artean, 80 urtetik gorako bi ahizpa nagusitu ziren azkenean. Umoretsu hartu zuten bertsolariek gertaera.
Ondoren binakako lanak iritsi ziren, eta hortxe hasi zen saioa bizitzen. Maialen eta Andoni aktualitateko gai baten inguruan jarri zituen Sebastianek. Astero botikara joaten den amona da Maialen, eta botikaria Andoni. Gaur, bere sendagaiaren bila joan denean, zati bat ordaindu egin beharko duela esan dio Andonik Maialeni. Gaia umoretik hartu zuten, eta goxotasunetik saio polita osatu zuten bien artean.
Xabi eta Amets, berriz, elkarri desafioka jarri zituen Sebastianek, beren olinpiadetako marken inguruan galdetuta. Amets bidea irekiz eta Xabi erantzunez aritu ziren, eta elkarlaneko bertsoaldi dotorea ondu zuten.
Ikerrek eta Juliok ere elkarrizketa polita osatu zuten. Apustu bat dela medio ustez bakarrik egongo zen probaleku batera joan da Iker, bere zaldia hartuta. Baina ustekabean Julio agertu zaio, animalien babeseko elkartekoa, zakur txiki zorritsu batekin. Kolpe ederrak bota zituen Ikerrek, baina ondo eutsi zion gorritiarrak.
Binakako lanen ondoren Andoniren txanda iritsi zen, gai gogor bati bakarka kantatzeko. Orain dela astebete bere alaba bortxatu zuten. Gaur atxilotu dute bortxatzailea, eta bost minutuz berarekin aurrez aurre egoteko aukera dauka Andonik. Gordin kantatu zuen zarauztarrak, errealismo handiz, eta hirugarren bertsoaren ondoren txalo-zaparrada ederra jaso zuen publikoaren aldetik.
Gai gogor honen ondoren umorera egin zuen jauzi berriro saioak. Xabi Paya atzekoei kantari jarri zuen Sebastianek. Apaiz bila ari da, eta atzekoek curriculumak aurkeztuko dizkiote, berak erabaki dezan. Bertsoak gorputz adierazpenarekin jantzita, entzuleak algaran jarri zituen Xabik, nahiz eta hautagairen batek sorpresaren bat eman zion.
Maialenek ere bakarka kantatzeko aukera izan zuen, baina konpromiso batean jartzen saiatu zen Sebastian: sekula kontatu gabeko sekretu bat kontatzeko eskatu zion hernaniarrari. Maialenek ondo eman zion buelta egoerari.
Berriz ere Maialenek kantatu zuen hurrengo gaian, Juliorekin oraingoan. 80na urteko bikotea dira. Azken boladan bakoitzak bere ohean egiten du lo, baina Julio kezkatua dago, Maialenen gelatik soinu arraroak iristen baitira. Fin kantatu zuten biek, eta entzuleek gozatu egin zuten bertsoaldi honekin.
Ametsek ere asmatu zuen publikoarekin bat egiten bakarka egin zuen saioan. Telebistan ikusi du nola gerraostean euskaldun asko joan ziren Amerikara, bizitza hobe baten bila. Zer pentsatua eman dio horrek. Goi mailako hiru bertso osatu zituen hendaiarrak, gaur egungo krisiarekin lotuta autokritika eginez.
Berriz ere umorerantz jo zuen saioak ondoren, Andoni, Xabi eta Ikerrek egindako bertsoaldiarekin. Andoni eta Xabi kontseju-emaileak dira, eta oporrak merke nola egin azaldu beharko dute "Iparragirre abila dela" doinuan". Baina tarteko puntu motzak Ikerrek egingo ditu. Jolas polita osatu zuten hiruren artean.
Bakarkako lanetan azkena Julio Sotok egin zuen. "Euskalduna naiz eta harro nago" esaldiari buruz kantatu behar izan zuen, eta hiru bertsotan ondo azaldu zuen euskaldun izateak beretzat zer esan nahi duen.
Hasierako hirukoteen txanda iritsi zen saioa errematatzeko. Ametsek, Andonik eta Maialenek Zarauzko malekoiko terraza batetik kantatu zuten, parean ikusten zituztenak kritikatuz. Saioko erreferentziak erabiliz ondo moldatu zuten bertsoaldia.
Ikerrek, Xabik eta Juliok, berriz, beste hirurak kritikatu zituzten, umorez.
Ordu eta hiru laurdeneko saioarekin gustura etxeratu ziren bertaratu ziren entzuleak, datorren urteko saioaren zain.