"Zer da gai jartzea? Nola egin saio txar bat gaien erruz" 2009-02-19

Unai Elizasu eta Andoni Egañak hitzaldia eman zuten atzo

40 lagun inguru elkartu ziren atzo Azkoitiako Kultur Etxean. Hizlariak "gustura" atera ziren.
 Pozik atera zen Unai Elizasu atzoko hitzalditik. "40 lagun inguru elkartu ziren hitzaldia entzutera, eta gustura geratu zirela esan ziguten." Gai jartzaile eta bertsolari moduan aritu ziren Elizasu eta Egaña: "nahiz eta hitzaldiaren tituluak gai jartzaileari soilik erreferentzia egin, bertsolari eta gai jartzailearen arteko harremanaz aritu ginen nagusiki." Hitzaldia baino "elkarrizketa" izan omen zen bien artekoa: "aurretik ondo prestatu genuen zein bide jarraitu behar genuen, eta elkarrizketa ordenatua atera zitzaigun".

 Dena den, arantzatxo bat ere geratu zitzaion Unairi. "Bukaeran sentsazioa eduki nuen jendea ez ote genuen gai jartzaile lana betetzeko beldurtu. Ez genuen ofizioaz zuzenean hitz egin, ez genuen jaialdi batek eduki behar duen egitura landu. Gai bat jarri aurretik pentsatu behar den guztiaz aritu ginen, eta asko harritu egin ziren. Jai jartzaile izateko hainbeste lan egin behar ote den galdetu zion askok bere buruari. Guk ez genuen jendea ikaratu nahi, baina xehetasun txikiena ere landu egin genuen azkenean, eta horrek eragin zuen sentsazio hori."

 Azpeitiako Erniarraitz bertsozale elkarteakk antolatutako Bertso Astearen baitako ekitaldia izan zen hau. Oraindik ere ekitaldi hauek falta dira Bertso Astea bukatzeko:

 OTSAILAREN 20a, OSTIRALA
 Errezilgo Borondegi jatetxean, gaueko 20:00etan
 Bertso Zakutoa
  Afalostean Antton Iztuetak espreski egindako bertso zahar eta berrien bildumaren kantaldia izango da.

 Gainera, herritarrek Bertso Astean parte hartu ahal izango dute Bota Bertsoa lehiaketaren bidez. Parte hartu nahi duenak "eta gero zer?" gaiaren inguruan bertso bat egin beharko du. Bertso hori herriko tabernetan jarritako kutxetan bota edo erniarraitz@hotmail helbidera bidali beharko du. Epea martxoaren 8an amaituko da.

 Sariak martxoaren 14an Azpeitiako Sanagustinpen egingo den bertso jaialdian banatuko dira. Gaueko 22:30etatik aurrera honako bertsolari hauek kantatuko dute bertan:

  Andoni Egaña
  Sebastian Lizaso
  Jon Maia
  Uxue Alberdi
  Juan Jose Eizmendi
  Jokin Uranga

 Gai jartzaile lanetan, berriz, Xabier Azpillaga arituko da.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri