Arkaitz Estiballes, Andoni Egaña, Uxue Alberdi eta Miren Amuriza aritu ziren kantuan Bernardo Mandalunizen esanetara. Festetako egitarauaren barruko saioa izan zen, "Euskaraz Berbetan" taldeak aurten 38. aldiz antolatu duena.
Aurten ere bertso-jaialdia egin zuten Bermeoko jaien barruan. Joan zen ostegunean izan zen hitzordua. "Euskaraz berbetan" taldeak antolatu zuen saioa, aurtengoan 38. aldiz. Ohikoa den moduan, itxura ederra hartu zen Bermeoko pilotalekuak, eta ehunka lagun bertaratu ziren bertsolarien lana jarraitzera. Honako hauek aritu ziren kantuan:
Bernardo Mandaluniz izan zuten gai-jartzaile. Saio umoretsua izan bazen ere, hasieran seriotik ekin zioten lanari. Laurek batera Kontxako estropadaren inguruko mahai-ingurua osatu zuten lehenik, eta ondoren etorri ziren lehenengo ofiziotako lanak. Andonik eta Arkaitzek orain dela 100 urte Bermeon 143 arrantzale eraman zituen galerna izan zuten kantagai. Bizirik atera zen arrantzale bakarra da Andoni, eta itsasoak eraman zuen azkenekoa Arkaitz. Olatu artean, beren azken elkarrizketa osatu zuten bertsotan, saio hunkigarria utziz.
Uxuek eta Mirenek ere Bermeo izan zuten kantagai, nahiz eta gaia esparru zabalagora eramaten asmatu zuten. Bermeon emakumeen presentzia determinantea izan da, eta gaur egun ere herriko elkarte askotan buru-buruan dabiltza. Saio polita osatu zuten elkarri erantzunez.
Bakarkako lanak iritsi ziren ondoren. Arkaitzek Diadaren inguruan kantatu zuen. Mireni, berriz, "Berria" egunkariaren egoera larriaren inguruan kantatzea egokitu zitzaion. Oholtzaren azpialdean "Zure ziztada behar dugu" kanpainaren pankarta bat zegoen eskegita.
Bakarkako lanen ondoren iritsi ziren lehenengo umore printzak. Uxuek eta Arkaitzek osatuko zuten, beharbada, saioko bertsoaldirik umoretsuena. Uxue parkera joan da bere presa-txakurrarekin batera. Arkaitz korrika etorri da aurrez aurre, eta txakurrak kosk egin dio bragetan. Hor daude parez pare, tartean askatu nahi ez duen txakurra dagoela. Elkarri erantzunez ausart aritu ziren bi bertsolariak, eta algara ederrak entzun ziren pilotalekuko harmailetan.
Umorearen ostean gai sakon baten txanda iritsi zen. Andonik honako gai honi kantatu zion bakarka: "baieztapen bat baino ez: zein gogorra izango zen kartzelan hil beharra". Josu Uribetxeberriaren inguruko bertsoaldia osatu zuen zarauztarrak.
Andonik eta Mirenek umorearen bideari heldu zioten berriro ofiziotan. Terraza batean eserita daude biak. Miren azalpenak era apasionatuan ematen ari da, baina hotz erantzuten dio Andonik. Miren bidea irekiz eta Andoni erantzunez, saio bizia osatu zuten bien artean.
Uxuek osatu zuen saioko azkeneko bakarkako bertsoaldia. Goizeko hiruretan berriro esnatu zaio haurra, eta ipuin bat kontatu beharko dio bertsotan. Irudimen handiko bertsoaldia ondu zuen elgoibartarrak.
Dena den, hurrengo bertsoaldietan lehertu zen saioa. Lehendabizi Miren eta Arkaitz altxa ziren. Neba-arrebak dira biak, Miren zaharrena. Arkaitzek lehenengo klase eguna du gaur, baina eskolako atera iritsi direnean ez du barrura sartu nahi. Umore handiko saioa izan zen.
Uxuek eta Andonik ere algarra ederrak sorrarazi zituzten. Bikote egonkorra dira biak. baina badirudi izara arteko berotasuna apaltzen ari dela. Uxuek esperimentu berriak proposatu zizkion Andoniri bertsotan, eta honek ederki erantzun zion.
Puntukako ariketarekin bukatu zuten saioa. Azkeneko ofizioaren bideari helduta aritu ziren zatirik handienean, eta oso goitik iritsi zen saioa bukaerara. Azkeneko agurrekin agurtu zituzten Bermeoko bertsozaleak.