Bi kanporaketa eta bi finalerdi izango ditu txapelketak azaroaren 10eko finalaren aurretik. Denera 16 bertsolari ariko dira kantuan. Finala Baionara eramateko apustua egin du Bertsularien Lagunak Elkarteak. Aurtengo leloa "Xapelketa, Xapel meta" izango da, partehartzaile guztien balioa azpimarratuz. Aurtengo txapelketan eskolartekoetatik jauzia emandako bertsolari bat baino gehiago izango dira: Maddi Ane Txoperena, Ortzi eta Maindi Murua eta Maddi Sarasua. Orain dela bi urteko finalean lehenengo lau postuetan gelditu ziren Amets Arzallus, Odei Barroso, Sustrai Colina eta Eneritz Zabaleta ere bertan izango dira. Mixel Aire "Xalbador" eta Joanes Etxebarriaren hutsuneak izango ditu aurtengo txapelketak, besteak beste.
Atzo egin zen Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako Bertsolari Txapelketaren aurkezpena Senpereko Larraldean (bertan du egoitza Bertsularien Lagunak Elkarteak). Joana Itzaina (Bertsularien Lagunak Elkarteko Lehendakaria), Amets Arzallus (2008 eta 2010eko Txapelketetako txapelduna), Maurice Aguerreche (antolakuntza arduraduna) eta Maite Tolosa (Kutxabanken Iparraldeko Garapen Komertzialeko arduraduna) izan ziren bertan hizlari.
Aurtengo txapelketan 16 bertsolarik hartuko dute parte. Bi kanporaketa eta bi finalerdi jokatuko dira finalaren aurretik. Honako hau da egutegia:
KANPORAKETAK:
URRIAREN 6an, LARUNBATEZ
Altzürüküko Herriko gelan, 17etan
Ortzi Murua
Ortzi Idoate
Maindi Murua
Maddi Ane Txoperena
Xan Alkhat
Egoitz Zelaia
URRIAREN 13an, LARUNBATEZ
Kanboko AIEC gelan, 17etan
Xumai Murua
Maddi Sarasua
Ramuntxo Christy
Battit Crouspeyre
Bixente Hirigarai
Gillen Hiribarren
FINALAURREKOAK:
URRIAREN 20an, LARUNBATEZ
Hendaiako Variétés zineman, 17etan
Amets Arzallus
Eneritz Zabaleta
Kanporaketetatik sailkatuak
URRIAREN 27an, LARUNBATEZ
Donibane Garaziko Vauban zineman, 17etan
Odei Barroso
Sustrai Colina
Kanporaketetatik sailkatuak
Finala azaroaren 10ean jokatuko da Baionako Lauga gelan, 17:30etan hasita. Aurtengo Txapelketan apustu handia da finala Baionara eramatea.
Partehartzaileei dagokienez, aurpegi berri bat baino gehiago izango da txapelketan, Eskolarteko Txapelketetatik jauzia eman duten Maindi eta Ortzi Murua, Maddi Ane Txoperena eta Maddi Sarasua ariko baitira bertan. Orain dela bi urteko finaleko lehenengo lau sailkatuek ere izena eman dute; Amets Arzallusek, Odei Barrosok, Sustrai Colinak eta Eneritz Zabaletak, alegia. Hutsuneen artean Mixel Aire "Xalbador" eta Joanes Etxebarria daude, besteak beste.
"Xapelketa, Xapel meta" izango da aurtengo Txapelketaren lema, partehartzaile guztien lana azpimarratzeko. Joana Itzainak azaldu zuenez, txapelketak helburu bat baino gehiago beteko du: "Duela ez hainbertze zikiroetan-eta bertsulariak kantuan hasten zirelarik gazte gehien-gehienak ostatura abiatzen ziren, hura aspergarria zelako, zaharrena, konpreniezina, betikoa. Oraitik goiti hori ez pasatzea da nahi genukeena". Horrez gain, Ipar Euskal Herrian euskararen biziberritzerako bertsoak bete dezakeen funtzioa ere azpimarratu zuen Bertsularien Lagunak Elkarteko Lehendakariak: "Euskal Herria biziko bada euskarari esker biziko dela sinesten dugulako, eta euskara biziko bada gazteentzat erakargarria delako. Bertsuarekin hori dugu erreusitzen : euskararekin jostatzea eta gozatzea. Horregatik dugu gogo berezia txapelketarekin, ez txapeldun bat hautatzeak fitxik konponduko duelakoan, bainan euskaraz aritzearen harrotasuna trasmitituko diegulako hemengo gazteei, eta ez hain gazteei".
Azkeneko bi txapelak jantzi dituen Amets Arzallus ere atzoko prentsaurrekoan izan zen, eta guzti honen atzean dagoen lanean jarri zuen begirada: "Bertso eskoletan lan handia egiten da eta elkarteak ere bai. Guri bi urterik behin txanda heldu zaigu horren ispilu izateko, jende gehienak orduan ematen dituelako begiak egiten den lan horren gainean".
Aurten ere bere web orria izango du txapelketak:
www.xilaba.net. Bertan informazio eguneratua izango da bertsozaleen eskura. Aurtengo sintonia ere bertan entzun ahal izango da. "Xutik" taldeak osatu du aurtengo kanta.
Saioetarako sarrerak, berriz, internet bidez egongo dira eskuragarri,
hemen klik eginda.
Informazio gehiago dakarte "
Naiz"-ek eta "
Berria"-k.