Jon Maia, Alaia Martin, Sustrai Colina eta Agin Rezola aritu ziren kantuan, Aitor Mendiluze gai-jartzaile zutela. Herrian zehar hainbat postontzi jarri zituzten egun batzuk lehenago herritarrek gaiak proposa zitzaten, eta saioan zehar jarritako gai gehienak proposamen horietatik atera ziren. Jende ugari bertaratu zen saioa jarraitzera.
Udazkeneko lehendabiziko bertso-saioa izango zen, beharbada, askorentzat joan zen igande iluntzean Iruran egin zutena. Festen egutegian udako ibilia ixten duten San Migel jaien barruan antolatu zuten bertso-saioa. Jende ugari bertaratu zen plazara, nahiz eta, lotsatuta edo, aulkiak bete beharrean atzekaldean jarri ziren asko. Adin guztietako jendea inguratu zen saiora, eta nabarmena zen haurren presentzia ere, korrikaldi bat baino gehiago sumatzen baitzen inguruetan. Kanpaiek iluntzeko 19ak iragarri zituztenetik minutu gutxi pasa zirela igo ziren oholtzara Jon Maia, Alaia Martin, Sustrai Colina eta Agin Rezola. Normalean bertsokide izaten duten Aitor Mendiluzek ofizioa aldatu zuen igandean, eta gai-jartzaile lanetan aritu zen.
Badu berezitasunik Irurako saioak. Saioa baino egun batzuk lehenago hainbat postontzi banatzen dituzte herrian, jendeak gaiak proposa ditzan. Aurten ere halaxe egin dute, eta saioan jarritako gai gehienak proposamen horietatik atera ziren.
Festa giroko saioa izanik umoreak tarte handia bete zuen. Berotzen hasteko ofiziotako lanari ekin zioten bertsolariek. Saioa hasi aurretik bazirudien euria zintzilik zegoela lainoetatik, eta horren harira jarri zien Aitorrek lehenengo gaia Agini eta Sustrairi. Euria ari duela eta saioa elizara mugitu dute, eta beraiek ere, bertsozale finak izanik, hara abiatu dira. Baina Sustrai sartzera doala atzera begiratu eta konturatu da Agin zalantzan dagoela. Elkarrizketan aritu ziren bi bertsolariak.
Jonek eta Alaiak ere lan polita osatu zuten. Aita-alabak dira biak. Alaia larunbatean atera eta igandean egunak argitu ondoren itzuli da etxera. Jonek ohera bidali du, "iluntzean hitz egingo dugu" esanda. Izan ere, berak sagardo-dastatzera joan behar baitu.
Festa giroko gaien ondotik aktualitate politikoari heldu zioten Sustraik eta Jonek: Kataluniari. Batek zalantzaz beteta begiratzen dio hango egoerari, besteak itxaropenez. Elkarri erantzunez aritu ziren biak, eta goi mailako ofizioa ondu zuten.
Alaiak ere saio ederra osatu zuen bakarka. Arrakastari kantatu zion oiartzuarrak ohikoa duen zazpi puntuko doinuan, eta gustura utzi zituen entzuleak.
Aginek eta Jonek berriz umoreari heldu zioten, eta, hortik aurrera, umoretik joan ziren bertsoaldi gehienak. Sagardo-dastatzera hurbildu eta esku bat botatzea erabaki dute biek, eta pintxoak prestatzen jarri dira. Baina, beste mahaietatik pintxo mordoa ateratzen diren bitartean, beraienek ez daukate hainbesteko arrakastarik. Algara ederrak eragin zituzten entzuleen artean.
Sustrairi eta Alaiari, itxuraz, ez zitzaien irri egiteko gaia egokitu, baina umoretik hartzea erabaki zuten biek. Bikotea izana ziren, baina banaketarako unea iritsi zen. Onean egin nahi zuten, baina gauzak ez dira beti hain errazak. Elkarri adarra joz osatu zuten bertsoaldia.
Ondoren Aginek bere maisutasuna erakutsi zuen puntu-erantzuten. Behin eta berriz entzuteko moduko erantzunak eman zizkien bere hiru bertsokideei. Bertsolari gehienentzat ariketa zaila izan arren saioko une gorena izango zen, beharbada, astigarragarrak bere bertsokideei erantzunez osatu zuena.
Jonek amesten duen gizarte eredu berria nolakoa izango litzatekeen azaldu zuen bakarka hamarreko handian. Alaiak eta Aginek, berriz, barran elkarri begira dauden bi gazteren paperetik kantatu zuten. Lotsak kentzeko garagardo bat, bi, hiru... edan dituzte. Azkenean zortzigarrena iritsi eta elkarrekin hizketan hasi dira. Erromantikotik gutxi izan zuen, ordea, bertsoaldiak, elkarri zirika aritu baitziren.
Sustraik atzekoei kantatu zien bertsolarien lanak bukatze aldera. Atzekoen ze ezaugarri ez duen jasaten azaldu behar izan zuen urruñarrak, eta atzekoek erantzun. Bide horri tiraka osatu zuten puntukako ariketa ere, azkeneko agurrekin saioa bukatu aurretik. Ordubete pasatxoko saioa osatu zuten azkenean, eta eguna ilunduta gustura etxeratu ziren plazara inguratutakoak.