Urriaren 27an 2012-10-04

Bertso-eskolen 30. urteurrena ospatuko dute Araban

"30 urte 11 ordu bertsotan" ekimena burutuko dute egun horretan. Goizeko 11etan hasi eta gauerdira bitartean, bertsoarekin lotutako hainbat ekitaldi izango dira: "bertso berdeen landaketa", "bertxorakeriketa" sariketa, "bertso-dantza", "bertso-batukada" edo "Bertso tavern" tartean. Bazkaritarako sarrerak lortzeko aurretik eman beharko da izena honako helbide honetan: araba.sustapena@bertsozale.com. Gaur egun 190 lagunek hartzen dute parte Arabako 11 herritan banatutako 29 taldeetan. Hezkuntza arautuan, berriz, 2 200 haur ari dira bertsolaritz lantzen.
 Aurten 30 urte bete dira Araban lehenengo bertso-eskolak sortu zirenetik. 1982an Gasteizen eta Araian hasi ziren lehenengo bertsozaleak biltzen. Garai hartan Abel Enbeita zen Arabako bertsolari bakarra, familia bizkaitar eta bertsozale bateko kide. Hala, Gasteiz eta Araban zehar bertsolaritza sustatzeari ekin zion, eta Gasteizko Txusta tabernan eta Aretako Tunel jatetxean hasi ziren, lehenengoz, astero-astero bertso-eskolan biltzen.

 30 urteotan lan handia egin dute bertso-eskolek Araban. Aurten, esaterako, 131 dira jada antolatutako bertso-saioak. Hezkuntza arautuan 2 200 haur ari dira bertsolaritza lantzen 41 ikastetxe ezberdinetan. Bertso-eskolak 11 herritara zabaldu dira, eta 29 taldetan 190 lagunek hartzen dute parte.

 Egindako lana jai-giroan omenduko dute urriaren 27an Gasteizen egingo den festan. "30 urte, hamaika ordu bertsotan" izena jarri diote ekimenari, eta egun osorako egitaraua prestatu dute. Goizean "Bertso berdeen landaketa" egingo dute egunari hasiera emateko. Bertso-eskolek beren sortak kantatuko dituzte, Gasteizek jaso duen "Green Capital" izendapenaren inguruan. Ondoren "Bertxorakeriketa" abiatuko da tabernaz taberna. Bertsolariek dueloak egingo dituzte binaka kalez kale, nork bere burua defendatuz.

 Gauean, berriz, "Bertso-Tavern" emanaldi berezia eskainiko dute Manex Agirrek eta Ander Solozabalek bertsoa eta musika irlandarra uztartuz. Honako hau izango da egitaraua:

 11etan: Bertso berdeen landaketa Amaia Zentroan
 12etan: Bertxorakeriketa Amaia Zentrotik Kutxi kalera
 14:30etan: Bazkaria Alde Zaharreko Landatxo kantxan
 16:30etan: Bertxorakeriketa finala Landatxo Kantxan
 18etan: Bertso-dantza plazan Landatxo kantxan
 19etan: Bertso-batukada Landatxotik Jimmy Jazzera
 20:30etan: Gala Jimmy Jazzen bertso-saio, bertso-sorta, bakarrizketa eta abarrekin
 22:30etan: Bertso Tavern Jimmy Jazzen

 Bazkaritarako eta "Bertxorakeriketa" ekimenerako aurretik eman beharko da izena honako helbide honetara idatzita: araba.sustapena@bertsozale.com. Bazkaritarako txartelak 10-15 eurotan jarriko dituzte salgai. Informazio gehiago nahi izanez gero egin klik hemen.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri