Bertso-jaialdia Iurretan 2012-10-09

Uda giroko azken bertsoak

Sanmigelak pasata amaitzeko bidean dira uda-giroko bertso-jaialdiak. Pasa den larunbatean Iurretan aritu ziren kantuan Andoni Egaña, Jon Maia, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga eta Miren Amuriza. Igor Elortza aritu zen gai-jartzaile lanetan.

Leporaino bete zen Iurretako pilotalekua pasa den larunbatean. Sanmigel jaietan urtero egin ohi dute bertso-saioa eta aurten ez dute ohitura hori alde batera utzi.

Txalo-zaparrada ozen eta luzearekin eman zioten ongietorria bertsozaleek bertsolariei, giroa ondo berotuz. Oholtza gainean ziren kantuan Andoni Egaña, Jon Maia, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga eta Miren Amuriza. Gai-jartzaile lanak berriz, gehienetan bertsotan aritu ohi den Igor Elortzak egin zituen.

Durangaldean bertsoak etorkizuna baduela ondo frogatua geratu zen larunbatean. Saioaren hasieran, Durangaldeko bertso-eskolako sei gaztetxo igo ziren oholtzara bertso bana abestera. Iurretako leku, pertsonaia edo ohituraren baten pistak eman zituzten bertsotan, ondoren bertsolariek asmatu zezaten zeri buruz ari ziren kantuan.

Umorez hasi zuten saioa baina izan ziren bestelako kontuak ere. Miren Amurizak Etiopiako errealitatea ezagututa eta Amets Arzallusek Boliviakoa, egun bizi dugun krisiari buruz jarri zituen kantuan Igorrek.

Hauteskunde-kanpainak ere izan zuen bere tartea. Maialen Lujanbiok Mintegi, Urkullu, Lopez eta Basagoitiren ahotik erantzun zien Andoni Egañak egindako galderei.

"Jarrera serioa da euskalduna. Denboran iraun dezaten eginiko obrak dira euskaldunarenak; lekuko izateko eginikoak", Nestor Basterretxeak esandako esaldi honi abestu zion Jon Maiak.

Baina dena ez zen gaurkotasuna eta hausnarketa izan. Saioa hasi zen bezala amaitu zen, umorez. Iurretako jaietan mozorro-eguna zen larunbata, eta mozorrotzeko gai nagusia Zoologikoa. Jaietako ordu txikitan berezkoa izan ohi da zoologikoa eta Igor Elortzak Andoni Egañari galdetu zion ea atzeko bakoitza zein animalitan bilakatzen zen gaueko parrandan.

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri